Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berriendako Literatur Lehiaketak 30 urte bete ditu; liburu batean jaso dituzte 2020ko irabazleen lanak, tartean Saioa Alkaiza Guallar, Sarai Robles Vitas eta Julio Soto Ezkurdiaren testuak. Jendaurrean aurkeztu dute, Iruñean.
Edurne Elizondo
Dolores Redondo balitz bezala sentitu ote zen galdetu zion kazetari erdaldun batek Saioa Alkaiza Guallarri (Iruñea, 1991), Egile Berriendako Literatur Lehiaketako sariak banatzeko egindako ekinaldian. Narrazio laburreko lehen saria irabazi du Alkaiza Guallarrek Ez dago hondoratzerik lanarekin, bai eta poesiako hirugarrena ere Helduaroaren bezperan olerki sortarekin. Euskaraz ari diren egile berrientzako lehiaketa da Iruñeko Udalak antolatzen duena; 1985ean egin zuten aurrenekoz, eta 30. aldia izan zuen 2020koa, azkena. Liburu batean jaso ditu udalak orain saritutako testuak.
Urtarrilean egin zuten lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia, eta Iruñeko alkate Enrique Maiak parte hartu zuen, bertzeak bertze. “Anitz egin dugu euskararen alde”, erran zuen Maiak, egun hartan, gaztelaniaz. “Patetikoa izan zen udalak hizkuntzaren inguruan duen jarrera zuritzeko egin zuen saiakera”, gogoratu du Alkaiza Guallarrek, Maiak errandakoari buruz. Herritar anitzentzat euskara eta euskal kultura “erabat arrotzak” direla nabarmendu du egileak, gainera. “Ez gaituzte ezagutzen”, erran du, Dolores Redondo aipatu zion kazetariaren galdera gogoratuz.
Alkaiza Guallarrek, Sarai Robles Vitasekin (Barañain, 1996) eta Julio Soto Ezkurdiarekin (Gorriti, 1987) batera aurkeztu du saritutako lanak jaso dituen liburua, Iruñean, Karrikirik antolatutako agerraldi batean. Robles Vitasek hirugarren saria jaso du narrazio laburren atalean Bost egunotan, eta Soto Ezkurdia, lehena izan da poesiarenean Giza geografia. Liburuak, halaber, Irati Majuelo, Iñigo Satrustegi, Juan Jose Pellejero eta Izaskun Igoa saridunen testuak bildu ditu.
Aski, ez; beharrezkoa, bai
Herritar anitzentzat “ezezagun” izan arren, euskaraz ari diren egile berriek nolabaiteko komunitatea osatzen dutela erran dute Alkaizak, Roblesek eta Sotok jendaurrean. “Besteen lana ezagutzen eta estimatzen dugu, eta elkar zaintzen dugu”, azaldu du Robles Vitasek.
Lehiaketak emandako aukera eskertu dute hiru egileek. “Presiopean idazteko beharra dut”, erran du, adibidez, Robles Vitasek, baina “bestelako bideak” ere behar direla erantsi du. Egileek garbi dute, hain zuzen, euskal kultura eta euskal literatura sendotzeko bidean lehiaketen urrats hori ez dela nahikoa. “Ez da aski, baina beharrezkoa da”, zehaztu du Soto Ezkurdiak.
Euskara hizkuntza gutxitua dela ahaztu gabe eta Nafarroako egunerokoan baztertuta dagoela aintzat hartuta, Soto Ezkurdiak nabarmendu du ez dela zokoratuta sentitu euskaraz idazteagatik. “Alderantziz, euskaraz idazteak gauzak erraztu dizkit”. Komunitatearen ideiarekin lotu du bizipen hori egileak.
Gehiago erran du Alkaiza Guallarrek, eta “erresistentziarako modutzat” jo du hizkuntza, euskara “zokoratzen” duen jokaleku batean. “Liburuan parte hartzen dugun asko Iruñerrikoak gara; familia erdaldunetatik gatoz, eta gure artean bada hizkuntza politizatzeko hautu kontziente bat”.
