Atea ireki, eta danbatekoz itxi

Atea ireki, eta danbatekoz itxi

Edurne Elizondo

Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak erran zituen, hilaren 14an, Lucia Etxegoienek aspalditik entzun nahi zituen hitzak. “Ez dugu urrats gehiago eginen haiekin [Espainiako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa] kontrastatu arte erabat segurua dela bide berean segitzea”, erran zuen, hitzez hitz, Riberak, Esako urtegia handitzeko lanei buruz, Espainiako Kongresuan. Zangozako alkate Etxegoienek eta bertze anitzek ulertu zuen ministroa iragartzen ari zela obrak geldituko zituztela, “gutxienez, segurtasuna bermatu bitartean”. Baina Riberak berak ukatu zuen aukera hori, auziari buruzko adierazpenak egin eta berehala. Atea ireki, eta danbatekoz itxi zuen ministroak, berriz ere.

Etxegoienek garbi erran du “etsipena”eragin diola gertatu denak; Esako urtegiko presatik behera bizi diren herritar anitzen artean ere sentsazio hori izan da nagusi. Presatik gora, Artiedan (Espainia), Rio Aragon elkarteko kideak 1980ko hamarkadatik ari dira Esako urtegia handitzeko asmoen aurka borrokan, eta Ribera ministroak atzera egin izanak eragindako “dezepzioaz” harago, nabarmendu dute “hagitz garrantzitsua” dela Esako urtegiaren segurtasunari buruzko zalantzak “onartu” izana Espainiako Kongresuan.

Rio Aragon elkarteak garbi erran du urtegiko arazoa segurtasuna dela. “Esan onartu beharra dago ezinezkoa dela segurtasun faktorea hobetzea; 2013ko lur mugimenduak jarri gaitu atzera-bueltarik gabeko bide batean”. Esako Lasaitasuna eta El Mirador urbanizazioak hustu behar izan zituzten 2013ko otsailean eskuin magalean gertatu zen lur mugimendu horren ondorioz; eta, urte bereko udan, urbanizazio horietako etxebizitza guztiak desjabetu zituzten.

Azken txostenak

Esako urtegiko segurtasunari buruzko kezkak gora egin zuen, 2013ko gertaeren ondotik, eta zenbait adituk egindako txostenek erakutsi dute kezka horrek oinarria bazuela. Ingeotyc etxeak Zangozako Udalak eskatuta egindakoa da azkenetako bat; ekainean aurkeztu zuten. Uraren Kultura Berria fundazioaren babespean egindakoa etorri da gero, irailean: Antonio Casas eta Antonio Aretxabala geologoek sinatu dute.

Azken txosten horren laburpenak esaldi adierazgarri bat jaso du: “Esako urtegiko eskuineko magala ez da egonkorra; mugitzen ari da, eta 2013tik, inoiz ez da egonkorra izan”. Gehiago erran du Antonio Casasek: egoerak “okerrera” egin zuela. Horregatik, “etsita” azaldu du Esako urtegian aurrera jarraitzen dutela lanek. Duela astebete izan zen Zaragozako Unibertsitateko (Espainia) irakaslea herri horretan, eta zundaketak egiten ari zirela ikusi zuen, bertzeak bertze. “Espainiako Gobernuak hiru minutuz baino ez du jokatu zentzuz”, erran du geologoak, Riberaren hasierako hitzak oroituz.

Casasi gero eta “zailagoa”zaio Espainiako Gobernuko agintarien jarrera ulertzea: “Teresa Ribera ministroak onartu du segurtasunaren inguruko zalantzak badirela, eta, hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzen du. Lanean segitzen dute, baina eskuineko magalaren egoerak ez du hobera egin, ordea. Alderantziz: jarraitzen du mugitzen”.

Kontuan hartu beharreko gako nagusietako bat da Rio Aragon elkarteko kideek Riberaren adierazpenen ildotik erdigunean jarri nahi izan duten segurtasun faktorearen auzia. Horixe nabarmendu du Zaragozako Unibertsitateko geologoak, eta salatu nahi izan du, gainera, segurtasun faktorearen inguruko informazioa “modu nahasgarri batean” erabili dela. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eskatutako txostenaren arabera, Esako urtegiko eskuineko magala “oreka zorrotzean” da. “Orekan dela erranda, arazorik ez dela uler dezakete herritarrek; baina oreka zorrotzean egoteak erran nahi du abiadura iraunkor batean mugitzen ari dela; hori arriskutsua da”, berretsi du Casasek.

