Batera, herri garbi baten alde

Arbizuko bizilagunen eta agintarien nekeak goia jo du, eta urrats bat egin dute aurrera, Agotzaina enpresak herriko ibaira egindako isurketak salatzeko: udalak Nafarroako Gobernura jo du, eta ikerketa jarri dute abian; herritarrek, berriz, Leziza Bizirik plataforma sortu dute, «presioa» egiteko.

Edurne Elizondo

Arrain hilak, usain txarra, eta aparra ur gainean. Agotzaina enpresak 1985ean hasi zuen bere jarduera, eta Arbizun egindako bidean horiek dira utzi dituen arrastoetako zenbait: arrain hilak Leziza ibaian; usain txarra herriko etxeetan; eta aparra gainezka inguruan. “Herritarrak nekatuta daude”, erran du Arbizuko Udaleko alkate Francisco Javier Razkinek, azkeneko urteotako egoeraz.

Urte luzez pilatutako neke horrek mugiarazi ditu arbizuarrak: batetik, udalak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko kideengana jo du, ikerketa abia dezaten; bertzetik, Leziza Bizirik plataforma sortu dute herritarrek, Agotzaina enpresak egiten dituen “isurketak salatzeko”, eta “neurriak” har ditzaten eskatzeko. “Presioa egin nahi dugu, behingoz, herri garbi bat lortzeko”, laburbildu du plataformako kide Ainara Razkin Barandiaranek.

“Goi kalitateko oboproduktu likido pasteurizatuak” egiten ditu Agotzaina enpresak, bere web orriko informazioaren arabera; Bekoetxe markarekin saltzen ditu. Azken urteotan, gainera, bere “negozio esparrua” zabaldu du etxe horrek, eta haragi produktuak ere ekoizten eta saltzen hasi da. Ingurumenari buruz, ondokoa jaso du Agotzainak webgunean: “Konpromisoa hartzen dugu ingurumena zaintzeko, etengabe; konpromisoa hartzen dugu gure bezeroentzat produktu seguruak lortzeko; eta konpromisoa hartzen dugu ekoizteko pertsonen eta animalien oinarrizko eskubideak errespetatuz”. Gizakiz bertzeko animaliak esplotatzen ditu enpresak, aipatutako produktu horiek guztiak merkaturatzeko.

Araztegi txikia

Arbizuarrak aspaldi hasi ziren ezbaian jartzen ustez Agotzainak ingurumenarekin duen konpromiso hori. “Urtetik urtera, gora egin du enpresak; gero eta gehiago ekoizten du, eta dituen azpiegiturak ez dira nahikoak eragindako hondakinak kudeatzeko”, erran du Arbizuko alkateak, Francisco Javier Razkinek. Ondorioz, Agotzainaren hondakin horietako anitz ibaira edo herriko estolderiara ailegatzen dira.

“Enpresak duen araztegia txiki gelditu zen, aspaldi”, erantsi du Leziza Bizirik plataformako Ainara Razkin Barandiaranek. Herritarrek udalak hasitako bidea lagundu nahi dute, eta sinadurak biltzeari ekin diote, enpresako eta Nafarroako Gobernuko arduradunei helarazteko. Arazoa aspaldikoa dela berretsi du, eta badela garaia konpontzeko. Iazko udan egoerak “nabarmen okerrera” egin zuela gogoratu du, eta Leziza ibaiko urak “aparrez beteta” agertu zirela. “Estolden bidez etxeetan sartzen den usainak, gainera, buruko mina eragiten die herritar askori”.

Buruko min hori fisikoa eta metaforikoa ere bada. Arbizuko Udaleko agintariek ongi dakite. Aurreko legegintzaldian ere egin zuten saioa Nafarroako Gobernuak esku har zezan, baina orain arte ez dute lortu. “Isurketa bat orain, gero beste bat; gertaerak banaka hartu dituzte, orain arte, baina bada garaia dugun arazoari bere osotasunean heltzeko”, erran du alkateak.

Asmo horrekin berarekin jo zuen Arbizuko Udalak Ingurumen Departamentuko agintariengana, 2020. urteko bukaeran. Datuak bildu eta gobernuko kideen esku jarri zituzten. Ingurumen Departamentuak ikerketa abiatzea erabaki zuen, eta, ondorioz, ikuskaritza egin zion Agotzaina enpresari, iazko azaroan. Departamentuko arduradunek ez dute deus erran nahi izan ikerketaren emaitzen inguruan: “Zigortzeko prozedura bat dago martxan, eta, amaitu arte, ezin dugu informaziorik eman”, adierazi dute departamentu horretako komunikazio saileko iturriek.

Batzarra, herriko etxean

Arbizuko Udaleko agintariek herritarren esku jarri dute, une oro, lortutako informazioa. Larunbatean egin zuten azken batzarra, herriko etxeko areto nagusian. Agotzaina enpresako kideekin egindako bileraren berri eman zieten udaleko arduradunek herritarrei, bertzeak bertze: Agotzaina enpresako kideek ezagutarazi dietela egun dagoen araztegia aldatzeko, eta azpiegitura handiago eta egokiago bat jartzeko asmoa dutela. “Zerbait egiteko bidean direla esan digute”, berretsi du Razkin alkateak.

Bitartean, enpresak bere ekoizpen erritmoa mantsotu egin beharko duela garbi du Arbizuko Udalak. “Egun, udalak emandako lizentziarekin ari dira lanean. Nafarroako Gobernuak esan du ingurumen baimen integratua behar dutela. Lortu arte, egokitu dezatela jarduera duten baimenera eta baliabideetara”, exijitu du alkateak.