Iruñeko Udalak 1985. urtean jarri zuen martxan egile berriendako lehiaketa; geroztik ez dute urte oro egin, baina egin diren lehiaketa guztietako lanak biltzeko liburuak argitaratu ditu udalak. 2007ko aldia berezia izan zen, lehiaketa antolatu beharrean beka eman zuelako Udalak. Fertxu Izquierdok jaso zuen, eta, haren eskutik, Mendeko borroka eleberria argitaratu zuen, Pamiela argitaletxearekin.
Sari bikoitza
Azken urteotan, narrazio laburren eta poesiaren atalen inguruan sendotu da Egile Berriendako Literatur Lehiaketa. Bi arlo horiek ez dute inoiz huts egin. Lehiaketaren azken aldian, bietan jaso du saria Saioa Alkaiza Guallar egileak, eta, bietan, gainera, denboraren joana, zahartzea eta adina izan ditu, bertzeak bertze, aztergai.
Ama-alaba batzuen arteko harremana du oinarri narrazio laburrak, eta egunerokoan dauden gatazka txikiak kontatzen ditu. “Uste dut horietan dagoela handitasuna: gertatu zirenean betiko markatuko zintuztela imajinatuko ez zenituen horietan, nolabait esanda”, azaldu du Alkaiza Guallarrek.
Gorputzaren inguruko gogoeta ere bada igerileku batean kokatutako Alkaiza Guallarren testuan; bada araua zalantzan jartzeko eta kritika soziala egiteko asmo bat; ez bakarrik narrazio laburrean, bai eta olerkietan ere.
Sistemak ezkutatzen duena erdigunean jartzen du, halaber, Sarai Robles Vitasen Bost egunotan izenburuko lanak. Espetxean sartu aurreko bost egunetan gertatzen denaren eta sentitzen duenaren kronika egiten du egilearen pertsonaiak orrietan, eta zabaltzen du hamaika gogoetatarako aukera: “Bizitza zer den, zer den kartzela…; espetxera doazenak deshumanizatzen ditugu, estigmatizatzen ditugu, eta hori guztia jorratu nahi izan dut”. Atzerako kontaketa baten bidez aurkeztu du kartzelan sartu aurreko tarte horri buruzko bere kontakizuna.
Etsipena bainoago, haserrea
Julio Soto Ezkurdiak konfinamenduan idatzitako olerkiak jaso ditu Giza geografia izenburuko lan sarituan. Itxialdian sortutako gogoetak garatu ditu. “Koronabirusari buruzkoak, osasunari eta gaixotzeko beldurrari buruzkoak; badira gogoeta batzuk distopiari buruzkoak ere, eta kulturari buruzkoak”, azaldu du egileak.
Heriotzaren inguruko gogoetaren arrastoa Soto Ezkurdiaren olerki gehienetan dago; egileak garbi erran du, halere, ez dituela etsipenez idatzi: “Haserre eta kezkatuta idatziak dira, batez ere”. Heriotzaren inguruko gogoeta bizitzari buruzkoarekin lotu du egileak: “Hiltzeko beldurra galdu duena da bizitza gehien gozatzen duena”.
Narrazio laburren atalean, Irati Majuelo Itoitzen Erroma lanak jaso du saria, Alkaizaren eta Roblesen testuekin batera; olerkien atalean, Sotorekin eta Alkaizarekin, Iñigo Satrustegi Andres saritu du udalak, Irakurketa kimikoa lanagatik. Narrazioetan, epaimahaiaren aipamena jaso du Juan Jose Pellejero Goñiren Gizaseme diskretua lanak; eta poesian, Izaskun Igoa Jaimerenaren Lurra zango zolaren gainean testuagatik.
