Helena Bengoetxea ‘Petrus’ dokumentala egiten ari da, XII. mendeko Gergetiaingo Petrus harginaz. Itzagaondoan daude haren lan gehienak. Simeon Hidalgok harginaren omenezko museo bat zuzentzen du han.
Edurne Elizondo
Ustekabean” sortutako proiektu bat da Petrus dokumentala, neurri handi batean. Horixe azaldu du Helena Bengoetxea zinemagileak (Iruñea, 1967). Hura ari da lan hori prestatzen, XII. mendeko Gergetiaingo Petrus harginari buruz. Egileak “erronkatzat” hartu du, sendo errotu delako film luze bat egiteko hasierako asmoa, eta bertze hamaika adar eman dituelako jada: “Proiektu kolektibo bat” bilakatu da, herrialdeko kultur ondare “ezezaguna” erdigunean jartzeko eta landa eremuko herriak biziberritzeko.
Bengoetxea Ruben Marcillarekin batera sortutako Haruru ekoiztetxearekin egiten ari da Petrus. Marcillak hargintza ikasi zuen, Iruñean. “Han ezagutu zituen Joseba Lekuona eta Simeon Hidalgo”, kontatu du Bengoetxea zuzendariak. Harreman hori da, hain zuzen, Petrus filmaren “ustekabeko” abiapuntua. Izan ere, Lekuonak eta Hidalgok Gergetiaingo Petrusen lanen inguruko ikerketa sakona egin dute azken urteotan. Hidalgok liburu bat du idatzia XII. mendeko harginari buruz —La ruta del maestro Petrus de Guerguitiáin (Gergetiaingo Petrus maisuaren ibilbidea)—, eta, gainera, Petrus museoa zuzentzen du harginaren lan gehienak hartzen dituen Itzagaondoa ibarrean, Lizarraga herrian. Lekuonak eginak dira museoan ikus daitezkeen Petrusen kapitelen kopiak Lekuona hargina da.
“Rubenek [Marcilla] eman zidan Petrusen berri, eta, hasieratik, liluratuta gelditu nintzen; zoragarria iruditu zitzaidan Lekuonak eta Hidalgok harginaren lanari buruz egindako ikerketa ere, eta museo bat zabaldu izana”, erran du Bengoetxeak.
Artea eta eskulangintza
Petrusen unibertsoan sartu bezain pronto, Bengoetxea ohartu zen ibili nahi zituen bertze hamaika bidezidor zituela aurrean. Kontua ez zela bakarrik Gergetiaingo Petrus; erdigunean jarri nahi zituen hargintzaren gisako ofizio ia galdu bat, Itzagaondoaren gisako ibar bateko ondare ezezaguna, eta arteaz sortutako hausnarketak —kapitalismoak eragindako merkantilizazioa, adibidez—, bertzeak bertze.
“Proiektua oso polita iruditu zitzaidan, batez ere artearen eta eskulangintzaren arteko muga lausoaz gogoeta egin nahi baitu”, azaldu du Joseba Lekuonak —Hartea.net—, Bengoetxearen lanari buruz. Hargin, artista, eskulangile. Artearen eta eskulangintzaren arteko “muga lauso” horretan mugitzen da Leku ona ere. Eskulangintza “hizki larriz” idazten duten horietako bat da, eta, gauza guztien gainetik, “ofizioa” aldarrikatu nahi du.
Hargintzak eraman du Lekuona Petrus museorako egin dituen kapitelak sortzera, bertzeak bertze. Petrusek inguruko zenbait elizatan egindakoen kopiak dira, hain zuzen. Lan horiek harginaren sinadura dute: Petrus me fecit esaldia (Petrusek egina), alegia.
“Atentzioa eman zidan horrek, garai hartan ez baitzuten egiten; ez zituzten lanak sinatzen, ez baitzituzten hartzen artetzat”, azaldu du Helena Bengoetxea zinemagileak.
