Iñaki Azkona: “Lehiaketa oso garrantzitsua eta emankorra izan da; lorbide bat askorentzat”

Iñaki Azkona: “Lehiaketa oso garrantzitsua eta emankorra izan da; lorbide bat askorentzat”

E. Elizondo

Iñaki Azkonak (Iruñea, 1956) Iruñeko Udaleko teknikari lanetan eman ditu 34 urte, 1984an zerbitzua martxan jarri zenetik erretiroa hartu arte. Egile berriendako lehiaketaren sorreran parte hartu zuen.

Zer asmoz antolatu zenuten?

Plangintza prestatu, eta alorretako bat zen euskal literatura bultzatzea. Lehen unetik, Nafarroako egileak erakarri nahi izan genituen.

Oztoporik izan zenuten?

Udalaren aldetik? Ez, ez genuen izan. Lanean hasi berriak ginen, eta euskarazko literatura bultzatzea zeregin garbienetako bat zen guretzat. 1985eko lehen aldi hartan, Aingeru Epaltzak irabazi zuen.

Egile berrien lana bultzatzea izan zenuten helburu hasieratik?

Hori izan da ezaugarri nagusietako bat: egile berriei bidea zabaltzea; zehazkiago esanda, egile berri nafarrei edo Nafarroa bizitoki dutenei. Horrek berezi bilakatu du gure lehiaketa. Gogoan dut Koldo Izagirrek lan kritiko bat idatzi zuela literatura lehiaketen inguruan, eta gurea zen ontzat jotzen zuen bakarrenetakoa; hain zuzen, ongi zehaztua zegoelako egile berriendako zela.

1985etik aurrera, egokituz joan da lehiaketa. Nolakoa izan da bilakaera?

Bai, aldatuz joan da. Narrazioa eta olerkia beti izan ditugu, eta, zenbait alditan, bi arlo horiek komikiak eta bertsolaritza ere izan dituzte lagun. Bertsoen esparruan, hain zuzen, arrakasta handia izan zuen lehiaketak hasieratik. Bertsolari gehienek parte hartu dute. Nabarmentzekoa da Jon Barberena zenaren kasua; bertsolaritzatik olerkira egin zuen jauzia. Oso olerki ederrak egiten zituen; bertsolaria olerkari on bilakatu zen.

Euskal literatura bultzatzea izan da asmoa beti; helburua bete duzuela uste duzu? Lehiaketak egin duela espero zenuten ekarpena?

Nik uste dut lehiaketa oso garrantzitsua izan dela, oso emankorra. Gero Nafarroako euskal literaturan nor izatera iritsi diren ia egile guztiek parte hartu dute lehiaketan. Uste dut askorentzat lorbide bat izan dela.

1985etik egiten da lehiaketa, baina zenbait urtez gelditu izan da bertan behera. Gorabehera handikoa izan da bidea?

Gorabeheratsua izan da, bai. Urte batez, adibidez, Vicente Etaio zinegotzi zela eta Pedro Pejenaute hizkuntza politikako arduradun, antolatu nahi izan zituzten bi sail: bat euskara batuan eta bestea Nafarroako euskalkietan. Ni horren kontra nintzen; azkenean, atzeratuz joan, eta egin gabe gelditu zen.

Iruñeko Udalak behar zen garrantzia eman dio lehiaketari?

Iruñeko Udalak garrantzia eman dio, bai. Udalaren gehiengoaren babesa izan du beti, nik uste. Sariak alkateak banatu izan ditu beti. Uste dut ematen zaiola garrantzia. Orain ere, Maia joaten da. Agian, UPNkoak ez dira eroso sentitu izanen behin baino gehiagotan, baina udalaren gehiengo batek nahi izan du beti lehiaketa antolatzea.