Alberto Cañada: “Aspaldiko aldarrikapen bati eutsi nahi diot: egoitza propioa erdigunean”

Alberto Cañada: “Aspaldiko aldarrikapen bati eutsi nahi diot: egoitza propioa erdigunean”

E. Elizondo

Nafarroako Filmotekako programazio arduradun Alberto Cañadak (Iruñea, 1962) Antonio Perez Goiena pasealekuko egoitzako lehen solairuan du bulegoa. Osasun krisiari aurre eginez iritsi da zentroa hamargarren urteurrenera.

Nolakoa izan da 2020. urtea zuentzat?

Martxoaren 13an bertan behera utzi behar izan genuen prest genuen programazioa, eta irailera arte ez ginen martxan jarri berriz ere. Halere, gure ohiko jarduerari eusten saiatu gara; segurtasun protokoloak bete, eta herritarrei helduleku bat eskaini nahi izan diegu. Horretarako, udan, bertzeak bertze, zinemarekin lotutako jarduerak egin genituen, online.

Martxoan hamar urte beteko ditu Nafarroako Filmotekak. Kontent?

Urteotan, lortu dugu publiko fidel bat izatea: batez bertze, 110 ikusle ditugu gure saioetan. Oraingo osasun krisiak edukiera mugatu du, eta berehala betetzen zaigu aretoa. 2011n ez genuen deus, eta egoitza honek aukera eman digu lan handia egiteko. Programazio heterogeneo bat eskaintzea izan dut beti xede; bai eta kalitatezkoa ere. Klasikoek toki nabarmena dute, noski, baina gurea egoitza bizia da, eta bertze herrietan egiten duten zinema ere erakutsi nahi dugu. Hemengoa ere bai: hemen egina, gure herrialdeari buruzkoa… Egile nafar guztiek, noski, zabalik dute gure atea. Lortu dugu anitz egitea, baina zaila dugu bide batzuk jorratzea.

Zer bide berri jorratu nahiko zenuke?

Adibidez, haurrentzako programazio bat; haientzat sortu nahiko nuke eskaintza berezi, pedagogiko eta didaktiko bat, zinemari buruz. Baina gaur egun ditugun mugekin, hagitz zaila da.

Zeintzuk dira muga horiek?

Nafarroako Liburutegiarekin partekatzen dugu egoitza. Astean hirutan egiten ditugu saioak, asteazken, ostegun eta ostiralean, asteburuetan eraikina itxita dagoelako. Udan ere, arratsaldez itxi egiten dute. Egoera horrek mugatzen gaitu.

Eta zein izan daiteke konponbidea?

Nik aspaldiko aldarrikapen bati eutsi nahi diot: filmotekak egoitza propioa izan dezala hiriaren erdigunean. Aldarrikapena ez da bakarrik nirea; erabiltzaile anitzek eskatzen dute, eta etortzen ez diren anitzek ere bai. Azkeneko horiek interesatzen zaizkit, bereziki, horiek gureganatuko genituzkeelako egoitza hiriaren erdigunean izanda.

Autonomia handiagoa nahiko zenuke?

Bai. Egoitza eta kudeaketa propioa izateak aukera emanen liguke gure eskaintza indartzeko eta aberasteko: adibidez, haurrentzako jarduerekin osatuz. Haurrak eskolan dira astegunez, eta oraingo gure egoitza itxita dago larunbatetan. Orain ezin dugu horrelakorik egin, ondorioz.

Hiriaren erdigunean, gainera, zinema aretorik ez da jada.

Ez dago eskaintza zinematografikorik, eta tamalgarria da hori. Filmoteka erdigunera eramanez, beraz, helburu bikoitza lortuko genuke. Ezin dugu ahaztu zinema gurearen gisako areto batean ikusteak balio erantsi bat duela; filmotekaren eginbeharra ez delako film bat erakustea bakarrik, baizik eta lan hori bere testuinguruan jartzea, eztabaida piztea…

Egoitza propio hori lortzeko aukera badela uste duzu?

Oraingoz, zaila dela uste dut nik. Non egin: hori da gako nagusietako bat. Nik, halere, Kultura Zuzendaritza Nagusiko arduradunen mahai gainean utzi dut eskaera. Ez da nire eskaera, herritarrena baizik. Baina garbi dago dirua arazo bat izanen dela; are gehiago oraingo krisi egoeran. Filmotekak lortu du hamar urteotan gero eta jende gehiago erakartzea. Interesa bada; batez ere, hiritik desagertu diren zinema aretoetara joaten zirenen artean.

Gazteen artean ez?

Zailagoa da interes hori piztea. Baina nik uste dut badugula gaitasuna piztea lortzeko. Argi dut zinema komertziala etxean kontsumitzea dela joera, baina garbi dut, halaber, filmotekak bertze zerbait eskainiko duela beti.