Ane Eslava
Iruindarrak, gazteak eta sortzaileak dira. Batzuek hitza dute adierazpide, eta besteek, irudia. Baina eskua, hatza, dute guztiek lanabes, eta atzamarka egin nahi dute, aztarna uzteko; euskaraz. Oinarri horietatik abiatuta, sormen kolektiboko talde bat eratu dute Sarai Robles, Olatz Azpirotz, Iñigo Satrustegi eta Maite Idoate idazleek, eta Mikel Barberia, Julen Azketa eta Itziar Lopez ilustratzaileek: Hatzamarka. Bizpahiru urte daramatzate elkarrekin lanean, eta iragan larunbatean aurkeztu zuten elkarlanaren lehen emaitza: I liburua.
Gaztetasunak berekin dakarren ezegonkortasuna izan da taldean batzeko bultzadetako bat. Izan ere, ikasketak amaitu berriak ziren gehienak, eta, ordura arte izandako “erosotasuna” hausten hastearekin batera, proiektu berriak sortzeko grina indartu zitzaien. Horretarako aukera gutxi zituzten eskura, ordea. “Gutako bakoitza bere kabuz sortzen ari zen, baina sortzen genuena erakusteko aukerak oso murritzak ziren: gehienetan lehiaketetara jo behar genuen, edo liburu batean beste egile askoren artean galduta gelditu”, azaldu du Sarai Robles idazleak. Ezegonkortasun horren aurka, kolektiboan aurkitu zituzten babesa eta lasaitasuna. “Babesa, liburu baten moduko proiektu batean hasteak ekonomikoki eta logistikoki dakarrenarengatik; eta lasaitasuna, lanak plazaratzerakoan ez goazelako bakarrik, dena denona delako”.
Olatz Azpirotz idazleak ere azpimarratu du proiektuaren izaera kolektiboa izan dela bere lanak plazaratzeko behar zuen bultzada: “Taldeko idazleok intimitatera edo blogetara mugatzen genituen gure testuak, edo, asko jota, lehiaketetara, eta hau modu osasungarriago bat izan da horiek jendaurrera eramateko”.
Euskara ere izan da pizgarri garrantzitsua. Iruñerriaren gisako eremu batean euskaraz sortzea “zailtasun” gisa hartzen dute, baina baita “indargune” moduan ere. Haientzat hautu kontzientea izan da, politikoa, Roblesen hitzetan: “Iruñerrian euskaraz sortzen dugunok gutxi gara, baina, gure kasuan, euskaldun izateak eragin du modu naturalean batzea, zerbait dugulako komunean; hautu politiko bat izan da taldea euskalduna izatea”.
Taldeari jarritako izenarekin haren oinarria eta helburua irudikatu nahi izan dituztela azaldu du idazleak: “Eskuak esanahi handia du gure lanean: denok ditugu eskuak lanabes. Hortik abiatuta, bi ideia batu ditugu: hatzarekin marka uztearena eta atzamarka egitearena. Aztarna uztearen metafora ere gustuko dugu”. Kolektiboaren lehen proiektua I izeneko liburua izan da. Berrogeina olerkirekin eta ilustraziorekin osatu dute, eta bost kapitulutan banatu. Zazpi kidek osatzen dute taldea, baina lanean Mikel Tristanen ilustrazioak ere badira, hastapenetan parte hartu zuelako.
Koherentziaren bila
Liburua prestatzerakoan erronka nagusia izan da hitzaren eta irudiaren artean “koherentzia” lortzea, nork bere estiloa alde batera utzi gabe. Prozesuan, liburuaren forma egokituz joan dira horretarako. “Liburua antolatzeko buruhausteak izan genituen, baina, azkenean, idazleok idatzia genuena aukeratu genuen, eta ilustratzaileei eman genien. Haiek testuetatik abiatuta sortu zituzten irudiak, estilo ezberdinekin, baina antzeko koloreak erabilita”, esan du Roblesek.
Mikel Barberia ilustratzaileak nabarmendu du harentzat liburua osatzea “sortze prozesu bat” izan dela bere horretan, eta taldean gauzatzeak aberasgarriago bihurtu duela: “Bakoitzak bere eremutik gehitu du zerbait”. “Ariketa” moduan hartu du lana, idazleek proposatutako testuak interpretatzeaz gain, harago joatea eskatzen zuelako: “Beste pertsonaren testuingurua ulertzea, eta zeure testuingurutik zerbait gehitzea”. Hala, “hainbeste baloratzen den diziplinartekotasuna modu naturalean” gauzatu dutela uste du: “Bi aldeen artean gorputz bakarra sortu dugu”.
Azpirotzek, berriz, aitortu du bere testuak marrazkien ondoan ikusteak beldurra ematen ziola hasieran, “poesia interpretatzea oso askea delako”. Bidean iritzia aldatu du, ordea: “Ikusi dut hor dagoela testuaren aberastasuna; testuak beste alderdi artistiko batera eraman daitezkeela, eta beste arte produktu bat sortu”.
Olerki bakoitzak ilustrazio bat du aldamenean, baina ez dago zehaztuta norena den horietako bakoitza: dena guztiena da. Kolektiboari ematen dioten garrantzia erakutsi nahi izan dute hala; liburuan gorpuztu atzean dagoen taldea. Lana hamasei eskuk osatu dutela nabaria den arren, “hari batek” pieza guztiak lotzen dituela uste dute. Sormen bidea “gorabeheratsua” izan dela aitortu dute hiru kideek, baina oso pozik daude emaitzarekin. Lana aurrera ateratzeko, Iruñeko Udalak sormen proiektuak sustatzeko ematen duen beka eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren Arte Gaztearen Topaketen laguntza jaso dituzte.
Larunbatean aurkeztu zuten liburua, Uharteko zentroan. Ekitaldian, taldearen oinarria irudikatu zuten: idazleek olerkietako batzuk errezitatzen zituzten bitartean, ilustratzaileak marrazten aritu ziren. Orain arteko ibilbidean baieztatu dutena hezurmamitu zuten horrela: hitzak irudi izan daitezkeela, eta irudiak hitz.