Mintzakuadrillak egitasmoak deituta, ‘Nafarroako musikariekin hizketan’ solasaldian hartu dute parte Iruñerriko bost musika taldek. Euskara izan dute hizpide, batik bat.
Uxue Rey Gorraiz
Bazuten zer esana, eta, parean, aski ziren haien ahotsak aditzeko erne ziren belarriak; gazte-gazteak gehienak. Ez zen kontzerturik, ez eta musika burrunberik ere, baina mikrofonoetatik ateratako hitzek guztiz blaitu zuten Iruñeko Katakrak iragan asteko asteartean, ekainaren 8an. Iruñerriko bost musika talderen ordezkariak bildu zituen Mintzakuadrillak egitasmoak antolaturiko Nafarroako musikariekin hizketan mahainguruak: Skabidean, Chill Mafia, Ibil bedi, Burutik eta Herdoil. Ordu eta erdiko saioan, gai ugari izan zituzten hizpide: hala nola, gaur egungo musikagintza, gazte eta musikari izatea, eta euskara.
Solasaldiak ikusmin handia sortu zuen; dozenaka lagun azaldu ziren hura aditzera, eta sumatzen zen parte hartzen zuten taldeek azken hilabeteotan izandako arrakastaren eragina. Izurrite garaian, hainbatetan agertu dira hedabideetako notizien lerroburuetan, eta taldeen doinuen hotsa nabarmen ozendu da azken urtean. “Zerbait mugitzen ari da Iruñerrian, zerbait berezia sortzen”, esan zuen Skabideaneko musikari Nikolas Leonardok. Antzeradeskribatu zuen egoera Chill Mafiako Beñat Rodrigok: “Loraldi bat egon da”.
Zergatik etorri da, baina, bat-bateko arrakasta hori? Zer du berezi Iruñerriko musikagintzak? Galdera horiei erantzuteko argudio bila izan ziren musikariak mahainguruaren hasierako partean; ez zen izan adostasun argirik, baina agerian gelditu zen badela gogoa gaiaren gainean hausnartzeko. Rodrigoren iritziz, COVID-19aren krisialdiak bete-betean eragin du Iruñerriko taldeen goraldian, eta uste du gizartean gertatutako “hausturek” bidea ireki dutela horretarako.
Harago joan, eta bestelako arrazoiketa bat plazaratu zuen Ibil bediko Amets Arangurenek. “Musika kulturan izandako mugimendu horiek azken urteotako bidetik pixka bat aterata gertatu dira, eta horiek ikusteak hausnartzera eraman du jende asko; ni neu barne”. Arangurenen esanetan, litekeena da hori egotea arrakastaren atzean. “Hautsi dira harresiak, eta, bat-batean, behin eraitsita, ikusi da horien atzean ez dagoela talde edo musika horiei kontra egiteko argudio sendorik. Askok ikusi dute hasieran gaitzesten zuten hori ez dela hain txarra ere”.
Kantuetan zer islatu
Gazte izan eta musika sortzeak ekar dezakeen ardura sentsazioaz jardun zuten hizlariek, sakon; erreferente bihurtzeaz. Baita hala kontsideratua izan baina hala ikusia izateko inolako desiorik ez izateaz ere. Musika norberarentzat edo besteek interpretatuko dutenari erreparatuta sortu, hitzetan zer islatu, zertan ahalegindu…; musikarien iritziz, franko dira buruhausteak. Halaber, musikari gazteek gazteen errealitatea islatzen ote duten galdetuta, kritiko erantzun zuen Herdoill-eko kide Beñat Zigandak: “Saiatzen gara, baina ez da beti lortzen. Antzekoa gertatzen da beste gai batzuekin: saia zaitezke immingranteek sufritzen dutena kantu batean salatzen, eta ezer falta ez duen entsegu lokal batetik egiten duzu. Ez dakit hori den bidea”.
Gaztetasuna eta musikaren bidea aukeratu izana ez ezik, bada Katakrakeko agertoki gainean ziren sei lagunek komunean duten beste ezaugarri bat: euskara. Izan ere, musika talde horiek guztiek darabilte euskara beren kantetan —batzuen kasuan, orain arte kaleratutako abesti guztiak dira euskaraz idatziak; beste batzuetan, aldiz, erdaraz ere aritzen dira noizbehinka—, nork bere modura. Ordea, finean, aldeak izanik ere, euskara denentzat da entzuleengana ailegatzeko bitartekari eta abestietako hitzak ahoskatzeko kode.
Kontraesanak agerian
Baina guztia ez da mugatzen abestiak sortzeko aukeratutako hizkuntza aztertzera. Mikrofonoak itzalita direnean nola aritu, taldekideen edo taldetik kanpokoekin komunikatzeko zer hizkuntza aukeratu; horretaz ere mintzatu ziren mahainguruan, eta, are, bat etorri ziren gehienak: euskarak ez du toki bera betetzen emaitzan edo prozesuan.
Arrakala hori tarteko, Skabideaneko kideek aitortu zuten euskararen eta erdararen arteko lotura maiz izan dela hizketagai taldean. “Sentitu dugu autokritika egiteko beharra”, onartu zuen Leonardok. Gainera, haren esanetan, ez dira gutxi Iruñeko egoera linguistikoa aztertzean egiten ditugun akatsak: “Aitzakia gisa esaten dugu hemen ez dela euskaraz aritzeko ohiturarik, eta hori tontakeria bat da. Gainera, ohitura hori egon dadin nahi badugu, bakoitzak egin beharko du ahalegina, ezta?”, galdetu zuen. Bertsu uste zuen bere taldekide Claudia Rodriguezek: “Euskararen erabilera bultzatu nahi bada, euskaraz kantatzeak lagundu dezake”.
Ados agertu ziren solaskideetako batzuk; halere, izan zen ñabarduraren bat egiteko desioa sentitu zuenik. Rodrigo: “Ardura hori ezin zaio egotzi soilik norbanakoari. Sortzen den kontraesana handia da, baina ez dut uste hori txarra denik. Egunero agertzen diren kontraesanak bizirik zauden seinale dira”. Halere, Chill Mafiakoak esan zuen euskaraz kantatzeak lagundu egiten duela giroa euskalduntzen, baita norbere buruan eragiten ere: “Harreman euskaldun asko sortzen dira, adibidez”. Luze jardun zuten gaiari buruzko hausnarketan.
Mintzakuadrillak egitasmoak ikasturtean antolaturiko azken jarduera izan zen joan den astekoa. Irailean ekingo diote programazio berriari, gazteen hizkuntza ohituretan eragitea helburu.