Moldatu eta aurrera egin

Moldatu eta aurrera egin

Krisiak gogor jo du kulturaren esparrua; artisten agendak hutsik gelditu ziren hasieran, konfinamenduarekin, eta beren jarduera segurua dela aldarrikatzeko lan egin behar izan dute gero. Kulturaren arloko hamaika lanpostu gelditu dira airean; erakundeen babesa eskatu du sektoreak.

Edurne Elizondo

Berrogeialdi gogorra ezarri dio kulturari koronabirusak eragindako pandemiak: batetik, martxoko itxialdiak 2008. urteko krisi ekonomikoaren astindua gainditu gabe harrapatu zuelako sektorea, eta, bertzetik, bide berriak bilatu bertze erremediorik ez duelako izan aurrera egin ahal izateko.

Osasun krisiak ekarri dituen protokoloetara eta neurrietara egokituz ahalegindu da kultura oraingo ataka zailetik ateratzen, baina esparruko profesionalek garbi erran dute erakundeen laguntza eta babesa behar dutela horretarako; “kultura seguruaren” aldeko aldarria zabaldu dute, kolokan diren lanpostuak ez galtzeko.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek martxoaren 13an egin zuen agerraldia handik bi egunera indarrean sartu zen konfinamenduaren berri emateko. Ordurako, eskolak ixteko aginduak emana zuen etor zitekeenaren seinalea, eta, egun batetik bertzera, kultur agendako ekitaldiak bertan behera gelditzen hasi ziren, tantaka, baina etenik gabe.

Iruña Rock jaialdiaren antolatzaileek itxialdia hasi baino egun batzuk lehenago iragarri zuten ez zutela eginen. Martxoaren 19tik 21era egitekoa zen, baina osasun krisiak bete-betean harrapatu zuen jaialdia. Su Ta Gar, Drogas eta Koma taldeek parte hartu behar zuten, bertzeak bertze, eta 27.000 lagun biltzea espero zuten. Egun batetik bertzera, hutsean gelditu zen.

Antzeko zerbait gertatu zitzaion Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako Bardoak taldekako txapelketari: finalaurrekoak itxialdiko lehendabiziko asteburuan egin behar zituzten, Goizuetan eta Jauntsaratsen, baina konfinamenduak hutsean utzi zituen asmo guztiak.

Osasun krisiak, batez ere, ziurgabetasuna ekarri dio kulturaren esparruari, eta musika taldeek, antzerki eta dantza konpainiek eta esparruko gainerako profesionalek etorkizunak zer itxura izanen zuen jakin gabe hartu behar izan dute lanak bertan behera uzteko erabakia. Iruña Rock jaialdia eta Bardoak txapelketa konfinamenduaren biktima izan ziren martxoan; bi egitasmoek urrian lortu zuten prestatutakoa jendaurrean erakustea; urriaren 29an, 30ean eta 31n egin zuten Iruña Rock, Nafarroa Arenan, eta Bardoak txapelketako finala, berriz, urriaren 17an, Lizarrako ikastolan Malerreka-Baztango Bertsonautak taldea nagusitu zen. Azken hilabeteotako jarduera guztiak bezala, maskarek, gel hidroalkoholikoak eta jende kopuruaren mugak markatutako ekinaldiak izan ziren urriko horiek.

Digitalizazioa

Maskarekin eta gelarekin batera, ikus-entzuleen arteko tarteak seguru bilakatu nahi izan ditu kultur jarduera guztiak, eta sektoreko profesionalek mezu hori jarri dute erdigunean. Oholtza baten aurreko lanak atzean duen guztia ere nabarmendu nahi izan dute, eta soinuaren, argiaren eta bertze hamaika arlotako teknikarien lanpostuak aldarrikatu.

Kulturak, finean, laguntza eskatu du, berriz ere martxan jartzeko, eta egungo eta auskalo noiz arteko egoerara egokitzeko. Moldatzeko lan horren lehendabiziko emaitza izan da kulturaren eta sareen arteko elkarlana. Publikoa desagertu egin da harmailetatik, neurri handi batean, eta online egindako saioak bilakatu dira birusik gabeko jarduerak egiteko alternatiba.

Nafarroako Gobernuak berak bultzatu zuen lehenengoetako bat: KM Zero Musik Fest izenburuko jaialdia egin zuen maiatzean eta ekainean, Baluarte auditoriumean. Musikariak baino ez ziren aretoan; ikus-entzuleak, berriz, nor bere gailura Internet bidez konektatuta.