Lan horiek guztiak jaso ditu udalak argitaratu berri duen liburuak. 2020ko egile berrien testuak dira orri horietan bildutakoak. Anitz dira 1985etik udalaren lehiaketan parte hartu duten idazleak, eta egile berri izandako anitz, hain zuzen, bide luzeko sortzaile bilakatu dira jada. 2021ean ere egile berrien bila jarraituko du lehiaketak.
Iñaki Azkona: «Lehiaketa oso garrantzitsua eta emankorra izan da; lorbide bat askorentzat»
E. Elizondo
Iñaki Azkonak (Iruñea, 1956) Iruñeko Udaleko teknikari lanetan eman ditu 34 urte, 1984an zerbitzua martxan jarri zenetik erretiroa hartu arte. Egile berriendako lehiaketaren sorreran parte hartu zuen.
Zer asmoz antolatu zenuten?
Plangintza prestatu, eta alorretako bat zen euskal literatura bultzatzea. Lehen unetik, Nafarroako egileak erakarri nahi izan genituen.
Oztoporik izan zenuten?
Udalaren aldetik? Ez, ez genuen izan. Lanean hasi berriak ginen, eta euskarazko literatura bultzatzea zeregin garbienetako bat zen guretzat. 1985eko lehen aldi hartan, Aingeru Epaltzak irabazi zuen.
Egile berrien lana bultzatzea izan zenuten helburu hasieratik?
Hori izan da ezaugarri nagusietako bat: egile berriei bidea zabaltzea; zehazkiago esanda, egile berri nafarrei edo Nafarroa bizitoki dutenei. Horrek berezi bilakatu du gure lehiaketa. Gogoan dut Koldo Izagirrek lan kritiko bat idatzi zuela literatura lehiaketen inguruan, eta gurea zen ontzat jotzen zuen bakarrenetakoa; hain zuzen, ongi zehaztua zegoelako egile berriendako zela.
1985etik aurrera, egokituz joan da lehiaketa. Nolakoa izan da bilakaera?
Bai, aldatuz joan da. Narrazioa eta olerkia beti izan ditugu, eta, zenbait alditan, bi arlo horiek komikiak eta bertsolaritza ere izan dituzte lagun. Bertsoen esparruan, hain zuzen, arrakasta handia izan zuen lehiaketak hasieratik. Bertsolari gehienek parte hartu dute. Nabarmentzekoa da Jon Barberena zenaren kasua; bertsolaritzatik olerkira egin zuen jauzia. Oso olerki ederrak egiten zituen; bertsolaria olerkari on bilakatu zen.
Euskal literatura bultzatzea izan da asmoa beti; helburua bete duzuela uste duzu? Lehiaketak egin duela espero zenuten ekarpena?
Nik uste dut lehiaketa oso garrantzitsua izan dela, oso emankorra. Gero Nafarroako euskal literaturan nor izatera iritsi diren ia egile guztiek parte hartu dute lehiaketan. Uste dut askorentzat lorbide bat izan dela.
1985etik egiten da lehiaketa, baina zenbait urtez gelditu izan da bertan behera. Gorabehera handikoa izan da bidea?
Gorabeheratsua izan da, bai. Urte batez, adibidez, Vicente Etaio zinegotzi zela eta Pedro Pejenaute hizkuntza politikako arduradun, antolatu nahi izan zituzten bi sail: bat euskara batuan eta bestea Nafarroako euskalkietan. Ni horren kontra nintzen; azkenean, atzeratuz joan, eta egin gabe gelditu zen.
Iruñeko Udalak behar zen garrantzia eman dio lehiaketari?
Iruñeko Udalak garrantzia eman dio, bai. Udalaren gehiengoaren babesa izan du beti, nik uste. Sariak alkateak banatu izan ditu beti. Uste dut ematen zaiola garrantzia. Orain ere, Maia joaten da. Agian, UPNkoak ez dira eroso sentitu izanen behin baino gehiagotan, baina udalaren gehiengo batek nahi izan du beti lehiaketa antolatzea.