Herrialdeko liburu saltzaileak karrikara atera dira, eta igandera bitarte egonen dira Iruñeko Gazteluko plazan; Nafarroako Liburu Azoka antolatu dute, aurrenekoz, gobernuaren eta sektoreko bertze hainbat erakunderen laguntzarekin.
Edurne Elizondo
Sumatu da: liburu dendariak karrika gogoz ziren, eta herritarrak, berriz, saltzaileak plazara noiz atera zain. Nafarroako Liburu Azokak eman die dendariei eta irakurleei bat egiteko aukera egunotan. Joan den ostiralean hasi zen, eta igandera bitarte egonen da zabalik, Iruñeko Gazteluko plazan.
Nafarroako Liburu Azokak lehen aldia du egunotakoa; orain arte, Iruñeko saltzaileak baino ez ziren ateratzen karrikara. 2019ko udaberrian, XVIII. liburu azoka egin zuten, baina iazkoa bertan behera gelditu zen, koronabirusaren pandemiaren ondorioz. “Gogoz hartu dugu aurtengoa”, nabarmendu dute Iruñean bat egin duten liburu saltzaileek.
Hamasei denda ari dira azokan parte hartzen. Iruñekoak ez ezik, Eguesibarkoak, Tuterakoak eta Urrozkoak ere badira; askotarikoak dira, gainera. Herrialdeko idazleak eta editoreak ordezkatzen dituzten zenbait erakundek ere egin dute bat azokan, bai eta Nafarroako Gobernuak ere. Liburu bat pentsatu eta saldu bitarteko eragile guztiak inplikatu dira, beraz.
Osasun krisiak markatu du azken urtea, baina, hala eta guztiz ere, azokako saltzaileek nabarmendu dute “ona” izan dela liburugintzarentzat. “Konfinamenduan gora egin du pantailen aurrean eman dugun ordu kopuruak, eta jendea, azkenean, nazkatu egin da, eta bestelakoak bilatu ditu”, azaldu du Iruñeko Katakrak liburu dendako kide Hedoi Etxartek. Bestelako horien artean, hain zuzen, “anitzek” liburuak hautatu dituzte.
Gehiago irakurri
“Lehendik ere irakurtzen zutenek gehiago irakurri dute; gutxi irakurtzen zutenek anitz irakurri dute; eta irakurtzen ez zutenak, berriz, irakurtzen hasi dira”, erran du Iruñeko Walden dendako arduradun Daniel Rosinok. Biziki eskertu du “karrika hartzeko” eta herrialdeko bertze saltzaile anitzekin egoteko azokak emandako aukera.
Miguel Iglesias da Waldeneko saltzaileak plazan dituen kideetako bat. Tuteratik etorri da egunotan Iruñera, Erriberatik hiriburura ekarri nahi izan baitu Letras a la Taza liburu dendako giroa. Esker ona agertu nahi izan du Iglesiasek, Rosinok bezala: “Eskerrik beroena bezeroei, unerik zailenetan haien babesa jaso eta haien berotasuna sentitu dugulako”.
Liburugintzan ari diren eragileen arteko “elkartasuna” azpimarratu du, berriz, Iruñeko Abarzuza liburu dendako Martxela Abarzuzak. Azoka hasteko irrikan egon da azken asteotan, eta garbi erran du aurtengo aldia “berezia” izaten ari dela. Nor bere esparrutik, baina denak elkarrekin aritzeko ahalegina jarri du erdigunean.
Iruñeko Chundarata liburu dendarena, adibidez, hagitz esparru zehatza da: ilustrazioarena. Haurrentzako liburu ilustratuak saltzen dituzte, batetik; eta, bertzetik, helduentzako komikiak. Dendako arduradun Maider Diazek “ontzat” jo du herrialde osoko zenbait sailtzailek bat egin izana, eta editoreek eta idazleek ere azokan parte hartu izana. Liburu zaharrak saltzen dituzten bi dendak ere jarri dituzte beren postuak Gazteluko plazan. “Polita da denok bat egitea; askotarikoa da eskaintza, eta horrek denoi egiten digu mesede”, erran du Diazek.
Iruñeko San Gregorio karrikako Menades liburu dendako Pilar Escaladak ere nabarmendu du “bat egite” hori: “Irakurleen eta bezeroen arteko saretze moduko bat ere gertatu da azken hilabeteotan, eta babes horrek lagundu digu aurrera egiten”.
Igandera bitarteko egunak lan handikoak dira Nafarroako liburu saltzaileentzat; baina “pozik” ari dira denak lanean. Nor bere esparrutik, denak elkarrekin.
Argazkia: Iñigo Uriz / Foku