Etsai gehiegi

Etsai gehiegi

Amets Aranguren, Arrieta

Ez naiz holako gaietan sartu zalea, ezta kontu hau zehazki lehenengo pertsonan bizi izan duenetakoa ere, baina gaur badut konpartitzeko apunte bat. Urte gutxi batzuk dira Euskal Herriko gazteria aktiboaren baitan beste zatiketa bat eman zela. Onerako eta txarrerako, beste bat. Eta horren aitzinean, denetariko jarrerak: harreman batzuk bukatzea erabaki dute batzuek edo bukatzera heldu gabe ere harreman horiek hoztea. Baina badira ere modu batera ala bestera mantendu direnak.

Pertsonala politikoa da, noski, baina uste dut beste kontu batzuk daudela hor tartean. Teorietatik burua altxatu eta bizitza errealera itzulita, praktikan iruditzen zait uste baino hurbilago daudela/gaudela elkarrengandik. Eta ez nator deus konpontzera, ez inor ezertaz konbentzitzera ezta informazio neutro bat ematera. Ez naiz militante aktiboa ez antolakunde batean ezta bestean ere, ez behintzat nahiko nukeen neurrian, besterik gabe, beste lehentasun batzuk ditudalako. Baina nik ere bat egiten dut modu irekian alde batekoekin bestekoekin baino gehiago, lerratzen naiz.

Nire adostasun edo desadostasun pertsonalak alde batera utzita, penatu nauen kontu batez jabetu naiz azkenaldian, ulertzea kostatzen zaidan zerbaitez. Bi antolakundeak ari dira haien jardunarekin aurrera egiten, egitasmoak aurkezten eta egitarauak antolatzen. Horren barnean, eskaintza kulturala egoten da maiz (kultura gisa ulertuta bertsolari pare baten edo musika talde baten ekarpena, adibidez). Eta errepikatzen dira bertsolariak karteletan, eta baita musika taldeak ere, bai antolakunde baten egitarauetan, baita bestearenetan ere. Hautatu behar al da noren izenean jo edo kantatu? Batzuen edo besteen kartelean agertzeak bere egiten al du taldea? Ariko gara sokatiran ea Chill Mafiakoak alde batekoak edo bestekoak diren eztabaidan? Kasu honetan ere horren gainetik ari dira jokoan arrotxapear-mendillorritarrak.

Bilera eta hitzaldietatik kanpoko beste esparru batzuetan egiten dut topo argiki alde bateko edo bestekoak direnekin. Nirekoak direnekin eta bestekoak direnekin, bai. Lagunekin, ezagunekin eta beste musika talde batzuekin. Desadostasunak desadostasun, ez diot gaiari duena baino garrantzia handiagoa eman nahi, ez dut sinesten artikulu eta irakurketa horietatik at hain desberdina denik gure egunerokoa. Oso kursi geratuko zait agian, baina ematen du teoriek, hitz handiek eta irakurketa sakonek eragiten duten distantzia hori murrizteko lana duela biharamunean kulturak (lehen aipatu dudan horrek). Minimoen (berez hain minimo ez diren) politika baztertzeak indar sektarioaz borrokatzea besterik ez dakar.

Agian ez alde batera ez bestera lerratzeak lerratzen du gehien kulturgile edo sortzaile (ez dut ongi ulertzen hitz hau) bat. Eta Herdoil taldeari lapurtuko dizkiot artikuluaren izenbururako hitzak, baita bukaerako hauek ere: Etsai gehiegi ditugula gure arteko mobidetan denbora galtzeko.