Etikaren aginduz

Etikaren aginduz

‘Erreskaterako Gela’ izeneko proiektua garatu du Navarro Villoslada institutuko Filosofia sailak, DBHko ikasleekin batera, tratu txarrak jasotako eta abandonatutako katuak eta txakurrak laguntzeko asmoz.

Edurne Elizondo

Teoriaz harago joan nahi izan dutelako, eta arituz irakatsi nahi izan dutelako. Horregatik sortu dute Erreskaterako Gela izeneko proiektua Iruñeko Navarro Villoslada DBHko institutuan. Ikastetxeko Fisolofia saileko arduradunek jarri dute martxan, Balio etikoak izenburuko ikasgaiaren barruan. Haien asmoa da abandonatutako eta tratu txarrak jasotako animalien alde egitea.

Monica Gonzalez eta Ainara Nepote irakasleak dira Erreskaterako Gela proiektuko arduradun. Egun, 30 gazte inguruk parte hartzen dute. “DBHko laugarren mailako ikasleentzat da, berez, baina bertze anitzek bat egin nahi izan dute, eta institututik atera eta gero ere, parte hartzen jarraitu dute bertze batzuek”, azaldu du Gonzalezek.

“Proiektu hau sortu genuen ikasleak motibatzeko asmoz; betiko moduak huts egiten duenean, bertzelako alternatibak bilatu behar dira”. Erreskaterako Gela proiektuan aritzen diren ikasleena talde “berezi” bat da: “Bazter utzi dute batxilergoa egiteko aukera; anitzek zaila dute DBH gainditzea ere. Motibazioa galdu dute, eta bultzada bat behar dute aurrera egiteko”, kontatu du Gonzalezek.

Erreskaterako Gelak bultzada hori eman nahi die ikasleei, eta gelan jorratu beharrekoa ohiko esparru akademikotik at kokatu, ikasleon jakin-mina pizteko. “Balio etikoez hitz egin edo eztabaidatu beharrean, balio etiko horiek proiektu zehatz baten bidez jorratzea da kontua”. Eta ikasleon erantzuna, Gonzalezen hitzetan, “ezin hobea da”.

Oraingoz, katuak eta txakurrak babesteko eta laguntzeko ekinaldiak garatu dituzte, eta arlo horretan ari diren hamaika elkarterekin egin dute lan, elkarteok diruz laguntzeko asmoz, bertzeak bertze.

Institutuko gazteek, adibidez, Etxauriko Neskak proiektuko kideekin aritu dira elkarlanean. Etxauriko zentroan hartzen dituzten txakurrentzat familiak bilatzen dituzte taldeko kideek, eta informazioa zabaltzen lagundu diete Erreskaterako Gelako ikasleek, bertzeak bertze. Lizarrako Egapeludos elkartekoekin ere “harreman estua” dute Navarro Villosladako gazteek, Gonzalezek azaldu duenez; bai eta Iruñeko Katukaleko taldeko boluntarioekin ere. “Karrikan bizi diren katuak zaintzen dituzte, eta haientzat, adibidez, katuentzako etxeak egin ditugu institutuan”, kontatu du irakasleak.

“Balio unibertsalak”

“Irakasgaiaren helburua balio etikoak jorratzea da, eta balio etiko horiek unibertsalak dira”, erran du Monica Gonzalezek. Zehaztapen hori egin nahi izan du jasotako hainbat kritikari aurre egiteko. Erreskaterako Gelak sare sozialak erabiltzen ditu, nagusiki, bere proiektua garatzeko, eta sare sozial horien bidez jaso izan dituzte kritika horiek: “Batek baino gehiagok leporatu digu animaliak laguntzea, eta ez gizakiak”, erran du Gonzalezek. Erantzuna garbi du irakasleak: “Batetik, ez da egia; animaliak eta gizakiak laguntzen ditugu, eta elkartasunaren eta justiziaren gisako balioak lantzen ditugunean, gizarte osoari egiten diogu mesede; bertzetik, animaliak bakarrik lagunduko bagenitu ere gure lana guztiz zilegia litzateke”.

Erreskaterako Gelak Navarro Villoslada institutuaren inguruko bizilagunengan ere izan du eragina, Gonzalezek nabarmendu nahi izan duenez. “Familia batek zuen arazoaren berri jaso genuen, eta kanpaina egin genuen sare sozialen bidez”. Koronabirusaren pandemiaren eraginez lanik gabe gelditu den bikote bat lagundu dute ikasleek, zehazki, kanpaina horren bidez. “Buzo izeneko txakurrak arazo handiak zituen mugitzeko, eta ebakuntza bat behar zuen sendatzeko. Ezin zuen oinazeari aurre egiteko botikak hartzen jarraitu”. Ebakuntza egiteko dirua lortzeko kanpaina egin zuten ikasleek. “Auzo osoa inplikatu da, eta hori garrantzitsua da guretzat”.

Errealitatearen ezagutza

Gizakiz bertzeko animalien errealitatea ezagutzea ere hagitz garrantzitsua da Erreskaterako Gelako arduradunentzat. “Ikasle anitz harritu egiten dira txakurren edo katuen kontrako tratu txarren dimentsioaz ohartzen direnean. Gogorra da, eta sortzen diren emozioak kudeatzea ere bada gure lana”.

Gelako lanak ematen duen poza ere nabarmendu du institutuko irakasleak: “Gelako lan horrek animaliak laguntzeko balio duela konturatzen dira ikasleak, eta hori gauza handia da. Proiektuan aritu diren ikasle anitz txakurrak eta katuak babesteko elkarteetako boluntario bilakatu dira gero”. Horrek irakaslea poztu du. “Elkartasuna eta justizia jorratzen ari direlako; eta hori da onena”.