Garaipen bat aitzinera egiteko

Garaipen bat aitzinera egiteko

Apirilean hasi ziren lanak Aroztegian proiektu urbanistiko bat eraikitzeko, baina herritar talde batek gelditu zituen. Lekarozko 11 eguneko kanpaldiaren ondotik, lanak bazter utzi zituzten. Aroztak taldea kontent da lortutakoarekin, eta borrokan segituko duela ohartarazi du. Hilaren 15ean, manifestazioa.

Iker Tubia

Isiltasuna da nagusi Lekarozen. Miru bat dabil plazan itzulika. Ez da makinen hotsik; bare da herria. Metro batzuk aurrera eginda, Aroztegia jauregia ikusten da. Zaila da gerturatzea, zuhaitzak botata daude bidearen erdian. Hari so gelditu dira Aintzane Ariztegi, Lierni Oteiza eta Aritz Alunda, Aroztegiko proiektu urbanistikoaren kontrako ekintzaileak. Ezinbestean gogora etorri zaizkie lanak gelditzeko egindako protestak. Gelditu dute proiektua, oraingoz, baina badakite ez dela deus bukatu. Gogotsu daude aurrera egiteko, eta maiatzaren 15ean manifestazioa eginen dute, Elizondon.

Herritar talde bat, Lekarozen, apirilaren 14an, makina baten aurrean jarrita, Aroztegiko lanak gelditzeko protestetan. IÑIGO URIZ / FOKU

Apirilaren 8an hasi ziren lanetan Palacio de Aroztegia SM enpresak aginduta. Luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi dituzte han, 300 biztanle inguruko Lekaroz herriaren lurretan. Makinen hotsa aditzearekin batera, herritar talde bat joan zen lanak gelditzera. “Ikusi genituen txikizioa egiten, eta erantzun zuzen bat behar zen eman: erabaki genuen makinen aitzinean paratzea”, azaldu du Oteizak. Hala egin zuten, lau egunez.

Horrekin ez zen aski; estrategia “eraginkorragoa” behar zutela-eta, kanpaldia abiatu zuten. “Hemen geundela erakutsi genuen, eta lanak hasiz gero aditzen genuen, eta segidan mozten genituen”. Beti modu berean erantzuten zuten: hondeamakina edo motozerren aitzinean paratzen ziren, geldi. “Gu ikusi bezala, haiek gelditzen ziren”. Alundak uste du “errazki” gelditzen zituztela, langileek ere ikusten zutelako arriskua bazela.

Kritikak ere jaso dituzte. Eraikuntza arloko patronala biltzen duen Anecop elkarteak salatu zuen Aroztegian lanean ari zirenek “jazarpena” eta “mehatxuak” jasan zituztela, eta makina eta ibilgailuetan “erasoak”, pintaketak eta gurpil zulaketak egin zituztela. Protestak indarkeriarekin lotu zituen, “eraso kanpainatzat” hartuta. CCOO sindikatuak ere “gogor” kritikatu zituen Tex enpresako langileen aurkako “presioa” eta “ekintzak”. “Kasu batzuetan, langileen segurtasuna bera arriskuan jarri dute”, esan zuten, ohar bidez.

Salaketek ez dituzte ezustean harrapatu proiektuaren aurkakoak: “Argi zegoen bertze alderdiek kontradiskurtsoa egin behar zutela”, esan du Alundak. “Presioa euren nagusiengandik etorriko zitzaien langileei. Guk egin dugun bakarra da makinen aitzinean gelditu eta parajeak babestu”. Are, Ariztegik uste du indarkeria Baztango herritarrek jasan dutela Nafarroako Gobernuaren eta enpresaren aldetik. “Hau ez da langileen kontrako mugimendu bat, txikizioaren kontrakoa baizik”, argitu du Oteizak.

Kanpaldi “aberasgarria”

11 egun iraun zuen kanpaldiak. Apirilaren 23an herritik alde egin zuten langileek, eta bost egun beranduago desmuntatu zituzten kanpadendak. “Epe laburreko helburua bete dugu. Badakigu kanpaldi batekin ez dugula proiektu osoa geldituko”, azaldu du Alundak. Gainera, esperientzia “arras aberasgarria” izan dela kontatu dute; izan ere, jende anitz batzeko modua izan da, eta Aroztegiko proiektuaren afera mahai gainean paratu dute.