Esako urtegiko segurtasun faktorea, zenbakitan, 1a da. Horrek erran nahi du presari eusten dioten indarrak eta haren kontra bultza egiten dutenak baliokideak direla. Denbora, gainera, bere kontra du oreka horrek, Casasek nabarmendu duenez: “Magalak mugitzen jarraitzen du, eta, ondorioz, hasieran zimurtsua zen azalera gero eta leunago bilakatzen da; are errazago mugituko da, alegia”. Haren esanetan, “larriena da Ebroko Ur Konfederazioak erabateko ezjakintasuna erakutsi duela eskuin hegalaren funtzionamenduari buruz; eta berdin zaiela ematen du!”.

Datuen atzeko egoera azaltzeko etxe baten eraikuntzarekin alderatu du Esan gertatzen ari dena: “2,5eko segurtasun faktore bat jotzen da egokitzat etxe baten eraikuntzan. Imajinatu erraten dizutela segurtasun faktoreaz ahazteko; erraten dizutela etxean egon edo ez erabakitzeko habea konkortzeko abiadurari eginen diotela so. Inoiz ez genuke horrelakorik onartuko”. Geologoaren ustez, habea hasieratik konkortua duen etxe bat da urtegi hura.

Iraileko txostenean jasotako esaldia ekarri du gogora: eskuineko hegala ez dela egonkortu, 2013tik. “Urtean bi milimetro mugitzen dela erraten dute obrako arduradunek; mantso mugitzen dela, alegia. Baina gakoa da hegala ez dela egonkortu, eta egoerak okerrera eginen duela. Ez dakigu noiz, baina Esakoaren gisako urtegiak bostehun urtez ustiatzeko eraikitzen dira, eta, ondorioz, epe luzera ere bermatu behar dute segurtasuna. 2013tik, atzera-bueltarik ez duen bide batean gara”.

Esako urtegia handitzeko obrak. Irudian, zundaketa lanak.

Ezker eta eskuin

Esako urtegia handitzeko proiektua soka luzeko auzi bat da, urtegiko ingeniari Rene Petitek berak ohartarazi baitzuen arriskuaz, asmoa mahai gainean jarri zutenean: “Beldur handia emanen lidake handitzeak”, erran zuen, 1983an, Navarra Hoy egunkarian jasotako elkarrizketa batean.

Esako urtegiko bi hegaletan izan dira arazoak, lanak hasi zituztenetik; nabarmentzekoa da 2006. urtean ezkerreko magalean izan zen lur mugimendu handia, 2013an eskuinekoan gertatu zenarekin batera. Casasek salatu du, hain zuzen, 2013tik eskuin hegalarekin arduratu direla obrako arduradunak, baina ez diotela ezkerrekoari so egin. “Magal hori ere mugitu da”. Ebroko Ur Konfederazioak 2006ko mugimendua gertatu eta urtebetera onartu zuen ezkerreko magaleko luizia gertatu zela, hainbat hedabidek horren berri eman eta gero.

Esako magaletan gertatu diren mugimendu horiek erabat baldintzatu dituzte Esako urtegia handitzeko lanak: batetik, aurrekontuak gora eta gora egin du, eskuineko magalean segurtasuna bermatzeko asmoz hartutako neurrien ondorioz; eta, bertzetik, neurri horiek indarrean jartzeko egindako lanek ez dute helburua bete. “Hegalak mugitzen jarraitzen du”, berretsi du Casasek.