Museo “txiki eta bitxia” da Petrusen ingurukoa, zuzendariaren hitzetan. Hidalgoren lana eta ahalegina ditu atzean, bai eta Itzagaondoko Bailara elkartearena ere. Herritarren lan eta ahalegin horrek balioa eman nahi dio Itzagaondoko ondareari, eta Bengoetxeak asmo horrekin bat egin du, Petrus egiteko prozesuan.
Ondarea
Museoaren inguruko lan labur bat sortu du Bengoetxeak, Lekuonaren kapitel bat egiteko prozesua oinarri hartuta. Museoan bertan erakusteko ikus-entzunezko pieza bat ere sortu du, Hidalgoren proiektua laguntzeko asmoz. “Bitxitzat” jo du Bengoetxeak Iruñetik hain gertu erromanikoaren inguruko “altxor ezezagun” bat egotea. “Susmoa dut inor gutxik ezagutzen duela Petrus eta Petrusek egindako lana”. Museoaren berri zabaldu nahi du, herritarrak Itzagaondora eramateko.
Petrus ezagutzeko aukera egokia eskaintzen du Hidalgok eta bertze zenbait boluntariok urratsez urrats sortutako museoak —Facebook.com/Petrusmuseum/—. Itzagaondoko ondarea zabaltzea du helburu, eta, horregatik, “kontent” hartu du Hidalgok Bengoetxearen Petrus egitasmoa. “Proiektu interesgarria da, hemengo ondarea zabaltzen lagunduko digulako. Asmo berezirik gabe sortu, eta, azkenean, film honetan parte hartzen ari garenok elkarri eragin diogu. Hori polita da”. Herritarren ahalegina eskertu, eta auzolanaren garrantzia nabarmendu du Hidalgok ere. “Erakundeen babesik gabe garatutako proiektua da gure museoa”.
Elkarlana dago Petrusen inguruko museoaren atzean; elkarlana da nagusi, aldi berean, Bengoetxearen zuzendaritzapean proiektu horren berri zabaltzeko egindako azken urratsetan. Petrus dokumentala garatzeko bidean ere elkarlana izaten ari den garrantzia nabarmendu du Bengoetxeak. Lantaldea osatzeko modua jarri du horren adibide, Napar elkartea bilakatu baitu lantalde hori osatzeko tresna. Nafarroako ikus-entzunezkoen arloko ekoiztetxeen eta profesionalen elkartea da Napar, eta horko kide da Haruru ekoiztetxea. “Elkar ezagutzeko balio du elkarteak, eta proiektuak elkarlanean garatzeko”.
Daniela Fung Machak hartu du Petrus laneko soinu diseinuaren ardura —harriaren soinua nabarmentzea hartu du erronka—, eta soinua grabatzeko arduraduna, berriz, Cristina Esteban izanen da. Ruben Marcilla ariko da argazki zuzendari; musika Iñigo Perez Artiedak eginen du, eta, muntaketa lana, Maria Callek. Martxan dira taldeko kideak.
‘Matrioskas’ dokumentala estreinatzeko zain
Helena Bengoetxeak joan de ekainean eman zituen amaitutzat Matrioskas dokumentalaren produkzioaren ondoko lanak. Zinemagileak Haruru ekoiztetxearekin egindako lehendabiziko film luzea da hori, eta 1936ko gerraren ondorioz erbestera joan ziren haurren auzia jarri nahi izan du erdigunean.
Zehazki, Sobiet Batasunean hazi eta handik Kubara joandako euskal herritarren eta asturiarren (Espainia) bidea jarraitu du Bengoetxeak lan horretan, eta, bereziki, emakumeen esperientziak jaso ditu.
Haruruk hasitako proiektua nazioarteko ekoizpen bilakatu zen bidean. Zinemagilea Kuban eta Errusian izan da grabatzen, bertzeak bertze. Pandemiaren hasierak bete-betean eragin zion proiektuari, eta horregatik atzeratu da. Produkzioaren ondoko lanak amaituta, estreinatzeko zain dago orain.