Amets Aranguren Arrieta
Ertzaina ertz zaina zela uste zuela esan zidan lagun batek duela urte batzuk, ertzak zaintzen dituena. Izan zitekeen, baina ez, herri zaina omen. Hemendik gutxira urtebete eginen duen pandemiak dena gelditu eta mantsotu duen honetan, batzuek aspertuta segitzen dute eta aukerarik nimiñoena suertatzen denean ere, hor agertzen dira, burutik oinetarainoko ekipajeaz eta ez esku hutsik. Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak liburuan, Miren Agur Meabe elkarrizketatuak aipatzen du, behin literatur eskola batean Anariri entzun ziola nahiz eta Abiadura Handiko Trenaren kontra egon, ez zaiola horren kontrako kantarik ateratzen eta berari antzeko zerbait pasatzen zaiola idazteko orduan zenbait gairekin. Identifikatua sentitu nintzen horrekin, baina noizbehinka eztanda egiten du gordetako horrek guztiak.
Espainiolezko tirar a dar esamoldearen itzulpen bila ibili dira kazetariak azken astean. Jotzera tiro egin irakurri diot Argia-n Axier Lopezi. Hala esan zion urtarrilaren 20ko gauean herri zain batek beste bati Donostiako alde zaharrean, gazte miserable antisozial batzuen kontrako agindu batean, bideo batek frogatzen duen gisan. Bi pertsonari masailezurra hautsi, lau atxilotu eta gutxienez bederatzi zauritu arin izan dira ondorioetako batzuk, baina tiro egin zutenek ez zekiten horiek izan zitezkeenik ondorioak… Ja. Alde zaharreko gazte asanblada ez da besoak uztarturik gelditu, noski, eta hainbat kontzentrazio eta manifestazio egin dituzte dagoeneko.
Afera honetatik guztitik deskonektatuta ibili denak galdetuko du…baina zer egin zuten gazteek, bada? Kontua da galdera horren erantzunik ez dagoela poliziaren jarrera zilegiztatzeko. Berdin da zer egin duten. Berdin da. Batzuetan nahikoa da kontrol batean autoritateari kasurik ez egitea, honek tiro batez hil zaitzan. Tout le monde déteste la police, baina baita haien atzean daudenak ere. Eta ikusten ez duenak, betikoa, begiratu nahi ez duelako ez du ikusiko.
Bitartean, Galder eta Aitor arabarrak Madrilen, Auzitegi Nazionalean, espetxean 8 urte pasatzeko aukera mahai gainean eta azalduz (guk instituturako erabiltzen genuen) Altus markako motxila bat ez dela lehergailuak eramateko motxila. Galdera zentzugabeei erantzun zentzudunak ematen. Galderak egiten dituztenen lagunak Iñigo Cabacasen auziari barrezka. Eta beste hamabi gazte nafar heldu den otsailean telematikoki deklaratzeko zain, Espainiako koroa iraintzea egotzita.
Altsasuko auzia itxitzat eman dute asteburu honetan Altsasuko gazteek eta haien guraso eta lagunek lau urteren ondotik, eta, haiekin egon direnei eskerrak emateaz gain, auziaren zentzugabekeria eta basakeria azpimarratu nahi izan dituzte agerraldian. Altsasu 2.0 baten bila ari al dira?
Bortizkeria armarik gabe gauzatu badaiteke ere, hau kasualitatea bortizkeriaren kontra omen daudenak izatea armadun bakarrak…