Mendiak gordetako ondarea ezagutzeko

Gorostik aplikazio batean jaso ditu Miguel Ezkurdiak herrialdeko megalitoen inguruan zenbait urtez bildutako datuak. Natur zientzia elkarteko kideek helburu dute informazioa herritarren esku jartzea, erraz balia dezaten.

Edurne Elizondo

Herritarrentzat eta herritarrekin. Esaldi horrek laburbiltzen du Nafarroako Gorosti natur zientzia elkarteak bere jardueraren oinarri nagusia: inguruarekin eta

ingurumenarekin kezka duten herritarrek osatu zuten elkartea, 1983an, eta geroztik, egindako lanaren bidez jasotakoa zabaltzen ari dira. Gorostikoek arkeologian egin dute azken urratsa, Miguel Ezkurdiarekin zuten “zorra” kitatzeko: aplikazio batean jaso dute Ezkurdiak zenbait urtez herrialdeko megalitoen inguruan bildu zuen informazioa, herritarren esku jarri, eta erraz balia dezaten.

Ezkurdiak paleontologia eta historiaurreari buruzko saila sortu zuen, Gorostin. Hil zenean, familiak natur zientzia elkartearen esku utzi zituen Ezkurdiak urte luzez jasotako datu guztiak. “Lan itzela egin zuen, eta lan horrek merezi zuen zabaltzea”, erran du Guillermo Deanek, Gorostiko kide eta aplikazioaren egileak.

Hasieran, Ezkurdiaren senideek emandako datuak digitalizatu egin zituzten Gorostiko kideek. “Jasotako altxorra gordetzea zen asmo nagusia”. Are gehiago, elkarteko paleontologia eta historiaurre saila desagertu eta gero. Ezkurdiaren lana bazter geldituko ote zen beldur ziren Gorostiko kideak, ez baitzegoen esparru horretako jarduerak bultzatuko zituen talde zehatzik, eta horregatik sortu dute aplikazioa.

Megalitosnavarra.herokuapp.com/ helbidearen bidez ezagutzen ahal da Ezkurdiak egindako lana. 1985. urtean, lan esparru bat antolatu zuen gazte boluntario talde batekin, lehendabizikoz, Mintxaten. Orduan hasitako bidean, herrialdeko megalito anitzen kokapena zehaztu zuten Gorostiko kideok, eta ahalegin hori eskertu eta omendu nahi izan du elkarteak sarean jarritako tresna berriarekin.

Dolmen, menhir, harrespil

“Duela 5.000 urte, Pirinioetako ibarretan bizi ziren gure arbasoek natura basati eta arrotz baten erdian egin behar zuten aurrera. Biztanle haiek monumentu megalitikoak utzi zizkiguten, beren existentziaren eta kulturaren bertze lekukotasun anitzen artean”, idatzi zuen Miguel Ezkurdiak, Gorostikoen aldizkarian.

Herrialdeko mendiek gordetzen dute arbasoek utzitako ondare hori. 50 eremutan baino gehiagotan, 1.500 megalitotik gora daude zerrendatuta Nafarroan. Gorostik prestatu duen tresnaren bidez, erabiltzaileak jakin dezake trikuharri, menhir eta harrespil horiek zehazki non dauden eta zer ezaugarri nagusi duten. “Asmoa da mendira joaten garenean inguratzen gaituena hobeki ezagutu ahal izatea. Anitzetan, ondoan zer dugun jakin gabe ibiltzen gara mendian, eta merezi du ondarea ezagutzea”, berretsi du Guillermo Deanek.

Ezagutzea eta zaintzea. Gorostiko kideak salatu du megalitoak galdu izan direla mendietan egindako lanen ondorioz, eta “tamalgarritzat” jo du ondarea “modu horretan” galtzea. 2018an, Leitzako Irusoko dolmena hondatu zuten: monumentuaren gainean ehizarako dorre bat eraiki zuten. Iaz, berriz, Etxarri Aranazko Fagamendiko dolmena txikitu zuen basolanetarako makina batek. “Bada zer zaindu”.