Hamar hautagaitza aurkeztu dituzte. Nafarroako Gobernuak hil honen amaieran argituko du aurtengo irabazlearen izena.
Edurne Elizondo
Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluak hamar hautagaitzaren artean erabakiko du aurtengo Vianako Printzea sariduna. Nafarroako Gobernuak hil honen amaieran ezagutaraziko du irabazlearen izena. Esparru ezberdinetakoak dira aurtengo hamar hautagaiak. Batzuen eta bertzeen ekarpenak eta merituak nabarmendu dituzte hautagaitzak aurkeztu dituzten erakundeek.
Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluko ordezkari Itziar Garciak aurkeztu du Artaxoako kazetari David Beriain (1977-2021) Vianako Printzea saria jasotzeko. Joan den apirilean hil zuten, Roberto Fraile telebista kamera eta lankidearekin batera, Burkina Fason lanean ari zirela.
Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluko Tomas Marcok proposatu du Teresa Catalan Sanchez konpositorea (Iruñea, 1951). Piano jotzailea ere bada, eta duela bi urte hartu zuen erretiroa musika irakaskuntzan.
Filologo, teologo eta pedagogoa da Jesus Hernandez Aristu (Gazteluberri, 1943), eta Espainia Iparraldeko Elkarte Espainiar-Alemaniarraren babesa jaso du. Iruñeko Ganbera Abesbatzako presidente izan da, bertzeak bertze.
Nafarroako Historia Ikasketen Elkarteak aurkeztu du Miguel Ibañez Artika itsas biologoaren (Iruñea, 1950) hautagaitza. Numismatikan aditua da, eta hamaika lanen egile esparru horretan; bertzeak bertze, Nafarroako Museoarekin elkarlanean.
Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak Fernando Mikelarena historialariaren (Bera, 1962) hautagaitza aurkeztu du. 1936ko garbiketa politikoari buruzko hamaika lanaren egilea da; tartean, Sin piedad eta La (des)memoria de los vencedores liburuak.
Kulturaren eta Artearen Nafarroko Kontseiluko ordezkari Patxi Txokarrok Francisco Mangado arkitektoa (Lizarra, 1953) proposatu du saria jasotzeko. Iruñeko Baluarte auditoriuma da haren lanetako bat.
Kulturaren eta Artearen Nafarroako Kontseiluko ordezkari Villar Lopezek Cesar Oroz ilustratzailea (Iruñea, 1968) aurkeztu du saria jasotzeko. Diario de Navarra-n argitaratzen ditu marrazkiak, bertzeak bertze, duela 30 urtetik.
Kulturaren eta Artearen Nafarroko Kontseiluko ordezkari Sandra Ollok Eduardo Gil Bera idazlea (Tutera, 1957) proposatu du.
Donejakue Bideko Lagunen Elkarteek babestu dute Obanosko Misterioa fundazioaren hautagaitza. Bi urtean behin, herri osoak antzezten du Obanosko misterioa, 1965etik aurrera.
Txiribueltak proposatu du Atena fundazioko dantza eta antzerki taldea sarirako.