Amets Aranguren Arrieta
Badira hilabete batzuk gaiak galdu duela protagonismoa (sareetan, behintzat), baina hor dago kontua, batzuen buru eta esku artean. Euskal Herriak, beste herri/nazio/estatuen antzera, ereserkia behar duela uste dute batzuek, eta ezetz beste zenbaitek. Horretan pentsatu ez duten beste lagun asko ere badira.
XXI. mende hasieran euskal herritar taldetxo bat heldu da proposamen bat esku artean: gure herriak ereserkia behar du eta Gernikako Arbola da egokiena. Dozenaka musikari ezagunek sinatu dute alde. Segituan sortu zitzaizkidan zalantzak horren berri izatean. Zergatik behar dugu ereserki bat? Nork erabakitzen du behar dugun ala ez? Eta behar izatekotan, zein da eta zergatik ez Gernikako Arbola?
Kontua argitu nahian eta nire burua pixka bat gehiago kokatze aldera, Euskal Herriko punta desberdinetako lagunei galdetu diet. 20-30 urte arteko zortzi lagunekin mintzatu naiz: Iruñea, Ahatsa, Bilbo, Irunberri, Getxo eta Tuterakoekin. Hona hemen era xumean iritzi batzuk:
Bilbo aldeko lagunetako batek ez du gehiegi pentsatu ereserki baten inguruan, eta horrek ulertarazten dio agian ez dela gazteriak dituen kezkatako bat. Ez zaio Gernikako Arbola egokia iruditzen horretarako; “nik errepublika laikoa nahi dut”, azaldu du. Ereserkia izatekotan herri sentimendua adierazten duen kantu polit bat hautatuko luke, nazio ikuspegia zaintzen duena. Imanolen baten bat aipatu du.
Tuteratik antzeko iritzia heldu zait, beharrezkoa da ereserkia, bai, herri batek sinboloak behar dituelako bere burua eraikitzeko. Inklusiboa beharko luke, letrak eduki aldetik indar handia izan eta eguneratua egon. “Gernikako Arbola-k ez du puntx-ik”. Aitortu dit gaia berarendako ere ez dela inoiz premiazkoa izan.
Irunberriko lagunak dio ereserki bat izatea ona izan daitekeela, baina ez dela beharrezkoa. “Letrarik gabeko kantu bat izan daiteke, edo dantzatzen den musika bat”. Dagoenetik hautatu beharko genukeela dio, bozkatuz. Getxoko lagunak, nazio identitatea sortzeko, ereserkia elementu zentral gisa ikusten du. Eusko gudariak edo Gora eta gora Euskadi aipatu ditu, eta Gernikako Arbola-ren kontra ere ez litzateke agertuko, baina ulertzen du agian kantu hauek ez dutela Euskal Herri osoko jendea berdin ordezkatzen.
Ahatsakoak ere ez du iritzi argirik, ez du inoiz gogoeta handiegirik egin gaiaren inguruan, baina ez, Gernikako Arbola ez zaio kantu egokia iruditzen. Tuterako beste lagunak antzekoa dio: kantu horrek ez duela bat egiten orainarekin, eta ez duela argi ereserkirik behar ote dugun; baditugula momentu eta egoera desberdinetarako “ereserkiak”. Iruindarrek baietz, ereserki bat beharko genukeela agian, baina lehenago litzatekeela Txoria txori, Gernikako Arbola baino.
Ez dira dozenaka sinadura, baina ereserkia egotekotan horren transmisioaz arduratuko liratekeenen iritziak dira, agian beste batzuenak baino gehiago kontuan hartzekoak.