Iritzia: Zer ari gara kontatzen?

Iritzia: Zer ari gara kontatzen?

Lohizune Amatria

Sortzen ditugun albisteen %90etan gizonezkoa da iturria. Datua ezagutzeak bihotzean mina egin zidan. Efe agentziako Efeminista ataleko arduradun Macarena Baena Garridori entzun nion, Nafarroako emakume kazetarien elkarteak genero ikuspegidun kazetaritzaren inguruan antolatutako hitzaldi zikloan. Hamar alditatik batean jotzen dugu emakume aditu batengana informazioa eskuratzeko. Ez hori bakarrik: gehienetan, biktima gisa aurkezten dugu, kasuen %60ean.

Munduko biztanleen erdia baino gehiago emakumeak dira; beraz, halako aukeraketarekin errealitateari atxikitzen ez zaion informazio okerra ematen ari gara eta gizartea egituratzen laguntzen duten bozgorailuak dira gure hitzak biltzen dituzten komunikabideak eta informazio edota publizitate agentziak. Duten erantzukizunaz jabetu behar dutela ohartarazi zuen Baena Garridok, eta genero ikuspegia txertatzeko beharra azpimarratu: “Kazetaritza zorrotza eta zintzoa egiteko tresna bakarra da”.

Bidea ez da erraza, baina. Kazetariok eta herritarrak zeharkatzen gaitu sistema heteropatriarkalak, eta etxean, kalean eta lanean behar dira aurreiritzi, estereotipo eta jarrera matxistak gainditu. Hedabideen barruan, esaterako, atal propioetan jasotzen ditugu askotan “emakumeen gaiak”. Akatsa dela uste du Baena Garridok. “Sail guztiek beharko lukete izan genero ikuspegia”. Erabakiguneetan emakumeak oraindik ere gutxiengoa diren unean ematen ari da genero-ikuspegiko prestakuntza. Datuak eman zizkigun: komunikabideen erantzukizunezko karguetan emakumeen ordezkaritza %36koa da. Beste sektoreetan egoera ez da hobea; informazio bila joaterakoan gutxitan aurkitzen gara emakumeekin, eta aurkitzen ditugunean iruzurtiak direlakoan (garelakoan) ez dute (dugu) hitz egin nahi. Kontuan hartzeko hainbat gako jaso genituen hitzaldian. Horietako bat, emakumeak kolektibotzat ez hartzea eta zailtasunak ikusgarri egitea. Baena Garridoren hitz hauek iltzatuta geratu zitzaizkidan: “Iritsi, edonora iristen gara, baina oso nekatuta”. Kristalezko sabai horiek erakusteko ardura dugu.

Gaia, noski, aipatzen ari naizena baino konplikatuagoa da. Intersekzionalitatea jarri du mahai gainean, azken hitzaldian, Ebbaba Hameida Hafed kazetariak. Gehiegitan nabarmentzen ditugu arraza, adina, jatorria edota orientazio sexuala, horretarako beharrik eduki gabe; eta beste askotan, zifra bilakatzen ditugu herritarrak. “Gizatasuna kentzen diegu horrela, izen-abizendun istorioak behar ditugu”. Aurrean duguna aurrez aurre begiratzeko gomendioa eman zigun Hameida Hafedek: “Nola kontatuko zenuke istorioa zurea balitz?”.

Beste lau hitzaldi eginen dituzte; gogoz hartuko ditut. Dena den, baina bat gehitu behar dut: ez dute euskarazko hitzaldirik programatu. Oso interesgarria litzateke mahaigainera euskara ere eramatea, zer hausnartzerik badago eta.

(Argazkian, Macarena Baena Garrido, Nafarroako emakume kazetarien elkarteak antolatutako jardunaldian. Irudia: Maite Hernandez Mateo).