Pareta behera bota arte

Pareta behera bota arte

Mugimendu feministarentzat egun oro da Martxoaren 8a; asteon, halere, kalea hartu du, birusak baldintzatuta, baina «sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialistaren» horma pitzatzen segitzeko prest eta indarrez.

Edurne Elizondo

More bilakatu dira maskarak, Martxoaren 8arekin batera. Koronabirusak eragindako pandemiak baldintzatu ditu aurtengo protestak eta aldarriak, baina karrika ere berezko esparrua duela agerian utzi du mugimendu feministak, herriz herri eta auzoz auzo.

Herrialdean, Iruñean egin du bat jende gehienak; bertzeak bertze, Nafarroako Parlamentuaren aurrera eraman dute emakumeek “sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista eta kolonialistaren” kontrako oihua —andre bat atxilotu zuten foruzainek astelehenean, eta ospitalera eraman behar izan zuten, askatu eta gero, besoa minduta zuelako, eta garbi utzi dute pareta pitzatzen segitzeko prest direla, “zapaltzen” dituen “sistemaren” horma behera bota arte.

Pandemiak baldintzatu ditu aurtengo mobilizazioak, bai eta diskurtsoak ere, neurri handi batean, osasun krisiak nabarmen utzi baititu herritarren arteko desberdinkeriak. Bai eta emakumeen artekoak ere, sistemak ez baititu denak modu berean zeharkatzen.

Zarys Falcon (Kolonbia, 1976) duela bi urte luze ailegatu zen Nafarroara; iazko Martxoaren 8an, Gazteluko plaza agertoki bilakatu zuen Katanga Dub bere taldearekin, eta mugimendu feminista dantzan jarri zuen: “Testuinguru ezberdinetako emakume anitzek egin zuten bat egun hartan, eta denok batera mugitu ginen; borroka bereko ahizpa bilakatu ginen, finean”.

Urtebete joan eta gero, “feminismo antirrazista eta antikolonialista” baten beharra nabarmendu eta berretsi du ekintzaile feministak. Horretan jarri ditu gogoa eta indarra; Martxoaren 8an ez ezik, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzan ere bai. Falconek parte hartu du, bertzeak bertze, okasiorako egindako kantarekin. Uharten, gainera, Arte Garaikidearen Zentroan aritu zen artista, Martxoaren 8aren bezperan.

Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kidea da Falcon, eta eskertu du herrialdeko mugimendu feministaren ahalegina kolektibo horren aldarrikapenak bere egiteko. “Lan handia dago egiteko oraindik ere, baina orain erran dezakegu hemengo

mugimendu feministak baduela asmoa eta gogoa bertze diskurtso batzuk kontuan hartzeko eta bere egiteko”, nabarmendu du artista eta ekintzaileak.

Musikariak azpimarratu du, gainera, “kontzientzia hartu” duelako eman duela mugimendu feministak pauso hori, eta horregatik jo du garrantzitsutzat. Ildo horretan, Iruñerrian, bertzeak bertze, arrazakeriaren eta kolonialismoaren auziei eutsiko dieten jardunaldiak prestatzen ari direla erantsi du Falconek.

Denen elkargune

“Balio handia dute, nire ustez, mugimendu feminista diskurtso ezberdinen arteko elkargune bilakatzeko azken aldian egiten ari diren urratsek”, erran du Falconek, argi eta garbi. Herrialdeko hamaika txokotan egindako elkarretaratze eta manifestazioetako anitzetan entzun dira, Martxoaren 8an, arrazismoaren eta kolonialismoaren kontrako aldarriak, hain zuzen ere. “Egia da, oraindik ere, emakume zuriak direla ikusgarri, batez ere, mugimendu feministan bertan, baina ari gara bide bat egiten”, zehaztu du. Martxoaren 7ko Uharteko kontzertuan hitza hartzeko eman zioten aukerak erakusten du, Falconen hitzetan, “zabaltzeko” intentzioa badela.

Ohartarazi du, halere, “adi” egon beharra dagoela. Adi, adibidez, bertzeen diskurtsoak bideratzeko edo ikuskatzeko tentazioaren aurrean: “Kontua ez da bertzeak salbatzea, edo bertzeak eskutik eramatea; beldurrik gabe begiratu behar diogu elkarri begietara, eta hitz egin”. Hori eginez gero, Falconek ez du zalantzarik, eta garbi du mugimendu feministak lortuko duela heteropatriarkatuak oinarri duen “beldurraren eta zatiketaren” diskurtsoa bazter uztea. Pareta denen artean botatzeko behera.