Aldaketa sumatu dela erran du Leziza Bizirik plataformako Razkin Barandiaranek, hain zuzen ere; hobera egin duela egoerak, azken boladan. “Nafarroako Gobernua hasi da mugitzen; egun oro ez bada, bi egunean behin etortzen dira basozainak, ingurua zaintzera”, azaldu du.

Nafarroako Gobernuak egindako urratsek eragin dute Arbizuko herritarrek sumatu duten aldaketa, herriko alkateak arbizuarren aurrean azaldutakoa berretsi baitute Agotzaina enpresako arduradunek: Ingurumen Departamentuak behin-behineko neurriak hartzera behartu dituela, eta produkzioa jaitsi dutela, ondorioz. Arbizukoa ez da duten planta bakarra, eta produkzioaren zati bat bertze batera bideratzea ere aztertzen ari dira. “Nafarroako Gobernuak bere txostenean jasotako arazo guztiak konpontzeko borondatea dugu, ingurumen arau guztiak betetzekoa”, azaldu du enpresak.

Arbizuko Udalak emandako lizentzia ez dela nahikoa onartu du Agotzainak ere; ingurumen baimen integratua behar duela Arbizuko lantegiak, alegia. “Baimen hori lortzeko urratsak egiten hasi gara jada”, erran dute lantokiko ordezkariek.

Arbizuko plantan 48 langile ditu Agotzainak; oboproduktu likidoen produkzioaz arduratzen dira egoitza horretan, eta 18.900 tona inguru ekoizten dute, urtean, enpresak emandako datuen arabera. Herritarrek salatutako isurketen inguruan, arazoaren jatorria zein den ez dakitela erran dute enpresako arduradunek: “Arazo zehatza zein den ez dakigu; halere, joan den udatik ari gara egun dugun araztegia handitzeko eta automatizatzeko lanean”, erantsi dute. 2007an eta 2014an ere araztegia moldatzeko lanak egin zituztela gogoratu dute. Enpresak Nafarroako Gobernuan aurkeztu du jada araztegia handitzeko proiektua, eta helburua “lanak ahalik eta azkarren” egitea dela berretsi dute arduradunek.

Eskumena, mugatua

Egoera noiz konpondu zain dira Arbizuko Udaleko arduradunak eta herritarrak. Arazoak luze iraun duela ere garbi dute denek herrian, urteak eta urteak eman dituztelako isurketekin eta usain txarrekin. “Udalak ahal zuena egin du orain arte, baina gure eskumenak mugatuak dira”, erran du Francisco Javier Razkin alkateak.

Nafarroako Gobernuak orain hartu du esku, eta martxan jarri duen zigortzeko prozedurak agerian utzi du zer konpondu badela. Aipatzekoa da Agotzainak diru laguntza publikoa jaso duela, gutxienez, 2020ko lehiakortasuna hobetzeko deialdiari esker.

 

 

Justiziak bat egin du Iguzkitzarekin, eta lizentzia ukatu du lohien plantarako

Arenak 2011n jaso zuen baimena. Iguzkitzako Udalak kendu egin zion, urratsik ez egiteagatik. Erabaki hori berretsi du orain epaile batek.

E. Elizondo

“Lasai egon gaitezke, justiziak bat egin baitu gurekin, azkenean; jarrai dezakegu Montejurra babesten kutsagarria izan daitekeen jarduera batetik”. Iguzkitzako Udaleko alkate Jose Ignacio Urrak erran ditu hitzok, Iruñeko Administrazio Gaietarako Hirugarren Epaitegiaren sententzia jaso eta gero: epaileak berretsi du udalaren erabakia, eta ez du baimendu Aridos Reciclados de Navarra enpresak Azketan egin nahi zuen lohien konpost planta.

2011koa da proiektua. Urte horretan eman zion Iguzkitzako Udalak enpresari lehendabiziko jarduera lizentzia. Asmoa zen indusketa lanetatik eratorritako lurrak, obra hondakinak eta inausketa eta lorategietako hondakinak erabiltzea lorategietako lurrak sortzeko. 2013an, Nafarroako Gobernuaren baimena jaso zuen Arena etxeak, jarduera esparrua zabaltzea erabaki eta gero. Obrak hasi bazituen ere, ez zuten inoiz martxan jarri lohiak tratatzeko planta. Ondorioz, Iguzkitzako Udalak “iraungitzat” jo zuen emandako lizentzia.

Arena enpresak erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta justiziak arrazoia eman zion, hasiera batean. Enpresak, baina, administrazioak agindutako zenbait neurri ez zituen hartu, eta Iguzkitzako Udalak lizentzia bertan behera uzteko erabakia berretsi zuen. Erabaki hori ontzat jo du orain bertze epaile batek, eta planta martxan jartzeko atea itxi dio Arenari.

Zigor txostena

Iguzkitzaibarko herritarrek hasieratik izan dute kezka proiektu horrek Montejurran eta inguruko lurretan eta uretan eragin zezakeen kutsaduragatik. Iguzkitzako alkate Urrak garbi dauka Montejurrako hegala ez dela “toki egoki bat” lohiak tratatzeko planta bat jartzeko, eta, ondorioz, “kontent” hartu du epaileek proiektua hutsean utzi izana. Urrak gogoratu du Nafarroako Gobernuak enpresaren aurkako zigor txostena egin zuela, isurketak egiteagatik.