Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Uxue Rey Gorraiz

Bueltan da Iruñerriko Mintzakide egitasmoa. Bueltan da euskara praktikatzeko, euskara gozatzeko eta, azken batean, euskara bizitzeko aukerak zabaltzea helburu duen programa. Berriz ere, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak bilduko ditu egitasmoak, astean behin, eta ordubeteko hitzorduetan. Pandemia dela eta, bi eredu eskainiko dituzte aurten: aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa. Antolatzaileen esanetan, edozein aukera hautatuta ere, euskararen ibilbidean urratsak egitea da inportanteena.

1993an lotu zitzaion bideari Mintzakide. Bagera Donostiako euskara elkarteak sortu zuen proiektua. Urteek aurrera egin ahala, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, zehazki, hamabosgarren aldia izanen du Iruñerrian. Iragan den urtean —hau da, hamalaugarrenean—, mila lagun inguruk hartu zuten parte.

Euskaraz “eroso eta gustura” aritzeko inguruak sortzeko abiarazi zuten Mintzakide. Haren sustatzaileak ohartu ziren euskal hiztunek bazutela horren premia, eta iruditu zitzaien ez zegoela hori asetzeko tresna egokirik; “hutsune bat” zegoen, alegia. Hala azaldu du Edurne Arrizibita Mintzakide egitasmoko langileak: “Oraindik ere, askok izaten dute ezintasuna beren egunerokoan euskara praktikatzeko”. Dioenez, premia hori bereziki nabarmena izaten da euskara hezkuntza formalean ikasten dutenenetzat, baina argitu du “euskaldun osoentzat ere” biziki mesedegarria dela egitasmoa. Askotan, haren iritziz, euskarak apenas izaten baitu tarterik aisialdian.

Lasaiago, ausartago

Parte hartzaileek beren beldurrak uxatzea eta lotsak alboratzea erdietsi nahi du Mintzakidek, Arrizibitaren esanetan. “Hanka sartzeko beldurra izaten dute askok, eta, horregatik, batzuk ez dira ausartzen jendearen aurrean euskaraz aritzen. Horri kontra egin nahi diogu. Azken batean, hau ez da eskola bat, lasai aritzeko aukera bat baizik”.

Mintzakide programako saioetan ez dago ikaslerik eta irakaslerik, ez eta testuliburu eta arbela aurrean aritu beharrik ere. Izatez, taldeak berak erabakitzen du zertan aritu asteroko hitzorduetan, lehentasunen eta zaletasunen arabera. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra.

Aurten, pandemiak behartuta, taldeak txikiagoak izanen dira: bospasei lagunekoak. Betiere, arduradunek bermatu eginen dute talde guztietan egon daitezela bidelariak eta bidelagunak: euskara praktikatu eta gehiago erabili nahi duten pertsonak eta egunerokoan euskaraz aritzeko ohitura dutenak. Bi profilak batzea da haien asmoa, elkarrekin aritzeko.

Bidelaria da Ruben Gutierrez Lakuntza, orain dela hiruzpalau urtetik. Euskaltegian ikasi zuen euskara, baina gerora ohartu zen “ezinbestekoa” zitzaiola euskaraz gehiago aritzea, hizkuntzan gehiago murgiltzea. Kontatu du programak “are erakargarriago” egiten duela hizkuntzan sakontzeko prozesua, eta gaineratu du Mintzakideren funtzionatzeko erak jende anitzi laguntzen diola euskaraz “ausartago” aritzen. Batik bat, argitu du bidelaguna ez dela ikusten irakasle modura, eta zuzentzailea baino gehiago “laguntzen duen pertsona” dela, izenak adierazi gisan.

Udako etenaldiaren ondotik, zabalik da egitasmoan izen emateko epea. Internet bidez egin daiteke, Irunerrikomintzakide.eus atarian, baita webgunean adierazitako hainbat leku fisikotan ere. Aurten, arduradunek gazteak eta bidelagun gisa aritu daitezkeen pertsonak animatu nahi dituzte bereziki, profil horien beharra izaten baita nabariena azkenaldian.

Irudia: Mintzakide.