“Xorroxinek bizkarrezurra ematen dio eskualdeari”

Xorroxin irratia 1981eko martxoan sortu zen. 40 urte egin ditu uhin artean; euskaraz, eta tokiko informazioa herritarrei ekartzen. Apezetxearen esanetan, hala segituko dute, «bizi-bizirik».

Uxue Rey Gorraiz

Ez da izan ospakizunik, baina badute zer ospatua: Xorroxin irratiak 40 urte egin ditu joan den martxoan. Irratiko esatari eta Karakola segi hola saioaren aurkezle da Josetxo Apezetxea (Erratzu, 1965). Ilusioz oroitzen ditu irratiaren lehen pausoak, eta gogoz begiratzen die datozen urratsei ere.

Zein du irratiak sorburu?

Erratzuko gazte batzuek jarri zuten martxan egitasmoa. 1970eko hamarkadaren hondarrean, bidaia bat egin zuten garai hartako Jugoslaviara, eta kulturalki zerbait egin beharra zegoela ikusi zuten. Solasaldi arinen artean atera zen irratia sortzeko ideia, gero gorpuztuko zena. Gainera, kontuan izan behar da urte horietan gertatzen ari zela irrati libreen sortze prozesua Euskal Herrian. Adibidez, Iruñean zen Radio Paraiso; erdarazkoa zen. Erratzun jaiotakoa, berriz, euskarazkoa; hasieratik zuten garbi. Are, euskara izango zen sortuko zen irratiaren ardatz.

Gogoan dituzu aurreneko emisio egunak?

Oso ongi oroitzen naiz lehenbizikoaz; Erratzuko eskolatik egin zen. Nik 15 bat urte nituen, eta, jakina, herri txikia izanik, beti hartzen zenuen kontuan zu baino zaharxeagoek egiten zutena. Irratiak sekulako jakin-mina eta ikusmina piztu zuen inguruan; izan ere, eskailera handi bat erabili zuten eskolako lehenbiziko solairura iristeko, leihotik sartzeko. Hasiera oso polita izan zuen, eta begira orain: egitasmoaren bultzatzaileek ez zuten inondik ere pentsatuko berrogei urteren ondotik irratiak bizirik segituko zuenik, are gutxiago eskualde osora zabalduko zenik.

Zein dira Xorroxin irratiaren lehentasunezko gaiak?

Euskara dago oinarrian: hura da guztia lotzen duen haria. Hala zen, eta hala segitzen du izaten. Bestalde, jakina, hedabide bat izanik, irratiak balio du eskualdea hezurmamitzeko. Erranen nuke eskualdeari nolabaiteko bizkarrezurra ematen diola, neurri batean. Saiatzen gara hemen egiten diren gehienak irratian ateratzen, jendea jakinaren gainean izateko. Ez bakarrik informatua egoteko; pizgarri izan gaitezke gauza asko indartzeko. Ez dut erranen egitasmoen motorra garenik, baina laguntzen dugu horiek bultzatzen.

Inportantzia handia ematen diozue tokiko informazioari. Nola uztartzen duzue hurbilekoari begiratu nahia mundu zabaleko kontuei ere so egitearekin?

Eskualdetik kanpoko gauzei ere eskaintzen diogu tartea. Ulertzen dugu Nafarroaren eta, beraz, Euskal Herriaren parte bagarenez, inguruko zenbait gaik ere badutela garrantzia. Beti ematen diogu lehentasuna hemengoari, baina ez dugu bestea ahanzten.

Tokikomeko kide zarete. Zer neurritan babesten du horrek irratia?

Kideak izateak aukera ematen digu Tokikomen guardasolpean babesteko. Gainera, gidari ere bada, eta, hari esker, euskaraz ari garen hedabideek norabide bertsuan egiten dugu arraunean. Gauzak eskatzeko orduan, askotariko proiektuak aitzina atera nahi direnean, lagungarri da. Bakoitzak lanak bere gain bakarrik hartu beharko balitu, aski neketsuagoa litzateke.

Kolaboratzaile sare zabala duzue. Nola erdietsi duzue?

Eskualdea oro har herri txikiz osatua denez gero, irratikoek erabaki zuten komeni zela horietan guztietan berriemaileak izatea. Horrela, lortuko zen herri guztietako albisteak biltzea, eta balioko zuen ingurua elkartzeko eta, aldi berean, entzuleak geureganatzeko. Sarea osatu egin da urte hauetan guztietan; ez bakarri berriemaileekin, baita hainbat motatako kolaboratzaileekin ere. Askotariko ekarpenak egiten dituzte, eta, hala, eduki asko eramaten ditugu irratiaren uhinetara. Gai batzuk sinpleak edo txikiak dira itxuraz, baina merezi dute, eta jendeari anitz gustatzen zaio bertako gauzak entzutea.

Hizkuntzari dagokionez, batuaz gainera, euskalkiak aditu daitezke irratsaioetan. Erabaki kontzientea da horren atzean?

Uste dut euskalkien erabilera aberasgarri dela, eta, horrez gainera, beharrezkoa dela iruditzen zait. Egia erran, gure euskara ez dago batutik oso urrun, baina, hala izanagatik ere, saiatzen gara bakoitzak bere herriko hizkeran egin dezan. Oreka lortzea izaten dugu helburu; ez gara euskalki garbi-garbian aritzen, baina ezta euskara batu hutsean ere.

Azkenaldian asko egin da aurrera digitalizazioan. Zer aurrerapauso eman duzue zuek?

Barne funtzionamenduak urrats inportanteak egin ditugu. Baita kanpora begira ere. Adibidez, Erran.eus agertokian argitaratzen ditugu gure edukietako asko, podcast formatuan. Gainera, sare sozialetan aktiboagoak gara orain. Badakigu jende gero eta gehiagok kontsumitzen dituela edukiak horien bidez eta gero eta gutxiago entzuten dela irratia betiko moduan. Bereziki gazteen artean ari da hori gertatzen, eta badugu nolabaiteko kezka. Egungo garaietara egokitu behar dugu: aztertu beharko dugu gazteengana nola iritsi gehiago eta hobeki. Nahi genuke haiek ere senti dezaten Xorroxin beren parte izan daitekeela.

Etorkizunera begira, zein dira Xorroxin irratiaren erronkak?

40 urte egin ditugu, eta ederra litzateke bertze horrenbertze egitea. Herritarrengandik hurbil dagoen hedabidea izan nahi dugu, eta horretan ahalegintzen jarraituko dugu. Jendearen, elkarteen eta erakundeen bozgorailu izatea da helburua.