Ebroko Ur Konfederazioko arduradunek ere onartu behar izan dute magala mugitzen dela, baina horrek ez du ekarri urtegia handitzeko lanak bazter uztea: segurtasuna bermatzeko asmoz egindako obrak aipatu dituzte beti aurrera jarraitzeko berme gisa. Teresa Ribera Espainiako Kongresuan segurtasunaren auziaz aritu eta gero ere, orain arteko jarrerari eutsi dio Ebroko Ur Konfederazioak: “Segurtasunaz errateko duguna da Teresa Ribera ministroak aipatutakoa; gure egiten ditugu haren hitzak”, erran dute erakunde horretako komunikazio bulegotik.

Casasen eta Aretxabalaren ikerketak erdigunean jarritako datuei buruz galdetuta ere, Ribera ministroak hilaren 14an Kongresuan azaldutakoa gogoratu dute Ebroko Ur Konfederazioko kideek: Espainiako Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa egiten ari den txostenaren zain dira.

Adituen esanetara

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioko komunikazio arlotik ere horixe berretsi dute: ingeniarien txostenaren emaitzen zain direla, eta txosten horretan adituek errandakoaren arabera jokatuko dutela Esan, “segurtasuna” lehentasun hartuta.

Madrilgo gobernuak 2018an eskatu zuen ingeniarien elkargoaren txostena. Aurretik ere, Espainiako Geologoen Elkargora jo izan dute obrako arduradunek, eta bide horrek emandakoa ez du ontzat jo Antonio Casasek. Horregatik, zuhur izan nahi du ingeniarien ikerketak ekar dezakeenari buruz. “Geologoen elkargoak Luis Gonzalez de Vallejori eskatu zion txostena egin zezala; orain arte egindako txarrena izan da, obra justifikatzea hartu baitzuen helburu. Nabarmentzekoa da txosten horrek ez zuela jaso elkargoko kideen babesa; hau da, elkargoko kideok ez genuen bozketarik egin txostena eta ardura gure egiteko”, azaldu du.

Zangozan ere zain dira. Baina ez dira lasai. “Ez gara lasai egonen lanak gelditu arte; hori da nahi duguna”, erran du Lucia Etxegoien alkateak. Txostenen eta politikarien adierazpenen gainetik, Esako lurra erraten ari denari so egiteko eskatu du: “Lurra mugitzen ari da Esan; ezin dugu bertze alde batera begiratu. Geldi ditzatela lanak, behingoz”.

 

Esa handitzeko lanen kronologia:

1930. Luizia gertatu zen Esako urtegian, hondeatzen ari ziren hormako eskuin hegalean.

1960. Urtegia hustu eta berriro bete zuten, eta berriz ere mugitu zen eskuineko hegala. Errepidea lekuz mugitu behar izan zuten.

1983. Urtegia handitzeko asmoak baziren. Kezkatua zen Rene Petit Esako ingeniaria: “Beldur handia emango lidake handitzeak”.

1999. Ingurumen eraginaren baimena lortu zuten Esa handitzeko.

2001. Urtegia handitzeko lanen lehen harria jarri zuten.

2003. Obren eraginez, pitzadura handiak azaldu ziren.

2004. Eskuin hegala mugitzen hasi zen berriro.

2006. 3,5 milioi metro kubo lur mugitu ziren ezkerreko magalean.

2008. Ezkerreko hegaleko pendoitz bat hautsi zen eurite batean .

2012. Ugaritzen hasi ziren arazoak Esako urtegian: ezker hegalean mugimenduak hasi ziren apirilean, eta ekainean, eskuin hegalean.

2013. Eskuin hegaleko mugimenduak handitu egin ziren, eta 60 etxe hutsarazi zituzten, arriskuagatik. Desjabetu behar izan zituzten.

2014. Ebroko Ur Konfederazioak segurutzat jo zuen eskuineko magala. Presa berria eraikitzen hasi ziren.

2015. Urtegia “arriskutsua” dela erran zuten hainbat adituk, “handitu gabe ere”.

2018. Nafarroako Gobernuak txosten berri bat eskatu zuen, segurtasunari buruz. Geoconsult etxeak egin, eta 2019an aurkeztu zuen. Neurriak eskatu zituen.

 

433: ESAKO LANEN AURREKONTUA, MILIOI EUROTAN

Esako urtegia handitzeko aurrekontua 433 milioi eurokoa da, 2018ko datuen arabera. Hasieran, 113koa zen.