Landatutakoak ura behar du

Landatutakoak ura behar du

Nafarroako ikastolen mugimenduaren sorrera eta horrek euskararen normalizazioan egin duen ekarpena jaso du Nafarroako Ikastolen Elkarteak dokumental batean.

I. Tubia

Ez zen batere erraza izan, baina egin, egin zuten. Nafarroan euskara atzeraka zebilen abiada handian, eta euskaltzaleek esku hartzea deliberatu zuten. Duela 50 urte landatutako hazietatik loratu dira gaur egungo euskarazko eskolak eta ikastolak, eta ibilbide hori bildu du NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteak Landatu, ureztatu, loratu dokumentalean. Baina landatutakoak etengabeko ureztapena behar du aurrerantzean ere haz eta lora dadin, eta, gibelera begiratzeaz gainera, etorkizunerako erronkak mahai gainean paratu dituzte.

Dokumentalaren ekoizpena eta elkarrizketak Aitor Ortiz de Felipek eta Rakel Sueskunek egin dituzte, eta Ortiz de Felipe arduratu da musikaz. Nafarroako Gobernuaren Sustraiak diru laguntzari esker egin dute, eta NIEren webgunean ikusgai da. Ez da halako ikus-entzunezko lan bat egiten duten lehen aldia. Gogo bat bada horren atzean, Sueskunen ustez: “Badugu artxibo moduko bat sortzeko grina; behintzat, pertsona horien guzien testigantzak eta bizipenak gordetzea. Altxor bat dira”. Besteak beste, transmisioa ziurtatu nahi dute: “Ikastoletako ikasleei bideo hau erakustea inportantea da. Nondik gatozen jakin behar dute: horren atzean egon zen lana, indarra eta motibazioa”.

Ikastolari zuzenean edo zeharka lotutako testigantzak biltzen ditu dokumentalak: hasierako gurasoak eta bultzatzaileak dira mintzo, egungo irakasleak, baita euskararen normalizazioan zein hezkuntzaren alorrean lan egiten duten pertsonak ere. Aitor Etxarterena da mintzaldirik berezienetako bat; abenduan hil zen. Udal Ikastolaren sortzaile eta Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari ohi Etxarteri omenaldi txikia egiteko ere baliatu dute lana.

Sueskun oso eskerturik agertu da elkarrizketatuekin: “Aitorrentzat [Ortiz de Felipe] eta biontzat oso aberasgarria izan da; hunkigarria. Gozatu egin dugu, eta pribilegio bat izan da lan hau egitea”. Mintzaldi txikiak ageri dira bideoan, baina elkarrizketa osoak Navarchivo Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboan gordeko dituzte, guzien eskura.

Kontakizun kronologikoa egiten du dokumentalak: frankismoaren garaian euskarak bizi izan zuen jazarpena lehenik, eta euskaltzaleak nola antolatu ziren Nafarroan horri aurre egiteko asmoz, hasieran Eusko Bazterra elkartearen bueltan. Testuinguru horretan abiatu ziren ikastolak, eta oztopoz josiriko bide bat euskararen normalizazioa ipar hartuta.

Gelaxka “ziztrin” bat

“Urte horiek bizkorrak balira bezala gogoratzen ditut, eta beti amildegiaren ertzean”, kontatu du Arantza Ametzaga ikastola horietako ama batek dokumentalean. “Nire haurra gelaxka ziztrin batera eraman behar nuen, euskara ikas zezan. Baina esaten nuen: ‘Horrela da orain, baina hobetuko dugu'”. Ikastolak sortzeko eta bultzatzeko kanpainak eta diru bilketak kontatu dituzte elkarrizketatuek, 1970ean nola lortu zituzten zortzi ikasgela Zizurren, eta nola banatu zen proiektua eta Paz de Ziganda ikastola sortu gero. Lizarrako eta Altsasuko ikastolen sorrera, Nafarroa Oinez, eta gainerakoak.

Dokumentalak aurrera ere begiratzen du. Etxartek gogorarazi zuen Nafarroan eskolara doazen haurren %26k ikasten dutela euskaraz, orduan aurreikusi zutenetik oso urruti. Erronka ere bota zuen: “Baloratu behar dugu egindakoak zer maila duen: zenbateraino izan dugun anbizioa eta zenbateraino dugun gaur egun ere anbizioa”. Hark argi zuen: “Asko dugu egiteko”.