Legealdi hasierako norabideari eutsi zaio

Legealdi hasierako norabideari eutsi zaio

Pandemiak politikan eragin du, baina ez du politika baldintzatu. Txibiteren inbestidura ahalbidetu zuen indar korrelazioa ez da aldatu, eta EH Bildu giltzarri izan da aurten onartu diren bi aurrekontuei bide emateko. Halaber, Navarra Suma betoak ezartzen ahalegindu da berriro ere , baina saioa ez zaio ondo atera.

Joxerra Senar

Ezinbestean, pandemiak politikan eragin du, baina ez du politika irauli. Ez du bederen legealdi hasieratik Nafarroako politikak hartu duen norabidea aldatu. Izan ere, iazko udan akordio programatikoa sinatu zuten lau alderdiak gutxiengoan izanik, parlamentuan gobernuaren egitasmo nagusiak aurrera ateratzerakoan, solaskide nagusi gisa hautatu dute EH Bildu. Koalizio abertzaleak bere ahots kritikoa landu du, baina, aurreko urteetan hartutako ildoan jarraitzen dela ulertu duen heinean, legealdiko bi aurrekontuen onarpenei bide eman die. Horrek ez du esan nahi gobernu barruan zein kanpoan alderdien artean desadostasunak sortu ez direla azpiegituretan, zerga politikan edo euskaran, baina bai egiaztatu da beste errealitate bat: Navarra Suma bakarrik dago, eta ez da gai izan PSN beregana erakartzeko.

Politikoki urtea aurrekontuen onarpenarekin hasi zen, eta 2021eko aurrekontuen onarpenarekin amaituko da. Lehen kasuan, urtarrilaren 24an, akordioa izenpetu zuten Maria Txibite gobernuko lehendakariak eta Elma Saizek, alde batetik, eta EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Adolfo Araizek, bestetik. Gastu muga 16 milioi euro handituta, aurrekontua handitu eta hainbat konpromiso hartu zituen gobernuak, EH Bilduren abstentzioaren truke. Hilabete geroago, otsailaren 27an, lehen aurrekontuak zituen Txibiteren gobernuak. Legealdiaren hasiera hari bultzada emateko ezinbesteko instrumentua zen.

Haatik, bi asteren buruan, paper errea besterik ez zen. Bat-batean agertutako mehatxuaren aurrean, osasun sistemaren hondamendia eragotzi eta gaitz berriak eragin ditzakeen milaka heriotza gerarazteko, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Lehen olatuan, helburu goren hori lortuagatik, Nafarroako ekonomian albo kalte handi bat utzi zuen. Martxoko azken bi asteetako geldialdiak eraginda, ekonomiak %5,2 atzera egin zuen lehen hiruhilekoan, eta %17,8 bigarrengoan. Inoiz ikusi gabeko atzeraldia zen hura, eta, ondorioz, aurrekontuan jasotako aurreikuspen guztiek ez zuten balio.

Horri gaineratu behar izan zaizkio pandemiari berari zein haren kalteei aurre egiteko ezarri behar izan diren laguntzak eta inbertsio gehigarriak. Dekretuz dekretu, parlamentuan gobernuak aurkeztutako bederatzi egitasmotatik zortzi onartu ziren aho batez. Haatik, asteek aurrera egin ahala, kudeaketaren gaineko kritikak entzun ziren. Batik bat, osasun arloko langileen material faltagatik edo zahar etxeetako egoeragatik. Era berean, Maria Txibiteri Pedro Sanchezen erabakiak inertziaz jarraitzea egotzi zioten EH Bilduk eta Geroa Baik. Haatik, salbuespenezko egoera baten erdian izanik, parlamentu taldeak betiere kritika arduratsuaren eremuan mugitu dira. Akaso, gehienetan, Navarra Suma izan da salbuespena, eta ahotsa gehiago altxatu du, gobernuaren kudeaketa auzitan jarriz.

Urtea amaitzeko gutxi falta den honetan, kontuak ez dira erabat itxi. Gobernuak ekain aldera aurreikusi zuen diru sarrerak %18 jaitsi zitezkeela, baina urrira arte, espero baino apur bat hobe joan dira gauzak, zerga bilketa %8 erori baita. Iazko superabiteko diruarekin, zorpetze bidez lortuko denarekin eta Madrilek erkidegoen artean banatuko duenarekin ikusteko dago aski izango den pandemiaren zuloa estaltzeko.

