Geletan sartzeko artxibo bat

Geletan sartzeko artxibo bat

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak ‘Tresnaka’ izeneko proiektua jarri du martxan. Artisten sormen prozesuak eskola eta institutuetan ezagutzeko aukera eman nahi du.

Edurne Elizondo

Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak martxan jarri berri duen tresnak ederki islatzen du zein den erakunde horretako oraingo zuzendaritza taldearen asmo nagusia: artisten lanak eta haien sormen prozesuak ikertzea, zabaltzea, partekatzea; eztabaida eta gogoeta piztea; artea gizarteratzea. Tresnaka izenburuko proiektuak hori guztia egin nahi du, hezkuntzaren esparruan.

“Artea eraldaketarako tresna bat da”. Romina Casile artistarenak dira hitzak. Hura da Tresnaka.net web orrian parte hartzen dutenetako bat. Arte garaikidearen inguruko ezagutza eta ikerketa bultzatzeko asmoaz gain, “biziki garrantzitsua” dela iruditzen zaion bertze bat jarri nahi izan du erdigunean Casilek: “Esperientziak sortzea”.

Esperientzia horien bitartez, Tresnakaren bultzatzaileek artisten lanak eta lan egiteko moduak geletaraino eramatea lortu nahi dute: “Zubi lana egin nahi dugu arte garaikidearen eta alor pedagogikoaren artean”, zehaztu du Casilek.

“Artisten artxibo bat da Tresnaka, oinarrian; artxibo bizi bat”, erantsi du Nerea de Diegok. Artista hori da Uharteko zentroko zuzendaritza taldeko kideetako bat, eta hasieratik aritu da Tresnaka garatzeko prozesuan. Izan ere, egitasmo hori zen zuzendaritzaren ardura hartzeko asmoz aurkeztutako proiektuaren zati nagusietako bat. “Hasieratik aritu gara lanean, poliki-poliki, eta urratsez urrats”, erran du.

Beatriz Sanchezen 2018ko ‘Betadine Su Bata’ izenburuko obra. Tresnaka.

Oraingoz, hamabost

Oraingoz, hamabost artista ari dira proiektuan parte hartzen, baina asmoa zerrenda osatzen joatea da, eta zentroan lan egin eta eginen duten sortzaile guztien berri jasotzea. Euskaraz eta gaztelaniaz dago, eta bi atal nagusi ditu. Batetik, artisten fitxa bana egin dute. Egile bakoitzak bideoz jaso ditu atal horretan bere lanaren asmo nagusiak; artisten obren argazkiekin batera, zenbait adituk haien inguruan idatzitakoa ere ageri da webgunean. Artisten lanak, gainera, gaika ere aurkitu daitezke. Bertzetik, artisten eta haien lanen inguruko proposamen didaktikoak bildu dituzte Uharteko zentroko arduradunek Tresnaka egitasmoan. “Hezkuntza artistikoaren esparruko adituekin batera aritu gara proposamen horiek osatzen”, azaldu du zentroko arduradun Betisa Ojangurenek.

Zentroko arduradunek eta hezkuntza artistikoko adituek prestatutako proposamenekin batera, Tresnakak artista batzuek beren obren inguruan egindakoak ere jaso ditu. “Nahi zuenari aukera hori eman nahi izan diogu”, azaldu du Ojangurenek. Erantsi du Nafarroako Gobernuarekin batera prestakuntza ikastaro bat eginen dutela, irakasleak laguntzeko Tresnaka proiektua ezagutzen eta prozesuak jorratzen.

Fermin Diez de Ulzurrun artista da proposamen didaktiko propioa egin dutenetako bat. Hasieratik aritu da proiektuan lanean, eta “pozgarritzat” jo du arte garaikidearen eta hezkuntza sistemaren arteko benetako zubiak eraikitzeko ahalegina egin izana: “Ez da nahikoa ikasleek arte zentroetara bisitak egitea; beharrezkoa da artisten lanak gizartean eragitea, eta horretarako artea eta eskolak benetan lotuko dituzten tresnak behar dira”. Helburu hori dauka Tresnakak.

Fermin Jimenez Landaren ‘El profeta de Muotatha’l obrako irudi bat. Tresnaka.

PROPOSAMEN DIDAKTIKOAK

Proiektuan parte hartu duten artisten inguruko proposamen didaktikoak jaso ditu Tresnakak. Maddi Barber artistari buruzko Leku amankomunak izenekoa da adibide bat: Lehen Hezkuntzarako eta DBHko lehen ziklorako da, eta helburu du Barberren obra eta lan prozesuak lantzea. Ondokoa laburpen bat da.

Aurkezpena. Maddi Barberri egindako elkarrizketa bat ikusi, eta hainbat galdera egin, egilearen asmoen inguruan. Ikasleek maite duten toki baten argazkia behar dute.

Esperimentazioa / Sorkuntza / Ikerketa. Ikasleek banaka lortutako irudiak taldeka landu, helburu duten lurralde amankomuna sortzeko. Ikus-entzunezko bat osatzea da lanetako bat.

Ondorioak eta lerro irekiak. Lan egiteko prozesuaz eta emaitzaz eztabaida piztea, eta partekatzea. Hausnarketa zabaltzea ikasleen artean.