Edurne Elizondo
Hitzaldi sorta hau antolatu dugu beharra dugulako gure aurkako erasoei aurre egiteko”. Transkolore Nafarroako Transen Elkarteko Kai Etxanizek erran ditu hitzok, Urri Trans zikloari buruz. Mugimendu feministako hainbat arlotatik trans pertsonen aurka zabaldutako mezuez ari da, erasoez ari denean: “Gutxiengoa dira, baina zarata handia egiten dute, eta, haien kritiken atzean, gorrotozko diskurtso bat bertzerik ez dago”, salatu du Etxanizek.
Gorrotozko diskurtso hori indargabetzeko egin dute Urri Trans, hain zuzen ere. Rocio Medinak, Rosa Maria Garciak eta Aitzole Aranetak parte hartu dute Transkolorek eta Harrotuk elkarrekin antolatutako hitzaldietako batean, eta aukera baliatu dute, batez ere, bi auzi nabarmentzeko: batetik, “feminismo inklusibo” baten alde egiteko beharra; hau da, jazarpen ardatz guztiak kontuan hartuko dituen mugimendu bat eraikitzeko beharra, eta bertzetik, gaur egungo sistemaren binarismoa eta sexu-generoaren eredua gainditzekoa. “Garenak zerikusi txikia du hankartean dugunarekin”, erran du, bigarren auzi horren ildotik, Aranetak, bere iritzia garbi utzi nahian.
Bizitzak eta teoriak
Aitzole Araneta sexologo eta ekintzaile transfeminista emakume trans bat da; Rosa Maria Garcia ere bai, eta biek giza eskubideak jarri dituzte erdigunean, giza eskubideak jartzen direlako zalantzan transen eskubideak zalantzan jartzen direnean. Emakume transak emakume direla ere ukatzen duten feministak badira, eta queer teoria erabiltzen dute horretarako; feminista horien arabera, transak “mehatxu bat” dira feminismoarentzat, queer teoriak emakumea subjektu politiko gisa “desitxuratzen” duela argudiatuz.
“Queer hitzaren esanahiaz jabetzen dira, inolako testuingururik gabe”, erantzun dio Rosa Maria Garciak feminista batzuen diskurtso horri. Eta gehiago erran du: “Gakoa trans pertsonak gara; batez ere, trans emakumeak. Transen bizitza eta queer teoriak nahasteak eta parekatzeak agerian uzten du hori egiten dutenen gorrotozko diskurtsoa; transen aurkako gorrotozko diskurtso bat da, feminismoz mozorrotua”.
Emakume trans ez-binarioa da Garcia, itzultzaile eta ikerlari marxista, eta Rebelion Feminista kolektiboko kidea. “Transen eskubideak ere badira mugimendu feministaren aldarrikapena; eta, tarteka, queer teoriena ere bai. Genero autodeterminazioa ez da bakarrik norberaren garapen askerako eskubidea; gorputzaren autodeterminaziorako aldarrikapena kontu feminista bat da, argi eta garbi”.
Ikuspegi “eurozentrikoa”
“Akademiak” erabiltzen ditu queer teoriak transen aurka egiteko; hori nabarmendu du Garciak, eta ildo horri eutsi dio Rocio Medinak ere. Filosofia irakaslea da Medina, baita Antigona kolektiboko kidea ere. “Akademiatik, gure eginbeharra erasorik bortitzena pairatuko duten horiek laguntzea da. Akademiako kideok ahotsaren pribilegioa dugu, eta bada ordua alde batera uzteko”. Gehiago zehaztu du: “Feminismoak ihes egin behar dio emakumea genitalekin lotzen duen fikzioari; hori ikuspegi eurozentriko bat da”. Emakume transen aurkako erasoen atzean hori dago, haren ustez: “Emakume txuri, europar eta erdiko klasekoen ikuspuntutik” eraikitako feminismo bat. “Hori da intersekzionalitatea ukatzen duen feminismoa; bertze feminismoen ekarpenei uko egiten diena”.
“Etikaren esparrutik aztertu behar dugu zer-nolako mugimendua nahi dugun”, erran du Medinak. Antigona kolektiboko kideak egin du bere apustua: “Feminismo intersekzionala”. Nabarmendu du, gainera, Espainiako Estatuko mugimendu feministak “lehen ere” egin zuela apustu hori, eta “barnebildu” zituela “ijitoen, zapia erabiltzen duten musulmanen eta sexu langileen” aldarriak. “Hegoaldeko feminismoei egin behar diegu so, eta aliantzak sortu; ezin dugu ukatu erresistentzia talde horien agentzia; ezin izanen ditugu arazoak konpondu, emakumea subjektu trinkotzat hartuta”.
Argazkia: Lugatibe kolektiboaren protesta bat, transen eskubideen alde, Iruñeko Udaletxe plazan, 2015ean. Iñigo Uriz / Foku