Aroztegiko proiektuaren aurkako kanpaldia, apirilaren 14an, Lekarozen. IÑIGO URIZ / FOKU

Egunero bi batzar egiten zituzten kanpaldian, eta denen artean erabakiak hartu. Hor sortu zen Aroztak mugimendua, Aroztegia eta gero zer? plataformaren lekua hartu duena. Oteizak emakumeen presentzia azpimarratu du: “Bai aurpegia paratzen zutenak, bai atzeko lanean ari zirenak. Nik uste dut horrek zaintza giro bat sortu duela”. Ez hori bakarrik: adin guzietako pertsonek parte hartu izana goraipatu du. Horrez gainera, bestelako loturak sortu dira, Nafarroa osotik, Gipuzkoatik eta Ipar Euskal Herritik ere joan baitira kanpaldira.

Ekaitzaren ondoko baretasuna sumatzen da Baztanen. Hala ere, itzuliko dira hodei beltzak. Oteizak argi du: “Ez gara inozenteak, badakigu hau ez dela hemen akitzen. Baina pila bat gara, indartsu gaude, eta, bueltatzen badira, gu ere bueltatuko gara”. Bitartean, lanean jarraitzen dute: Lekarozen larunbatero jarduerak antolatu dituzte —bihar kontzertua izanen da—, eta elkarretaratzeak herriz herri. Maiatzaren 15ean manifestazioa eginen dute Elizondon, eta “inflexio puntua” izatea nahiko lukete Aroztak taldeko kideek.

Jendea batu dutela sinetsita dago Alunda: “Hainbertze jende etxean zegoena hasi da mobilizatzen, aurpegia ematen, eta hori mantendu beharra da. Bertzela, bada arriskua giroa itzaltzeko, eta jendea ohartu behar da borrokan segitzen dugula eta bero-bero dagoela afera. Agertuko baitira. Ezin dugu pauso bat gibelera egin”.

Aroztak mugimendukoek uste dute baztandar gehienak proiektuaren aurka direla, eta UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana “kolpe” bat izan zela azaldu du Ariztegik, modu horretan Nafarroako Gobernuak baimendu ahal izan zuelako Aroztegiko proiektua. “Herritarren eta udalaren ahotsa isiltzeko tresna bat izan da. Baina gu gai gara iritzia emateko eta erabakitzeko”. Are, ez du uste intereseko proiektua denik: “Honek atzetik duen interes bakarra pribatua da, eta bertako nekazarien lurrak eta lur komunalak desjabetu dituzte”. Gobernuak oraindik atzera egin dezakeela ere ohartarazi du.

Herritar talde bat, Lekarozen, apirilaren 14an, Aroztegiko lanak gelditzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Proiektua kontraesankorra dela uste du Ariztegik: “Krisi ekosozial baten erdian gaude, eta, alternatibak sortu beharrean, horrelako makroproiektuak bultzatzen dituzte”. Proiektu hori “lurra txikitzeko prozesuen parte bat” dela dio. Turismoa ere izan dute hizpide. Oteiza: “Honek ez du turismoa erakartzen, honek Baztan txikitzen du. Kanpotik etortzen zaizkigu erranez zer den egokiena, baina badakigu nola bizi nahi dugun”. Ariztegi: “Oreka bilatu behar da, herri txikiak babestu”.

Kontent dira orain arte lortutakoarekin, eta etorriko denari aurre egiteko gogotsu. Gertatzen dela gertatuta ere, borroka ez da alferrik izanen. Hala uste du Alundak: “Hemengo borroka izan dadila gerorako eredu bat; ikus dezatela ezin dutela UGEP bat hain erraz inposatu. Herritarren hitza errespetatu behar da”.

Joseba Otondo, Baztango alkatea: “Proiektua geldituko da herritarrek hala erabakitzen badute”

Aroztegiko aferari buruzko kronologia