Zaharrak berri

Pandemiak izan du beste eraginik, baina, beste behin, ezer aldatu gabe. Izan ere, UPNk martxoaren 29rako bere 12. kongresua egitea espero zuen, baina COVID-19ak atzeratu egin zuen hitzordu hura; lehenik apiril amaierara eta azkenik ekain amaierara. Bi hautagai ziren aurrez aurre: Javier Esparza eta Sergio Sayas. Esparzak lehengo lepotik burua izatea proposatzen zuen, eta Sayasek ere, antzera, baina beste aurpegi batekin. Azkenean, UPNko militanteek nahiago izan zuten ezagutzen zuten agintariarekin jarraitu, baina emaitza uste baino estuago izan zen. Botoen %58 lortu zuen garaileak.

Ezer gutxi aldatu da, ordea. Duela lau urteko kongresuan, diskurtsoa aldatzeko eta leuntzeko imintzioa egin zuen Esparzak, baina deus gutxi iraun zion ustezko borondate hark. Oraingoan, berriz, ez du keinurik egin. Aurkariak, Sergio Sayasek, Navarra Sumaren apustuaren inguruko zalantza batzuk agertuagatik, ez zuen erabaki haren gaineko eztabaidarik piztu. UPNk transmititu nahi izan du koalizioan galtzeko baino irabazteko gehiago duela, eta eroso dagoela.

Horrek ez du esan nahi geldirik egon direnik. Nafarroako politikan oraingoz eragiteko ahalmen handirik ez dutela ikusita, batik bat Espainiako politikan eraginez, Nafarroa baldintzatzeko partida jokatu du koalizioak. Kongresuan, Ciudadanos izan zitekeen PSOE beregana erakartzeko karta, EH Bildurengandik eta ERCrengandik aldendu nahirik; Nafarroan, berriz, EH Bildu gobernuaren solaskide ez izatearen truke, abstentzioa eskaini zion. Legealdira begira ere, Navarra Sumak identifikatutako gai zehatzetan gutxieneko akordioetara iristeko eskua luzatu zion.

Haatik, eskaintza horri muzin egin zion Nafarroako Gobernuak, eta aurtengo aurrekontuekin gertatu bezala, EH Bildu aukeratu du solaskide nagusi moduan. Geroa Baiko Uxue Barkosek salatu zuen Navarra Sumaren eskaintza “amarru bat” zela, ez baitzuen atzean eduki politikorik.

Negoziazioak diskrezioz egin ziren, eta EH Bilduk aurrekontuetarako proposamenak luzatu zizkion gobernuari. Aurrekontu proiektua parlamentura bidaltzeko atarian, koalizio abertzalearen proposameneko bederatzi milioi euroko diru sailak jaso zituen gobernuak egitasmoan. Akordioari azken ukituak eman ostean, azaroaren 22an ezagutarazi zuten haren edukia. EH Bilduk azpimarratu zuen, politikoki, “norabide onean” doala, eskuinari Nafarroako politikan eragiteko ahalmena kentzen diolako. Aitzitik, era berean, “anbizio falta” egotzi zion gobernuari. Aurrekontuan baino gehiago fiskalitatean egon da korapilo nagusia. EH Bilduk, Ezkerrarekin eta Ahal Dugu-rekin batera, zerga arloan “jauzi kualitatibo” bat ematea planteatzen zuen. Haatik, Txibiteren gobernuak argudiatu zuen ez zegoela halako neurriak hartzeko aukerarik.

Akordioan, konpromiso batzuk jaso badira ere, aldaketa txikiak dira, eta Gutun Sozialeko eragileek hor jarri dute azpimarra, egin dituzten mobilizazioetan. “Ezinbestekoa da premiazko zerga- erreforma bat gauzatzea, zergak zinez igotzeko enpresen etekinei, ondareei eta errenta altuei zein kapital errentei”.

Azaroaren 26an, Parlamentuak atzera bota zuen aurrekontu proiektuaren aurka Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa, eta horren ondotik gainerako taldeek zatikako zuzenketen gaineko akordioa erdietsi zuten: konpromisoa hartu zuten bata bestearen zuzenketak babesteko, eta guztira, 10 milioi euro gehiago izango dira. Behin akordio hori itxita, aurrekontua hilaren 23an onartuko da.

 

Gorenaren esku dago Aierdik jarraituko ote duen

2015etik 2017ra Sodenak Davalorri emandako 2,6 milioi euroen harira UPNk kereila aurkeztu zuen Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariaren aurka. Asteon jakin denez, Espainiako Auzitegi Gorenak auzia ireki du eta Andres Palomo del Rio magistratua izendatu du instrukzioa har dezan. Ikertu gisa deituko balu, Aierdik aurreratu du kargua utziko duela, 14/2004 legeak dioena bete asmoz.