“Denborak egiten ditu obrak, eta haiek elkarrekin josten”

“Denborak egiten ditu obrak, eta haiek elkarrekin josten”

Collageek, bolumenek eta intuitiboki landutako geruzek osatzen dituzte, batik bat, Baldaren obrak. Hamabost piezako erakusketa bat estreinatu du berriki, Lizarran: ‘Denbora sekuentzia’.

Uxue Rey Gorraiz

Intuizioa bidelagun izan du Javier Balda artistak (Iruñea, 1958) bere azkeneko obrak sortzeko. Dioenez, itxialdiak ezinbestean baldintzatu du haren lana, baina “jolasteko” aukera ere eman dio. Baldak Denbora sekuentzia erakusketan bildu ditu obrak, eta Lizarrako Gustavo Maeztu museoan jarri ditu, otsailaren 28ra arte.

Nolakoa da sorkuntza konfinamenduan?

Lantegira joateko aukera izan nuenetik, normaltasunez egin ahal izan dut lan. Baina, jakina, nahi eta nahi ez, halako egoera berezi batek baldintzatu egiten zaitu. Nire kasuan, ez du eraginik izan lanaren narratiban, baina bai nire gogoan, lan egiteko moduan eta jarreran.

Zertan antzeman daiteke hori erakusketako obretan?

Modu intuitiboagoan landuak dira; ezustean, nolabait. Askotariko materialak erabili ditut horiek osatzeko; lantegian nituen gauzez baliatu naiz, nahiko modu ausazkoan. Eskura nuenarekin egin dut lan; prekario samar, baina horrek baldintzetara egokitzera eraman nau, eta jolastera.

Zer teknika erabili duzu?

Hainbat erabiltzen ditut. Pinturaz gainera, papera, oihala edo bestelako materialak batuta egiten dut lan beti; collageak osatzen ditut, eta gainazal bat bestearen gainean jarrita lortzen dut lanak nolabaiteko bolumena izatea. Izan ere, nik asko erreparatzen diot irudiaren edo objektuaren eraikitzeari. Azken finean, erretorika bat da: irudi bat beste irudi baten gainean, eta horrela behin eta berriz.

Obrak eraiki egiten dituzula diozu, sortu baino gehiago. Badu ikustekorik arkitektura ikasi izanak?

Esanen nuke baietz. Eraikitzea gustatzen zait: egitea eta desegitea, ikuseremu bat sortzea eta ikustea objektua nola hedatzen den espazioan. Arkitektonikoki begiratzen diot lanari, alde eraikitzaileari eta urbanistikoari. Agian, horregatik eman nahi izaten diet beti bolumena lanei.

Denbora sekuentzia du izena erakusketak. Zergatik?

Edozein ideia edo obra denboran eta denborarekin eraikitzen delako. Ez dira eraikitzen nik irudi oso bat antzeman dezakedanean soilik; batzuetan, beratzen uzten ditut lanak, egunak pasatzen, baita hilabeteak ere, eta, gero, berriz ekiten diot gainazalak gehitzeari edo kentzeari. Denborak egiten ditu obrak, eta denborak josten ditu batzuk besteekin, erakusketan ikus daitekeen ibilbidea osatzeko. Gainera, ikusleak berak ere denbora eskaintzen dio lanak begiratzeari.

Zer interpretazio nahi zenuke ikusleak egitea?

Dagoen hori ikus dezala nahi dut. Frank Stellak zioen bezala, ikusten dugun hori da dagoena. Nahi nuke museora joaten direnek ikus dezaten materialen pilaketa hori, koloreen metaketa, gainazalak… Gustatuko litzaidake jendeak ikustea zer duen erakusketak ezustekotik, intuitibotik. Dena dela, badakit zaila dela zehazki nik nahi dudan hori interpretatzea. Arte garaikidea zaila da ulertzen, nahiko endogamikoa baita. Horregatik, saiatzen naiz behintzat erakusketak izan dezan harrapatuko zaituen zerbait.

Ibilbide luzea duzu arte erakusketetako komisario lanetan. Nolakoa izan da obren aukeraketa eta haien kokatze lana?

Lehendik ere ezaguna nuen Maeztu museoa; banekien bi areto dituela. Nire lanen artean, badira bizpahiru obra nagusi, eta, bestalde, badira beste batzuk gainerako lana egiten dutenak, beste nota batzuk zipriztintzen dituztenak; guztiek eusten diote elkarri. Gainera, niri beti gustatu izan zait erakusketetan nire sorkuntza prozesuan egiten ditudan beste lantxo batzuk eranstea; papertxo batzuk, ustekabean sortuak. Freskotasuna ematen dute, eta horietan ere antzeman daitezke ideia bisual asko. Gainera, pieza batzuk in situ eraiki ditut, espazioak berak hala iradoki zidalako; testurek, lauki formako aretoak…

Zure lanetan maiz mintzatu zara denboraz. Denboraren joanak aldatu zaitu artistikoki?

Batzuetan iruditzen zait baietz, aldatu naizela. Beste batzuetan, berriz, iruditzen zait aldaera txiki batzuk baizik ez direla izan. Askotan hitz egiten dugu artistek izaten duten eboluzioaz, eta nik zalantza egiten dut maiz; ez dut jakiten nirea eboluzioa den, edo inboluzioa. Dena dela, argi dago bizi izan dudan guztiaren emaitza naizela, eta, gainera, plazer handiagoz sortzen dut orain.

Donostiako Altxerri galeriako zuzendaria zara, joan den maiatzetik. Zer moduzko urtea ari da izaten, koronabirusak baldintzaturik?

Zaila. Izan ere, normala den bezala, bezeroak ez dira ohi bezala jokatzen ari. Garai zailak dira ekonomikoki, eta gogorra izanen da hemendik aurrera ere. Oraindik ere ez ginen guztiz sendatuak joan den krisiak egindako minetik, eta bigarrena ailegatu zaigu orain. Hala eta guztiz ere, arteak sekulako indarra du erresistentziarako; artistek, behintzat, izugarrizkoa dute. Arteak adore handia du, eta gai da edozein egoeratan sormenez eta bizitasunez erantzuteko eta ideiak adierazteko. Indar horrengatik da artea bizirik irauteko gai, eta, aldi berean, arteak salbatzen du gizartea, ideiak interpretatzeko bide delako.

Etorkizunari begira, zer erronka dituzue?

Ahal den neurrian, gure jardunari eutsi behar diogu, eta harremanetan segitu behar dugu artistekin, galeriak bizirik segi dezan.