Kuna Nafarroako Kultur Kudeaketarako Profesionalen Elkarteak, hain zuzen ere, digitalizazioaren auzia jarri nahi izan du erdigunean, koronabirusak eragindako osasun krisiak eztanda egin eta gero. Kudeatzaileek kultur ekitaldietarako baliabide digitalak indartzeko eskatu dute, baina zehaztu dute ez dutela nahi formatu digitalak aurrez aurrekoa ordezkatzerik. Bi ereduen “elkarbizitzaren” aldeko hautua egin dute, eta eredu hori sustatzeko eskatu. Urrian, jardunaldi batean jorratu zituzten hemendik aurrerako bideak, eta ezinbertzekotzat jo zuten Nafarroako Gobernuak kulturaren aldeko apustu argia egitea.

2021erako prestatutako aurrekontuek, baina, ez dituzte kontent utzi Kunako kudeatzaileak. Gogoratu dute Europako Batasunak aurrekontuen %1,5 eskatu duela kulturarentzat, eta urriko jardunaldian parte hartu zuten Nafarroako Parlamentuko taldeak ados agertu zirela gomendio horrekin. Zehaztutako kopurua, baina, %0,8koa da. Kunako kideek ez dute “nahikotzat” jo, inondik inora ere.

Karrikan ere egin dute protesta kulturaren arloko esparru guztietako profesionalek. SOS Kultura izeneko plataforma sortu zuten udan, eta, ekainean, bertzeak bertze, elkarretaratze bat egin zuten Iruñeko Udaletxe plazan. Manifestu bat plazaratu zuten kulturgintzako kideek: “Kultura ez da huskeria, gutizia edo gure bizitzako bigarren mailako elementu bat: eskubidea, ondarea, lana, osasuna, identitatea, irizpidea eta gure gizartea eraikitzeko oinarria da”, nabarmendu zuten.

“Erresistentzia”

Kulturgintzak konfinamenduari egin behar izan zion aurre urte hasieran; herrietako bestak bertan behera gelditu ziren gero, udan. Ustezko normaltasuna ez da itzuli sektorera, eta egitasmo anitzek, urtebetez lan egin eta gero, erabaki behar izan dute aurrera egin edo bidean eten bat egin. NAK Nafarroako Musika Garaikideko jaialdia izan da egoera horren adibide bat: konfinamenduak “baldintzatuta” egin dute lan parte hartzaileek eta antolatzaileek, jakin gabe lan hori erakusteko aukera izanen zuten edo ez.

Irailean egin zuten azkenean. “Erresistentzia ekinaldi bat da”. Garaikideak proiektuko kide eta jaialdiko zuzendari Yolanda Campos konpositoreak halaxe azaldu zuen NAK zer izan den: “Kultura aldarrikatzeko garaia dugu oraingoa”.

Azken urteotan, 948 Merkatua izan da Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren jarduera nagusietako bat, eta egindako apustuari eutsi dio aurten ere, egoerara moldatuta. Hilaren 2tik 13ra egin dute, herrialdeko zenbait herritan. Hilaren 25etik aurrera, berriz, Santas Pascuas musika jaialdia eginen dute izen bereko elkarteko kideek, Iruñean eta Tuteran.

Joan den astean iragarritako kopuru mugetara egokitu beharko du jaialdiak, Nafarroako Gobernuak orain arteko mugak pixka bat arintzea erabaki baitu: zinema aretoetan, antzokietan eta museoetan, %50ekoa izanen da %40koa zen orain arte; toki itxietarako gehienezko muga 200 pertsonakoa izanen da, eta kanpoan, berriz, 400ekoa.

Osasun krisiak baldintzatutako urte honetan, nola edo hala egin du aurrera kulturak; bide berriak jorratuz, egokituz, eta etorkizunerako hausnarketarako tarteak sustatuz. Antzokiak, museoak, aretoak eta karrikak betetzen jarraitu nahi dute sektoreko profesionalek; ahalegintzeko prest dira, baina garbi dute bakarrik nekez ahal izanen dutela. Nafarroak legez arautua du kulturarako eskubidea, eta hori ez ahazteko eskatu die kulturgintzak Nafarroako Gobernuko agintariei. Eskubidea berma dezatela.