Altafayllak ‘Historia de la pelota vasca en Tafalla’ liburua argitaratu berri du; Miguel Zubirik idatzi du, kirol hori aldarrikatu eta harrobia indartzeko bideak eskatzeko.
Edurne Elizondo
Miguel Zubirik Iruñeko Labrit pilotalekua aukeratu du bere liburua aurkezteko: Historia de la pelota vasca en Tafalla (Altafaylla, 2020) idatzi du. Iraganari egin dio so, kirol horrek utzitako arrastoa nabarmentzeko, bai eta, etorkizunera begira, harrobia bizkortzeko beharra aldarrikatzeko ere. “1967. urtetik, aurten lehenengoz ez da pilotari nafarrik izan eskuz banakako txapelketako finalerdietan”, erran du Zubirik, tristuraz.
Datu horrek min egin die Javier Conderi eta Txetxi Ruizi ere. Conde Nafarroako Pilota Federazioko presidentea da joan den urritik, eta “harrobia bizkortzeko lan egiteko” konpromisoa hartu du, Zubiriren aurrean. Ruiz, berriz, Tafallako San Sebastian pilotazaleen peñako presidentea da, eta aldarrikatu du “garrantzi handia” duela herri horretako eskolaren gisakoek egiten duten lanak. “Arrakastaz” jarraitzen du Tafallako pilota eskolak martxan, Ruizek nabarmendu duenez: 55 pilotari ditu egun. San Sebastian peñak, berriz, 335 bazkide. Haien bultzadarekin kaleratu du Altafayllak Zubiriren lana.
“Pilotaz anitz dakiten zaleak dira Tafallakoak, sutsuak”, erantsi du Ruben Beloki pilotari ohiak, Labriten, aspaldiko garaiak gogoratuz. Profesional gisa aritu da Beloki Tafallan, bai eta aurretik ere; herri horretan egiten zuten txapelketak Nafarroako selekzioa osatuko zuten pilotariak hautatzeko balio zuen, hain zuzen. “9 urterekin aritu nintzen aurrenekoz, eta, 17 bete arte, urte oro jokatu nuen”.
Txapelketa horren inguruko “giroa” galdu izanak “tristura” eragin dio Belokiri. 1980. urtean egin zuten lehenengoz; San Sebastian peñak antolatu zuen, Nafarroako Pilota Federazioak eskatuta; Nafarroako haurrekin eta nerabeekin batera aritzen ziren Gipuzkoakoak, Bizkaikoak, Arabakoak eta Errioxakoak (Espainia) ere. Tafallako pilotazaleen peñak gazteen eskuz banakako txapelketa ere antolatzen ohi zuen.
“Nafarroako 400 pilotari gaztek baino gehiagok egiten zuten bat txapelketa haietan”, oroitu du Miguel Zubirik. Belokik aipatutako “giroa” sortzen laguntzen zuten pilotari gazte horiek guztiek, Zubiriren hitzetan, eta lehiaketa horien “espiritua” berreskuratzeko “beharra” nabarmendu du, ondorioz. “Harrobia lantzen ez bada, nekez izanen ditugu pilotari profesionalak. Duela hiru hamarkada, 115 baziren; orain, Baikoren eta Asperen artean, 45 ere ez dituzte”.
Errebote eta Ereta
Txetxi Ruizek bat egin du Miguel Zubirirekin, eta garbi erran du oraingoa ez dela pilotaren garairik onena. Esperantzarako tarterik badela uste du, halere, eta Tafallako pilotazaleen ahalegina aipatu du adibide gisa. 1961. urtean sortu zuten San Sebastian peña, eta lanean jarraitzen dute, “pilota bultzatzeko”.
Zaleekin batera, Tafallako frontoiek markatu dute, neurri handi batean, kirol horrek herrian egin duen bidea, eta, batez ere, Ereta inauguratu zuteneko garaia oroitu du Txetxi Ruizek. 1968. urtekoa da eraikina. Hasieran, herriko haurrek San Pedro eta Santa Maria elizen paretak baliatzen zituzten pilotan aritzeko. 1925ean, Errebotearen frontoia inauguratu zuten herrian, eta 1950eko hamarkadan, Aguazon peña arduratu zen pilotaleku horretako txapelketak antolatzeaz .
San Sebastian peñaren ardura da gaur egun pilota eskolari eustea eta harrobia lantzeko urratsak egiten jarraitzea. Horregatik, bakarrik pilotan aritzeko frontoi bat eskatu du Txetxi Ruizek. “Gure aspaldiko aldarrikapen bat da, baina ez dugu amore emanen. Badakigu gero eta kirol gehiago dituztela aukeran neska-mutilek, eta denek behar dituztela euren guneak trebatzeko, baina Tafallak merezi du bakarrik pilotan aritzeko erabiliko den frontoi bat”. Eretaz ari da San Sebastian peñako kidea. Egun, kiroldegi modura erabiltzen dute, baina pilotazaleek nahi dute bakarrik frontoi izatea berriz ere, txapelketak eta jaialdiak egin ahal izateko.
Bai eta garai bateko haurren eta nerabeen arteko txapelketak antolatzeko ere. Zaletasunari eusteko gakoa “harrobian” dela berretsi du Miguel Zubirik. Txetxi Ruizek erantsi du harrobiak ereduak behar dituela, eta nabarmendu du Tafallan ez dituztela galdu: “Hemen zaletasunak ez du behera egin, helduek pilotari eutsi diotelako”, erran du.
Pilotari bultzada eman nahi dio Altaffayllak argitaratu duen liburuak ere. Jose Mari Esparza kultur talde horretako kide da, eta parte hartu du Zubiriren lanean. Liburuan jasotako hitzen bidez, Esparzak nabarmendu du Nafarroan pilotaren inguruko lehendabiziko erreferentzia 1331. urtekoa dela. “Denbora luzez izan da gure kirol nagusia”, gogoratu du Miguel Zubirik. Datozen belaunaldiei ere pilotan aritzeko zaletasuna utzi nahi die.