Ana Ibañezek eta Dani Martirenak elkarrekin ondutako laugarren liburua plazaratu dute: ‘Amonarenean kea’. Errezeta bati lotutako irudiak dira oroitzapenen inguruko testuaren oinarri.
Edurne Elizondo
Amonarenean tximiniari darion kea izaten da, igande oro, bilobentzat kremazko eta marrubizko hostopil bat laberatu duen seinale. Errezeta hori da Ana Ibañez ilustratzaileak eta Dani Martirena idazleak elkarrekin ondutako Amonarenean kea (Liburu Iletsuak, 2020) liburuaren abiapuntu. Batera egindako laugarren lana da, baina aurrekoekin alderatuta, badauka ezberdintasunik: lehendabizikoz, Ibañezek egindako ilustrazioei so idatzi du Martirenak testua; alderantzizkoa izan da prozesua aurrekoetan: Martirenaren hitzak hartu, eta irudi bilakatu izan ditu Ibañezek.
Ibañezen ilustrazioak ez ziren, berez, liburu bilakatzeko sortu. “Galtzagorrirekin gastronomiaz eta ilustrazioaz egindako ikastaro baterako egin nituen. Errezeta bat oinarri hartuta, plater bat prestatu, eta, aldi berean, marraztu egin behar genuen”, azaldu du Ibañezek. Kontua zen, zehazki, txikitako oroitzapen bat errezeta batekin lotzea, eta Ibañezek amonaren etxean jandako kroketen inguruko emozioak eta sentsazioak bilakatu zituen marrazki.
“Etxean amaitu zuen ikastaroan hasitako lana; nik marrazkiak ikusi, eta zerbait idazteko gogoa sentitu nuen”, kontatu du Martirenak. Amonarenean kea da batek eta bertzeak egindako lanaren emaitza.
Txikitako oroitzapenak marraztu ditu Ibañezek, eta Martirenaren testuak ere oroitzapenei eta memoria ahoz-aho transmititzeko beharrari egiten die so. Horregatik, amonak bere lau bilobentzat prestatzen duen hostopila aitonaren heriotzaz hitz egiteko aitzakia bilakatzen da, haurrek emakumea bisitatzen duten igande horietako batean.
Txiki, baina ez ergel
Aitonaren heriotzak indarkeriaren hotsa jartzen du Martirenaren testuaren erdigunean, 1936ko gerran hil zutela kontatzen baitie amonak bilobei, azkenean. Haurren eta helduen arteko komunikazioaz gogoeta egin nahi izan dute egileek, eta garbi utzi dute haurrekin “edozeri buruz” hitz egiten ahal dela. Bai eta gerran hil zuten aitonari buruz ere. “Mariasun Landak dio haurrak txikiak direla, baina ez ergelak”, oroitu du Martiarenak: eta ados da. “Kontua da nola eta noiz hitz egin jorratu nahi dugun horretaz”.
Egileek nabarmendu dute liburua ez dela gerrari buruzkoa; berretsi dute oroitzapenak eta memoria dituela ardatz. Kremazko eta marrubizko hostopila egiteko errezetaren berri emanez, amonak bere memoria partekatzen du bilobekin, errezeta horren sekretua uzten baitu haurren esku. Oroitzapen zehatz batek, gainera, bertze batzuk ekartzen ditu: errezetak ekartzen du aitonaren heriotza erdigunean jartzea, eta istorio hori baliatuz, Ibañezek eta Martirenak liburuaren mugak gainditzen dituen bertze bat eman dute argitara: Burgosen (Espainia) maisu ari zen Antoni Benaiges kataluniarraren istorioa; ikasleak lehenengo aldiz itsasoa ikustera eraman nahi izan zituen. Amonarenean kea liburuko aitona bezala, 1936ko gerran hil zuten: 1936ko uztailaren 25ean fusilatu zuten.
Ibañez eta Martirena “hagitz kontent” dira beren lanaren emaitzarekin. Bien arteko elkarrizketak osatu du, urratsez urrats, liburua. Hala ere, idazleak nabarmendu du testua ilustrazioei so eginez idatzi izanak “oreka” eman diola lanari. “Testua gailentzen ohi zaio irudiari, baina kasu honetan ez da hain agerikoa; emaitza orekatuagoa da”.
Beren kabuz pentsatu, prestatu eta argitaratu dute liburua bi egileek. Horrek baditu alde onak eta txarrak, nabarmendu dutenez, baina eskertu dute, batez ere, sortzeko izan duten askatasuna.
2018an, Etxepare saria irabazi zuten Ibañezek eta Martirenak Cosimoren katiuskak ipuinarekin; aurretik, Hankaz gora du amak mundua (2015) eta Jonek Jone izan nahi du (2017) argitaratu zituzten. Garbi dute Amonarenean kea ez dela azkena izanen.