Bertsolarien ahotsak haritzen

 ‘Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak’ diskoa plazaratu du Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak. Sareak sustatu eta kulturari bultzada emateko egitasmo bat da.

Olaia L. Garaialde

Bertsolarien artean igaro den hari batek zeharkatzen du Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak diskoaren azala. Bertsolarien ahotsak haritzen, diskoan barrena garraiatzen da haria. Nafarroako emakume bertsolarien ahotsak eta bertso sortak biltzen ditu, eta hainbat helburu ditu: ondare diren bertso-sorta idatziei bultzada ematea, jasotzea eta ikusgai egitea, eta emakume bertsolarien saretzea sustatzea, besteak beste. “Harremana sendotu, eta sortzailea izatea nahi genuen. Ez izatea bilera huts bat; gu sortzaileak gara, eta, hortik abiatuta, elkarrekin zerbait sortu nahi genuen”, nabarmendu du Irati Majuelo bertsolariak.

Aspaldi buruan zuten ideia batetik sortu dute diskoa. 2019. urtean Nafarroako Bertsozale Elkarteko Feminismo Batzordea sortu zuten, elkartzeko beharra izan zutelako. Bertan, beren egoeraren inguruan hausnartu zuten. “Oso ondo atera zen, eta bide horretan jarraitu nahi genuen pixka bat”, esan du Majuelok. Pandemiak erdibidean harrapatu zituen, baina ez zituen geldiarazi. “Sarea eta lekua hartzea, ahotsa altxatzea eta ausartzea garrantzitsua da”, azpimarratu du Erika Lagoma bertsolariak. Lucia Goñi bertsolariaren omenez jarri zioten Gure Aldetara izena, askotan aipatzen zuen esamoldea zelako. “Iruditu zitzaigun oso ondo definitu gaitzakeen esaldi bat dela, gure aldetara, gure modura; gure harremanak ospatzeko eta Luciari [Goñi] omenaldi bat egiteko oso polita dela”, esan du Majuelok.

“Gure aldera. Nafarroako emakume bertsolariak” diskoaren azala. NBE

Aniztasunaz josita

Nafarroako Bertsozale Elkarteak sustatutako egitasmo bat da, eta euskarazko hamalau kantak osatzen dute diskoa. Denak bertso idatziak dira, bertsoa oinarri hartuta sortutako kantak. Biek diote aniztasunaz jositako kantak direla, hainbat instrumentu erabiltzen dituztelako, hala nola pianoa eta biolontxeloa, eta koplen edota Argentinako payadoreen egiturak dituztelako. Diskoaren sorreran hainbat bertsolarik parte hartu dute, oso gazteak, denbora zeramatenak kantuan, utzi zutenak eta diskorako bertso sorta bat sortu dutenak. Horrek ere aniztasuna ematen diola dio Majuelok: “Oso ondo adierazten du gu geu nolakoak garen. Eta oso pozik nago horrekin”.

Majuelo bertsotan eta antolakuntzan ibili da, eta, alde horretatik, positiboa izan dela dio: “Niretzat oso pozgarria izan da ikustea zer erantzun egon den; ez gara emakume bertsolari asko Nafarroan, baina gaudenak oso aktibo gaude. Uste dut elkarrekin gauzak egiteko gogoa dagoela”. Lagomak Durangon (Bizkaia) grabatu zuen bere kanta. “Tokatu zait gauzak pixka bat kanpotik egitea, eta, COVID-19aren istorio honekin, ez da hain erraza izan”. Etxean duen mikrofono batekin grabatu zuen ahotsa, eta, kantan Matxalen Erzillak biolontxeloa jotzen duenez, Iruñetik grabatu eta dena batu zuten.

Diskoa Nafarroako Bertsozale Elkartean, Karrikirin (Iruñea), Arrano elkartean (Lesaka) eta Altxuko dendan (Erratzu) salgai egonen da. Proiektua sortu eta saltzetik harago doa, halere, eta hezkuntza arautuko bertsolaritza programan eta bertso eskoletan lantzeko material pedagogiko gisara zabaldu nahi dute. “Askotan ez dituzte topatzen emakumeek idatzitako bertso sortak edo gai konkretu batzuk lantzen dituzten bertso sortak. Horretarako ere garrantzitsua da”, azpimarratu du Majuelok.

Gai asko jorratzen dituzte diskoan; adibidez, bertsolaritza, genero ikuspegitik. Bertsolari ibilbidean oso ondo inguratuta sentitu da Lagoma; tarteka, baina, bakarrik ere sentitu dela dio: “Nire bertsolari ibilbidean emakume gisa nahiko bakarrik sentitu naiz. Adibidez, lehenengo finalean bakarrik kantatu nuen Estitxu Arozenarekin, eta gainontzeko finaletan beti izan naiz emakume bakarra. Ni baino zaharragoak direnak ere utziz joan ziren”. Biek argi ikusten dute adin batetik aurrera emakume bertsolarien kopuruak behera egiten duela. “Oso nabarmena da neska gazte asko daudela bertso eskoletan, baina adin batetik aurrera zenbaki hori amildu egiten da, ia-ia zerora”, salatu du Majuelok. Nahiz eta arrazoi pertsonalak ere tarteka ibili, “aldagai sistematikoen ondorio” direla adierazi du Lagomak: “Ez da kasualitatea. Herrialde guztietan gertatzen da, eta ofizio askotan. Hor badago zer hausnartu”. Beraz, indarrak batuta, egoerari aurre egin nahi diote. Badira lantzen dituzten beste gai batzuk: hala nola neska gazte batek izan ditzakeen kezkak, migrazioa eta hilekoa.

Aurkezpena, Barañainen

Bertsolarien artean saretzeak duen garrantzia azpimarratu dute Majuelok eta Lagomak. Diskoa bertsolarien arteko topagunea izateko baliagarria izan da, eta aurkezpen saioa horretarako erabiliko dute ere. Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperena bertsolariek aurkeztuko dute Gure aldetara. Nafarroako emakume bertsolariak, gaur, 19:00etan, Barañaingo kultur plazan. Horrez gain, kantetako bat abestu, eta bertso saio bat eginen dute.

Bidea lanaren aurkezpenetik harago doala azpimarratu du Majuelok: “Behin diskoa aurkeztuta, oso interesgarria iruditzen zaigu beste pauso bat ematea: bertso saioak antolatzea, geuk elkarrekin kantatzeko. Hortaz, saiatuko gara udan bertso saio batzuk antolatzen, eta gero ikusiko dugu zer bide egiten dugun”.

Parte hartzaileak

Bertsolariak:

Saioa Alkaiza.

Alazne Untxalo.

Joana Ziganda.

Amaia Lasheras.

Enma Murillo.

Idoia Granizo.

Bittori Elizalde.

Lide Arrieta.

Erika Lagoma.

Estitxu Fernandez.

Maddi Ane Txoperena.

Kristiñe Txoperena.

Irati Majuelo.

Haizea Beruete.

Estitxu Arozena.

Ekhiñe Zapiain.

Uxue Mesa.

Iratxe Muxika.

Ane Telletxea.

Lide Igoa.

Nimbe Urtxegi.

Musikariak:

Itsaso Agirre (kantaria).

Haize Agirre (kantaria).

Jorge Cordon (pianoa).

Matxalen Erzilla (biolontxelo).

Uhaina Apezetxe (gitarra).

Koldo Montoia (gitarra).

Jone Uriarte (gitarra).

Argazkiak: Nafarroako Bertsozale Elkartea.