Svalbard itsaso glaziar artikoan kokatutako uhartedi bat da, garai batean Groenlandiarena zena, baina gaur egun Norvegiako Erreinuaren menpe dagoena. Erdi Aroan, balearen arrantzan ziharduten euskal marinelak ere iritsi omen ziren bertara, baita euskarazko hitzen bat edo beste txertatuta utzi ere bertakoek egiten zuten hizkeran.
Horretaz aparte, Svalbard uhartediaren hiriburu den Spitsbergen izeneko hirian, hazi gordailu bat eraikitzea deliberatu zuten, munduko handiena, inoiz munduan zer edo zer terriblea gertatzen bazen, gizateriak biziraun ahal izateko. Lur azpian metro batzuetara, gizakiak neurriak hartu ezean jasan ezinezko hozbero eta bestelako muturreko baldintza fisikoen pean dagoen habearte erraldoia, Peter Søderman arkitekto norvegiarrak diseinatutakoa.
Garai aldakorrak dira egun bizi ditugunak, onak ez diren gauza asko ari dira gertatzen une oro, munduaren zabalaren punta batean eta bestean, une berean; espazio fisikoan zein birtualean, une berean. Garai kuantikoan gaude, non aldi berean izatea eta ez izatea baden aukera posiblea. Zientziaren eta kontzientziaren artetik ihesbide bat ireki nahi eta ezinean.
Bertolt Brecht mende hasierako poeta eta dramaturgo alemanak, nazismoaren eta faxismoaren gorakada ikusita, Bigarren Mundu Gerra gainera zetorkiola antzemanda, aurreratu zigun ez zirela garai aproposak lirikarako, eta horregatik akordatu naiz ni Svalbardekin. Une gogorretan jotzen baitu gizakiak oinazea arinduko dion dena delako horretara. Hezur eta artikulazioekin arazoak dituenak badaki hotza jartzearena askotan izaten dela sendagilearen gomendioetako bat. Hotza, zenbat eta hotzagoa eta latzagoa, orduan eta hobea, sendagarriagoa.
Garai aldakorrak dira egun bizi ditugunak, onak ez diren gauza asko ari dira gertatzen une oro, munduaren zabalaren punta batean eta bestean, une berean
Hezurrezko ez diren beste ezinegon batzuen aringarri izaten da lirikarena, poesiarena esaterako. Jo dezagun Emily Dickinson izan zela halako gaitz bat pairatu zuen norbait. Eta hori zela kausa, erabaki zuela etxetik ez ateratzea, beti zuriz janztea eta poesia baliatzea bere ezinegona bideratzeko iturri gisa. Demagun bazekiela Svalbard existituko zela noizbait, eta bere azken borondateetan jasota utzi zuela bere bizipenak, poemak eta idazlanak nahiko lituzkeela bertan gorderik utzi. Nor edo norentzat lagungarri izan zitezkeelakoan, edota mundua eta gizateria aldrebestuko balira, lirikak bizirik iraun zezan. Biziraun zezan gizaldi eta gizaldietan.
Azken egun hauetako beroaldiekin, albiste zein baino zein etsigarriagoak bata bestearen atzetik, munduaren gainbehera badatorrela lirudikeen honetan, ni ere zuriz jantzi, eta poesia liburu batzuk besapean hartuta joango nintzateke, ipar polotik zazpiehun kilometrora dagoen Norvegiako irlara, izotzak, denboraren joanaren kontra mundua salbatuko duten milioika hazi ezberdin zaintzen dituen tokira, oraindik gizatasuna darien hitzak milioika hazi espezie ezberdinen artean ongi gorderik uztera, denbora luzez auren aterpea izan dezaten eta noizbait, mundu berri batean hazi horiekin guztiekin batera ernaberritu daitezen; noizbait munduan edertasunik bizi izan bagenuen behintzat ez dadin inoiz ere galdu.
