Neguak badu bere jaialdia

Santas Pascuas elkarteak bosgarrenez antolatu du Eguberrietako musika ziklo zabala, ‘Santas Pascuas’ deitua: abenduaren 25etik urtarrilaren 9ra izanen da; Iruñean eta Tuteran eginen dituzte kontzertuak.

Edurne Elizondo

Eguberrien soinu banda izan nahi du Santas Pascuas jaialdiak, herrialdean. Bosgarrenez antolatu du izen bereko elkarteak, eta abenduaren 25etik urtarrilaren 9ra bitarte eginen dute. Iruñean ez ezik, Tuteran ere izanen dira kontzertuak oraingo aldian. Zuzeneko musika emanaldiekin batera, gainera, erakusketak, zinema saioak eta hitzaldiak izanen dira. Santaspascuas.com orrian dago jasota egitarau osoa.

Iruñean eginen dute hilaren 25eko lehenengo kontzertua. Hiriburuan, halere, hiru espazio hartuko ditu jaialdiak: Baluarte, Nafarroa Arena eta Zentral aretoa. Tuterako emanaldiak, berriz, Gaztanbide antzokian, Moncayo zinema aretoan eta Almirante etxean eginen dituzte.

AGERTOKI GAZTEA

Nafarroa Arenakoa da Agertoki Gaztea. Hilaren 25ean, espazio horretan hasiko da Santas Pascuas jaialdia: El Columpio Asesino eta Belako izanen dira oholtza gainean. Biharamunean, berriz, hilaren 26an, Zetak eta Ketekalles taldeek emanen dute kontzertua.

SANTAS PASCUAS ESZENA

Zentralen eginen dituzte Santas Pascuas Eszena izenburupean antolatutako saioak, hilaren 26tik urtarrilaren 7ra bitarte: Pablo Und Destruktion; Dj Goo & Chelis; Brecha; Juarez eta Jon Ulecia & Cantina Bizarro; Con X de Banjo; Andrea Santiago; Los Estanques; eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeek parte hartuko dute.

AUDITORIUM ZIKLOA

Baluarten eginen dituzte Auditorium zikloko emanaldiak. Urtarrilaren 3koa izanen da jaialdiko kontzertu nagusietako bat, Silvia Perez Cruz abeslaria izanen baita Baluarten, haren musikariek lagunduta. Urtarrilaren 8an, Maria Jose Llergo izanen da hiriburuko auditoriumeko oholtza gainean, eta, urtarrilaren 9an, azkenik, Maria Arnal eta Marcel Bages.

TUTERAN

Jaialdiaren bosgarren aldian, berrikuntza nagusia izanen da musikariak Iruñetik aterako direla, eta Tuteran ere izanen dira. Hilaren 26an, hasteko, El Columpio Asesino eta Juarez izanen dira Gaztanbide antzokian; urtarrilaren 7an, berriz, Maria Jose Llergo igoko da antzokiko oholtza gainera. Moncayo zinema aretoak Christina Rosenvingeren eta Cristina Martinezen arteko solasaldia hartuko du, hilaren 29an; Almirante etxean, azkenik, Miguel Goñiren jaialdiari buruzko argazki erakusketa jarriko dute, urtarrilaren 12tik 31ra. Aurretik, abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra, Iruñeko Baluarten izanen da.

BERTZELAKOAK

Kontzertuez gain, jaialdiko arduradunek bertze mota bateko saioak antolatu dituzte. Katakrak liburu dendan, Irakurtzeko musika izenburuko zikloa eginen dute, artisten, adituen eta bertzelakoen hausnarketen inguruko solasaldiak bultzatzeko. Hilaren 28an, Christina Rosenvinge eta Cristina Martinez ariko dira; urtarrilaren 4an, Ramon Andres eta Xabier Erkizia; eta urtarrilaren 7an, Nader Koochaki.

Baluarten, hilaren 29an eta 30ean, musikaren inguruan prestatzen ari diren bi ekoizpen nafarren inguruan ariko dira egileak, eta lanen aurrerapen bat eskainiko dute. Jaialdiak, zehazki, Marina Lameiroren Berri Txarrak taldearen inguruko lana eta Miguel Goñi eta Mikel Belaskoain Alba Herediari buruz egiten ari direna nabarmendu nahi izan ditu.