Iruñeko Txantrea auzoan sortutako Bizi Tajine egitasmoak sukaldaritza marokoarra nork bere etxean dastatzeko aukera ematen du. Abenduan emanen dute zerbitzua; Zarouali da sukaldaria.
Uxue Rey Gorraiz
Bi urte joan dira Hamza Zarouali (Marrakex, Maroko, 2002) Iruñera ailegatu zenetik. Bide latza eta korapilatsua du egina gaur egunera arte, baina, oztopo ugari gainditurik, gustura bizi da Txantrean uztailaz geroztik. Txikitatik maite du sukaldean aritzea; abila da su artean, eta, hori horrela, egitasmo bat abiarazi du berriki, Ana Unanue bidelagun duela. Bizi Tajine du izena ekimenak, eta iruindarrei Marokoko sukaldaritza gozatzeko aukera ematea dute helburu, jatekoak etxera eramanda. Oraingoz, abenduko zenbait egunetan ariko dira.
Bi urte daramatzazu Iruñean. Nolakoa izan da hona ailegatu aurretik egin behar izan duzun bidea?
Fase asko bizi izan ditut gaur egunera arte. Artean adin txikikoa nintzen nire jaioterria atzean utzi eta Europara etorri nintzenean. Nadorretik [Maroko] Melillara [Espainia] joan nintzen, igerian. Egunero saiatzen ginen portuan sartzen, eta, azkenean, kamioi baten azpian sartuta ahalegindu nintzen hara iristen. Istripu bat izan nuen kamioiarekin, eta zaurituta eraman ninduten Malagako [Espainia] ospitalera. Hilabete bat eman nuen erietxean. Azkenik, Ongietorri Errefuxiatuak plataformarekin elkarlanean aritzen den kide bati esker ailegatu nintzen hona; Iruñea Harrera Hiria elkarteko kide bati esker, zehazki.
Uztaila hasieratik bizi zara Txantrean. Zer moduz zaude?
Oso gustura nago. Maite dut auzoa, lasaia delako. Gauza batzuetan antzekoa da Marokoko nire bizilekuarekin. Marrakexen bizi nintzen ni, baina erdigunetik urrundutako inguru lasai batean. Martxoan bete nituen 18 urte, eta orduan eskuratu nituen paperak eta nortasun agiria. Urte berezia izan da, gogorra pandemiarengatik, baina ongi nago. Gainera, sortu dugun egitasmoa pizgarria ere bada egunerokoan.
Hain zuzen ere, Bizi Tajine zerbitzua sortu duzu berriki. Nola erabaki zenuen horrelako egitasmo bat abian jartzea?
Txikitatik izan dut gustuko sukaldaritza, eta aukera ona iruditu zitzaigun hemengoei erakusteko nolakoa den gure gastronomia. Hasi baizik ez gara egin, baina etorkizunera begira sukaldari izan nahi nuke. Gaur egun, ostalaritzako ikastaro bat egiten ari naiz Iruñeko Gaztediaren etxean. Nik uste dut lehen urratsak egiteko bultzada bat izan daitekeela Bizi Tajine egitasmoa.
Tajinea da eskaintzen duzuen jatekoetako bat. Zer da, zehazki?
Jakiak prestatzeko erabiltzen den ontziari esaten diogu tajine, baita harekin prestatzen ditugun jatekoei ere. Ontziaren goiko zatia kono itxurakoa da, eta tximinia baten funtzioa betetzen du. Duen formari esker, ateratzen den ur-lurruna pilatu egiten da, eta tajinearen barrenean sartzen ditugun produktuak poliki-poliki egiten dira. Askotariko platerak presta daitezke.
Oro har, zein dira plater horiek prestatzeko pausoak?
Jakiak geruzaka jartzen dira buztinezko ontziaren barrenean. Normalean, tajine begetarianoa ez denean, haragia sartzen da lehendabizi, beheko geruzan, eta, ondotik, barazkiak eta gainerako produktuak, bakoitzak egosteko behar duen denboraren arabera. Guztia sartu ondoren, su motelean uzten da tajinea, luze, ia ukitu beharrik gabe.
Zein motako tajineak eska daitezke Bizi Tajinen?
Tajine begetarianoa, arkume tajinea, oilasko tajinea, txahalarekin egiten duguna eta haragi-boladuna. Gainera, ale osoko arrozarekin egina ere eska daiteke; zuria ala gorria, aukeran.
Tajineaz gainera, eska daitezke gauza gehiago, ezta?
Bai. Humusa ere prestatzen dugu, baita zopak ere, besteak beste. Gainera, kuskusa ere eska daiteke, eta zenbait mota daude aukeran. Tajinearen antzera, horrek ere denbora luzea behar du sutan. Kuskusa jartzen da azpian; ondoren, barazkiak gainean. Bi ordu inguru behar dira egiteko, eta, prozesuan, bizpahiru aldiz ateratzen da, ur eta olio pixka bat botatzeko, aleak askatzeko. Hain justu, ekintza horri esaten zaio kuskus.
Zer produktu mota erabiltzen duzue jatekoak prestatzeko?
Bizi Tajinen erabiltzen ditugun barazki gehien-gehienak bertakoak eta ekologikoak dira, hurbileko baratzeetan landuak. Beste jaki batzuk, berriz, marokoar dendetan eskuratzen ditugu; okra, adibidez. Gainera, erabiltzen dugun haragia halal da beti, musulmana naiz eta.
Batik bat zertan bereizten da Marokoko sukaldaritza Euskal Herrikotik?
Oso desberdinak dira hemengo sukaldaritza eta Marokokoa. Konturatu naiz hemen ez dela espeziarik erabiltzen. Nik jaioterrian egiten nuen bezala prestatzen ditut jakiak: su motelean eta espeziekin. Gainera, perrexila eta martorria ere inportanteak dira gure sukaldaritzan.
Nola egin behar dituzte enkarguak bezeroek?
Gutxienez, 24 ordu lehenago egin behar da eskaera. Izan ere, egun bakoitzerako ditugun enkarguen arabera egiten ditugu erosketak. Zehazki, telefonoz (680567773) eta Twitter bidez (@bizipox) jasotzen ditugu aginduak. Txantrean bertan bizi direnei guk geuk eramaten ahal dizkiegu jatekoak; bestela, bila etorri behar dute. Dena dela, denek jasotzen dute janari egin berria, eta guztiek eraman ditzakete ontziak etxera; hau da, tajineak.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku