Herrian bere bidea egiten

Herrian bere bidea egiten

Herrialde osoko ia ehun zentrok osatzen dute Nafarroako Liburutegien Sarea: 92 dira denera, Nafarroakoa barne. Aurizberrikoak sari bat jaso du, pandemian garatutako proiektu bati esker.

E. Elizondo

Hiriburutik kanpo bada herri txikietan bizi diren bizilagun anitz, eta horiek ere behar dute nork lagundu”: mezu hori jaso zuen Nafarroako Diputazioak 1950. urtean, herrialdeko liburutegien sareko arautegia onartzeko testuan. Altsasukoa izan zen Iruñetik at sortu zuten lehendabiziko liburutegia; gaur egun, berriz, Nafarroako Liburutegiarekin batera, bertze 91 zentrok osatzen dute sarea.

Herriz herri zabaldutako liburutegiak beti saiatu dira artatzen dituzten herritarren beharretara egokitzen. Horren adibide da Aurizberrikoa. Azaroan, hain zuzen, sari bat jaso zuen egoitza horrek, pandemia garaian garatutako Liburutegia esparru segurua: Pirinioak zaintzen zaitu #Kultura Segurua izenburuko proiektuagatik. “Kanpainaren helburu nagusia izan da nabarmentzea gurearen gisako zentroek egiazko informazio iturri gisa betetzen duten rola”, azaldu du Mari Mar Agos Aurizberriko liburuzainak.

Bada herri horretako liburutegia nabarmentzen duen bertze proiektu bat, halere: Berragu liburutegi ibiltaria. 2019an sortu zen, ofizialki, Nafarroako Gobernuak liburuzainentzako auto bat erosi eta gero. Ibilgailu hori baliatzen dute liburuak herriz herri banatzeko. Gobernuak oraingo autoa erosi baino lehen ere egin izan dute lan hori Aurizberriko liburuzainek, baina beren borondatez.

Aezkoa, Erroibar, Artzibar, Luzaide, Auritz, Orreaga eta Orotz-Beteluko herritarrak artatzen ditu Aurizberriko liburutegiak: denera, 2.640 biztanle baino gehiago. Inguruko eskolak eta Ibañetako zahar etxea ere hornitzen ditu zentro horrek. Autoz, batetik bertzera joaten da liburutegia.