Marokotik Ceutara (Espainia) iritsitako migratzaileei laguntzera joandako brigadistetako bat da Samira Calvo (Iruñea, 2003). Igandean, haien aurka oldartu ziren eskuin muturreko hainbat manifestari, eta beste auto bati eraso egin zioten, uste baitzuten Negu Gorriak-eko kideak han zihoazela. Erasoaren ostean, laguntza «beste bide batzuetatik» helarazten ari direla azaldu du Calvok.
Igandean iritsi zineten Ceutara, eta zuen aurka oldartu ziren. Zuk nola bizi izan zenuen?
Igandeko gertakarien harira esan dezakedana zera da, agertoki hori aurretik kozinatuta zegoela. Gure izenak, matrikularen zenbakia eta bestelako datu pertsonalak filtratu zituzten, eta mehatxu oso agerikoak agertu ziren gure aurka sare sozialetan eta sektore faxisten Whatsapp taldeetan. Hori guztia martxan zegoen larunbatetik, edo ostiral arratsaldean agerraldi publikoa egin genuenetik. Guk larritasun handiz bizi izan genuen oldarraldia, tentsio handiko uneak izan baitziren.
Portura iritsi eta jende asko ikusiko zenuten zuen zain. Nola izan zen une hori?
Erasoa sufritu zuten ekintzaileei eta eurodiputatuari elkartasuna adierazteaz eta gertatutako guztia salatzeaz harago, ez dugu adierazpen gehiago egin nahi. Jasan dugun jazarpen pertsonalei eta mehatxuei dagokienez, horrek guztiak bere bidea eginen du. Gaur bertan, Negu Gorriak elkarteko beste kide baten izena agertu da zenbait hedabide faxistetan, nahiz eta pertsona horrek ez zuen jendaurrean agertu nahi. Gure abokatuekin ari gara dena kudeatzen. Behin dena amaituta, ikusiko dugu ze bide hartuko dugun mehatxuen aurka.
Halako zerbait gerta zitekeela pentsatzen zenuten?
Ez genuen espero halako polemikarik ezta jazarpenik ere, baina ez dugu harridura plantarik eginen. Badakigu faxisten diskurtsoa oso errotua dagoela gure gizarteko sektore askotan. Badakigu ere zer ekar dezakeen pertsona migranteen alde agertzeak eta [Espainiako] Estatuak inposatzen dizkigun legeen eta mugen esparruaren aurka agertzeak. Finean, estatuak bere indar polizialak erabiltzen ditu segurtasunaren aitzakipean, eta bagenekien, gatazkaren errora joz gero, horrek erantzun errepresibo bat izanen zuela. Ez genuen espero hain azkarra, hain agerikoa eta hain bat-batekoa izanen zenik, edo halako filtrazioak izanen zirenik.
Nola uste duzue filtratu zirela zuen datuak?
Uste dugu matrikularen zenbakia, adibidez, portuko langileren batek filtratu zuela, [sare sozialetan] zabaldutako argazkia gure ontziratze-fitxaren argazkia baitzen. Ez dakigu zehazki informazio hori nola hedatu zen, baina uste izatekoa da talde faxistek mekanismo eta sare asko dituztela aktibatuta.
Espainian, Negu Gorriak musika taldearekin nahasi zaituztete…
Nahasi gaituzte, bai. Horregatik adierazi diogu elkartasuna Fermin Muguruzari ere, izenaren harira sortutako gaizki-ulertuak direla eta. Hedabide faxistek aprobetxatu egin dute egoera, bioi eraso egiteko. Gure kolektiboa duela bi urte azaldu zen jendaurrean Negu Gorriak izenarekin, hain zuzen, etxegabeei neguko hilabeteetan laguntzeko kanpaina bat zelako. Izena, berez, Bertolt Brechten poema batetik ekarri genuen, oso ongi deskribatzen zuelako gure eginkizuna. Gurea Iruñean errotutako elkartasun proiektu bat da, eta gure lanaren ardatz nagusia da kale gorrian bizi diren gazte magrebtarrei harrera egitea.
Orain, egiteko hori eraman nahi izan duzue Ceutara. Zergatik?
Bai, brigadaren helburua da Iruñean jada martxan genituen eginkizunak Ceutara hedatzea. Beste zenbait brigadista han dira abuztutik, gazte magrebtarrei oinarrizko laguntza ematen: izan material elektronikoa banatzen, izan janaria prestatzen edo lotarako lekuak atontzen. Horrez gain, laguntza ere eman diegu migrante askori paperen eta mediku agirien tramitazioan. Ceutan bizi duten indarkeriari ere aurre egin nahi diogu, hala indarkeria polizialari nola sektore faxistenari. Pertsona zuri eta pribilegiatuak garen heinean, garrantzitsua iruditzen zaigu geure gorputza jartzea, gazte magrebtar horiek babesteko. Funtsean, mugak gainditzeko, apurtzeko eta borrokatzeko ahalegin bat da.
Zuen aurka ez ezik, beste eragile batzuen aurka ere oldartu dira Ceutan.
Elkartasuna adierazten den aldiro, errepresioa halako bi izaten da gero. Eta bai: tokian bertan lanean ari diren kolektiboak, norbanakoak eta GKEak biolentzia handiagoa sufritzen ari dira orain. Ceutako portuan, adibidez, kontrolak zorroztu ditu Guardia Zibilak: «nora zoaz», «zertara zatoz», «nondik zatoz», «zenbat denbora egonen zara hemen…». Halako galderak egiten dizkiete iristen direnei. Errepresioa, baina, pertsona zaurgarrienen aurkakoa izan ohi da, eta kasu honetan, migrante magrebtarrek sufritu dute batez ere. Faxistek sustatutako gorroto kanpaina horiek guztiek eragina izan dute.
Ceutan lanean ari zarete uneotan?
Segurtasun arrazoiak direla-eta, ez. Beste leku batzuetan ari gara lanean, bestelako zereginetan: jasotako materiala Ceutara bidaltzen, inbentarioa egiten, kontabilizatzen… Ezin dut esan non gauden zehazki, baina gure asmoa ez da aldatu: brigadista gehiago bertaratuko dira aurki, motiboak areagotu egin baitira. Orain, errepresioa pairatuta, gorputza jarri nahi dugunok are indartsuago azaldu behar dugu.
Zein da Marokotik Espainiara joandako migratzaileen egoera?
Gure sentsazioa da inork ez dakiela egiazki zer gertatzen ari den. Ez dakigu zenbat pertsona dauden, zabaldu dituzten datu asko ez baitira guztiz zehatzak. Bestalde, bertan daudenak sufritzen ari diren biolentziaren testigantzak ere ez dira zehatzak edo fidagarriak. Egiazko kontakizun osoago bat falta da. Faxisten erasoak, esate baterako, magrebtarrek pairatzen dituzte, nagusiki. Aktibismoa egiten dutenek ere bai, baina batez ere, zaurgarrienek sufritzen dute indarkeria hori. Biolentzia agerikoa da kaleetan: arma txuriak erabiltzen dituzte askok, eta kanpamentuetan gertatu diren erasoak, mehatxuak eta bestelako jazarpenak ere oso larriak dira. Krisi humanitario agerikoa da, eta hor egon behar dugu.
