Gorde, atzendu baino lehen

Gorde, atzendu baino lehen

Nafarroako gertuko historia babestu, gorde eta zabaltzea da Nafarroako Artxibo Garaikidearen lana. Argazki ahalik eta osoena egiteko,norbanakoen dohaintzak ezinbestekoak dira.

I. Tubia

Babestu, gorde eta zabaldu. Hori da Nafarroako Artxibo Garaikidearen lan nagusia: gertuko historia kontatzeko baliagarriak diren dokumentuak zaindu, eta horien berri ematea. Horretarako, Funts Garaikideen eta Oraingoen Proiektua dute, eta horren parte da Iruñeko Udal Ikastolaren artxiboa. Oraingoz, ikastetxeetako eta hamabi lagunen afixak, argazkiak, unitate didaktikoak, koadernoak eta abar jaso dituzte, eta bideo bat ere egin dute udal ikastolaren sorrerari buruz. Nafarroako Hitza-ren webgunean ikus daiteke.

Funts Garaikideen eta Oraingoen Proiektua 2018an abiatu zuten: “Erakundez kanpoko dokumentazio dohaintzak sustatzeko abiatu zen”, esan du Maite Sola Nafarroako Artxibo Garaikideko atalburuak. Alderdi politikoek, sindikatuek, auzo elkarteek, enpresek, idazleek, bildumagileek eta norbanakoek haien dokumentazio funtsa eman dezakete, eta artxiboak ardura hartzen du dokumentazio hori gorde, babestu, deskribatu eta, “posible den heinean”, zabaltzeko.

“Informazio hau oso baliagarria da”, azaldu du Solak. “Norbanakoen dohaintzak oso garrantzitsuak eta interesgarriak dira, 1970etik aurrerako Nafarroako gizartearen argazki panoramiko bat egiteko baliagarriak baitira”. Izan ere, artxiboan dokumentazio administratiboa edukitzen dute, baina norbanakoek eramandako afixek, argazkiek eta abarrek “kolorea” ematen diote bildumari.

Guzien eskura

Dokumentu horiek publikoak dira orain, eta edozeinen eskura daude. Balia litezke Iruñeko Udal Ikastolaren inguruko edo hezkuntzaren inguruko ikerketak egiteko, adibidez. Material hori eskuragarri egon dadin, artxiboan dagoena bildu, deskribatu eta gorde behar dute. Izendaturik dauden PH neutroko kutxetan gorde dute dena, ongi babesteko eta aise aurkitzeko.

Udal ikastolaren artxiboa 120 kutxatan bilduta dago, baina kopurua handitu liteke, jendeak etxean duen materiala eramaten badu. Jaime Pla artxiboko langileak dohaintzak egiteko deia luzatu du: “Norbanakoek pentsa dezakete garrantzi handirik ez dutela etxean dituzten gauzek, baina gero mosaiko bat egiten dugu guziak batuta, eta gure historia ikertzeko baliagarria da”.