Ez da hain zaila ulertzea

Ez da hain zaila ulertzea

Lur Albizu Etxetxipia

Ez balitz feminismoagatik, segur aski beste pertsona bat izanen nintzateke oraintxe. Hori uste dut. Egun batean gauza berriak ikusten eta sentitzen hasi nintzen, beste batzuez ohartzen eta, onerako eta txarrerako aldaketa prozesu bat bizitzen hasi nintzen. Nirekiko, eta baita inguruarekiko ere. Bereziki inguruarekiko. Eta inguruarekin.

Ez dakizu ongi nola, baina, azkenean, beste betaurreko batzuk dituzu jantziak une oro. Batzuetan handi sentiarazten zaituztenak. Errealitatea beste modu batera, zuzenago, errealago ikustea eragiten dutenak. Beste batzuetan edonor nekatzeko modukoak. Baina betaurreko horiek zenbat aldatu gaituzten kolektiboki eta zenbat bizitza eraldatu (edo salbatu, dibertigarriago egin, beste ikuspegi bat eman, jarri nahiago duzun aditza) dituzten!

Azken urteetan, gainera, kalean sorpresa handiak eman ditu mugimendu feministak. Batzuek uste zutenaren kontra, besteen mespretxuen eta uste okerren aurrean. Lau ero ematen zuten batzuek duela hainbat hamarkada, eta nola hazarazi duten mugimendu oso bat! Lau ero eta histeriko (eta lodi, eta bollera, eta itsusi, eta hemen ere jar ezazu nahi duzun hitza) horiei esker etorri dira beste milaka eta bat-batean olatua ez dago gelditzerik. Bat-batean olatua geratzera dator, eta berdin dio zein den bere tamaina: buruak eta bizitzak aldatzera etorri eta lortzen ari da, manifestazioak handiak, oso handiak, erraldoiak edo besterik gabekoak izan. Harago joan izan delako. Ez dago atzera bueltarik. Ez dakit norbaitek imajinatuko zuen duela bost urte halako greba feministak asmatu, berrasmatu eta garatuko zirenik. Hartu duten pisua hartuko zutenik, hainbeste jende batuko zutenik eta halako diskurtsoarekin aurrera eginen zenik. Are gehiago: ez dakit norbaitek imajinatzen zuen feminismoak hainbeste borroka hartuko zituela aintzat bere baitan, dakarren guztiarekin.

Mugimendu feminista izan da eta da militatzeko esparru aberasgarria, emakume* oso anitzak batzen dituena eta desberdintasunak kudeatzen espezialista. Eta ez bereziki errazagoa delako, ez bereziki emakumeek* dohain bereziak dituztelako: ibilbide politiko konpartituak egiteko apustu garbia egiten delako baizik. Aniztasunetik, baina erradikaltasunez. Eztabaidaz, baina hortik nonbaitera iristeko predisposizioz. Desberdintasunetatik, baina parekoa aintzat hartuz. Minak konpartituz, eta etsaia garbi.

Horregatik ez dut ulertzen zein interes dagoen oinarri hauek dituen mugimendu bat guztiz arrakalatu eta, gainera, Espainiatik datozen eztabaida konkretu batzuk erabiltzeko. Espainiatik eta interes konkretu batzuk dituztenak, gainera. Ez dut ulertzen esentzialismoa nondik datorren eta ez dut ulertzen zein arrisku jasanezin ditugun gure aurrean. Ez ditut ulertzen Euskal Herriko Mugimendu Feministarekiko mespretxua, eta gutxiago publikoki eta hain bortitz. Feminismoa ez da bakarra, ez da kolore bakarrekoa, eta, are gehiago, ez du esentzialismoetan sinesten.