‘Collage pandemia bat’ erakusketa jarri du Raul Olorizek Iruñeko Geltoki gunean, konfinamendu garaiko gogoetak ardatz hartuta. Hilaren 27ra arte izanen da zabalik.
Edurne Elizondo
Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta karrikako bere etxean sortutako lanak hiriko Geltoki espaziora eraman ditu Raul Olorizek; Collage pandemia bat izenburupean, han zintzilikatu ditu azken hilabeteotan egindako hogei obra baino gehiago, maiatzaren 27ra bitarte.
Koronabirusak eragindako konfinamenduaren inguruko gogoetak hartu ditu ardatz erakusketa prestatzeko, eta collagearen teknikaren bidez ondu ditu lan guztiak. “Bereziki maite” du teknika hori Olorizek. “Irudi bat hartu, eta zerbait berria sortzeko aukera ematen dit: berrerabiltzeko aukera, istorio batetik istorio berriak sortzekoa”. “Eskuz” lan egiten duen artista bat da. “Collage digitalak gustuko ditut, baina niri moztea eta itsastea gustatzen zait”.
Pandemiaren gaiaz harago jo du Olorizek bere collageekin, eta lurraren defentsa jorratu du, bertzeak bertze. Ingurumenaren aldeko herri mugimenduko kide nabarmena izan da Oloriz azken urteotan, hain zuzen ere; artearen bidea hartu du orain, bere jarrera kritikoa bertze modu batera azaleratzeko. Koronabirusa, herriak, lurra, egungo kezkak: denak lotura duela garbi du.
Herri mugimenduetan egindako lanak kolektiboaren dinamiketan murgildu du Oloriz, urte luzez. Pandemiak ekarritako bakartzeak, ondorioz, “anitz” eragin diola onartu du. “Gaizki pasatu dut”. Horregatik, erakusketa prestatzea “terapia” baten modukoa izan dela nabarmendu du. Barrutik eta barrura begira egindako lanak dira, beraz, neurri handi batean; baina, aldi berean, kolektiboa denari buruzko egilearen gogoeta islatzen dute.
Tximinoak eta kaskezurrak
Bi ideia nagusi jarri ditu Olorizek mahai gainean bere lanen bidez: batetik, pandemiak ekarritakoak “esperimentaziorako jokaleku” bilakatu duela gizartea, nolabait; bertzetik, berriz, pandemiaren ondorio larriak jorratu ditu, baita ondorio horiei aurre egiteko beharra ere. Lehen ideia islatzeko, hamabi tximinoren irudiak baliatu ditu. “Tximinoak erabiltzen dituzte laborategietan esperimentuak egiteko; pandemian, gu ere tximino bilakatu gara; itxi gaituzte, eta agintariak gure jokabidea aztertzen ari dira”.
Olorizek garbi erran du ez dela COVID-19aren pandemia ukatzen duten horietakoa. “Sinesten dut pandemia bat badela, sinesten ditut mahai gainean dauden datuak, gertatzen diren heriotzak”. Horrek ez du erran nahi, ordea, aginteak hartzen dituen erabaki guztiak ontzat ematen dituenik. “Uste dut herritar gisa ez dugula dena bertzerik gabe onartu behar, zalantzan jartzea ona dela”.
Koronabirusaren aurpegirik gorrienari so egiteko, kaskezurrek osatutako bertze serie bat egin du Olorizek. “Heriotzaren ideia hor dago”. Kolorez betetako kaskezurrak dira, halere, eta ezaugarri horrek “aurrera egiteko” beharra eta gogoa utzi nahi ditu agerian. Kulturaren esparruan ere, artistek “ezinbertzean” bilatu behar izan dituzte bide berriak aurrera egiteko, lan egiteko eta lan horiek erakusteko pandemiaren egungo jokalekuan.