“Elkarteko kide izateak bermatu egiten du babesa”

“Elkarteko kide izateak bermatu egiten du babesa”

Nafarroako Landa Hotelen Elkarteko buru izendatu dute Karlosena Kontin. Azaldu duenez, izurriteak gogor jo du turismoa, baina argitu du krisiak balio izan duela “lezio asko” ikasteko.

Uxue Rey Gorraiz

Pandemia dela-eta garai iluna du turismoak, baina Otsagabiko Auñamendi hoteleko Javier Karlosena Kontinek (Otsagabia, 1963) uste du laster nagusituko direla itxaropen argi izpiak. Urtarriletik, Nafarroako Landa Hotelen Elkarteko lehendakari da, eta karguan izanen da datozen lau urteetan. Azaldu du garai berrietara egokitzea dela hotelen biziraupenerako gakoetako bat, eta sinetsia da ongi bidean direla horretarako.

Zertan oinarritzen da Landa Hotelen elkartearen jarduera?

Elkarteko kide diren hogei hotelen alde ari gara, amankomunean dituzten xedeak erdiesteko. Gure asmoen artean dira marketina, formakuntza eta digitalizazioa.

Horrelako hotel batentzat, zer neurritan da lagungarri elkartearen lana?

Elkarri laguntzen diogu, eta, azken batean, etenik gabeko komunikazioa izaten dugu kideen artean. Zernahi gai jorratu behar denean, arazoa dena dela ere, elkarrekin saiatzen gara arazoari aurre egiten. Elkarlana da guztiaren oinarria, eta, gainera, asko ikasten dugu ondokoari so eginez. Bada gauza bat oso argi azaltzen ahalegintzen garena: elkarteko kide izateak ez du esan nahi gehiago salduko duzunik, baina bermatu egiten du babesa jasoko duzula.

Duela 25 urte baino gehiago sortu zen elkartea. Ordutik asko aldatu dira lehentasunak?

Zalantza izpirik gabe, izugarri. Ziurrenik ez da aldaketa handirik izan elkartearen izaeran, baina lan egiteko modua goitik behera da desberdina, baita testuingurua ere. Hasierako urteetan, Nafarroako eremu batzuetan ia ez zegoen turismorik, orduko eta gaur egungo bezeroek deus gutxi dute ikusteko, eta hotelak kudeatzeko modua guztiz bestelakoa da. Esaterako, den-dena egiten zen telefono bidez edo eskuz. Azken urteotan turismoa ikaragarri garatu da, eta biziki saiatu gara garai berrietara egokitzen, alderdi askotan. Hala eta guztiz ere, espiritua eta leloak antzekoak dira betidanik. Turismoaren artisauak ginela genioen lehen, eta, orain, hau da gure lema: Nafarroa, parez pare.

Nolakoa da Nafarroako landa hotelen espiritua, zehazki?

Aurrez aurre egiten diegu harrera bezeroei, oso modu hurbilean. Turismo mota hau familiarragoa da, eta jasangarriagoa. Landa eremuan egonik, denak oso identifikaturik sentitzen gara gure inguru naturalarekin. Hain zuzen, hori da Nafarroako turismoaren indarguneetako bat: natura oso ongi kontserbatua dago, oro har.

Nola eragin dio pandemiak landa turismoari?

Urtebete pasatu da, baina gogoan dut hasieran sentitu genuen izua, dena bat-batean itxi zutenean. Ondotik, arazoa luzatzen ari zela ikusi genuen, eta ezinegona are handiagoa zen. Egia da neurriak malgutu egin zirela uda partean, eta, hortaz, batzuentzat garai ona izan zen ekonomikoki. Ordea, beste zenbaitentzat askoz gogorragoa izaten ari da urtea. Adibidez, badira beren jarduna Donejakue bidearekin biziki lotua duten hotelak; horiek apenas izan dute lanik. Kasuak askotarikoak dira.

Oraindik indarrean dira muga batzuk. Nola baldintzatzen dute zuen lana muga horiek?

Nafarroa itxia duen konfinamendu perimatralak bere hartan segitzeak kalte handia egiten dio gure turismoari. Gure merkatua Nafarroatik kanpokoei zuzendua dago hein handi batean, eta, are, askorentzat diru sarrera handia dakarte nazioartetik etorritako bidaiariek. Bestalde, ostalaritzako barnealdeak ixteko agindu dute berriz, eta hori sekulako oztopoa da. Zer esanik ez mendi inguruetako hotelentzat. Neguan, egun hotz eta euritsuetan, ezinezkoa da terrazetan zerbitzua eskaintzea.

Oro har, araudia bera da Nafarroako leku guztietarako. Landa eremuaren kalterako da hori?

Kasu askotan, bai. Nafarroa autonomia erkidego txikia da, baina, aldi berean, askotarikoa ere bada. Horregatik, birusaren eragina desberdina da eremuaren arabera. Jakina da eremu batzuetan izurriak ez duela ia ondoriorik izan; intzidentzia mailak askoz apalagoak dira toki batzuetan. Ondorioz, guk aldarrikatzen dugu mugak ezartzerako orduan beste parametro batzuk ere hartu beharko liratekeela kontuan. Dagoena dago, onartu besterik ez dugu, baina kritikoak gara.

Nolakoa aurreikusten duzue udaberria?

Azken hilabeteetan gertatu bezala, ziurgabetasuna da nagusi. Luzaroan, pentsatu genuen krisia behin-behinekoa izanen zela, uste genuen udazkenerako dena ongi egonen zela, eta argi dago zer gertatu den: olatuak ikusi ditugu pasatzen, bata bestearen atzetik, eta kasik berdin jarraitzen dugu. Aste Santua oso mugatua izanen da, eta udaberria ez da inolaz ere normala izanen. Dena dela, uste dugu denborak aurrera egin ahala hobera eginen duela guztiak. Badugu itxaropena, eta, gainera, krisiak balio izan digu ondorio batzuk ateratzeko.

Zer-nolako ondorioak?

Pandemiak oso gogor zigortu gaitu, ekonomiari dagokionez pairatu dugun kolpea izugarri latza izan da. Hala ere, lagungarri izan zaigu gauza ugari ikasteko. Esaterako, batzuentzat pizgarri izan da haien negozio eredua birplanteatzeko. Uste dut indartuak aterako garela krisi honetatik; eginen dugu aurrera. Hala ere, jakitun gara ez dela erraza izanen, eta arriskua dago, noski, batzuk bidean gelditzeko.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku