Iritzia: Ez-sanfermin batzuen kronika

Amets Aranguren Arrieta

Arropa zuriak detaile gorriekin, eskuetan erosketa poltsak gora eta behera Estafeta kalean barna. Ezagunen batekin topatu, eta eguneko plan “alternatiboa” komentatu. Motibazioa sumatzen da, baina inoiz baino gehiago ikusten dira musukoak soinean. “E, e, e, aizu, igo etxera eta har ezazu galtza zuria, kamisetak bakarrik ez du balio!”, egin dio oihu urrutitik lagun batek besteari. Udaltzainak paseoan. Euskal telebistako pare bat langile zuriz doazenei elkarrizketak egiten. Inguruko tabernetan hamaiketakoa egiteko ohiturari eutsi dioten asko, eta balkoiren batetik oihuka eta Lololo kantari beste batzuk. Riiiiiiiiiiiin jo du txirrinak. Ama da, erosketa karrotxoa bete janari. Konfinatua nago, bai.

Etxetik hurbil dago Kukuxumusu zena, eta, harekin batera, Sanferminetarako zenbat falta den markatzen duen atzera kontu famatua egiten duen erlojua. Eguerdia hurbildu ahala, jendea pilatzen hasi da haren parean. 12:00ak helduta entzun da suziri bat, eta beste bat, eta petardo bat, eta beste suziri bat, eta petardo bat gehiago. Zapiak lepora (ez dut ulertzen triangelua aurrean daraman jendea; zergatik daramate aurrean? Ez da horrela).

PCRa egiteko Mutiloara egin dut, eta, nire sorpresarako, han ere bada sanfermin giroa. Praka batzuk kalimotxoz zikin. Eta Forem-era sartzeko bi ate: PCR eta PCR Salou. Eskerrak ez dudan bigarrenetik sartu behar. Gaua heldu da, eta hasi da kuadrillako WhatsApp taldea mugitzen: taberna honetan ez dakit zer, azkenean Aranzadira ez, foruzainak ez dakit non, hemendik ezin da pasatu, beste hura itxi dute…

Inguruko beste kuadrilla bat konfinatua, ahizparen lagunak berdin, beste bidaia bateko dirua galdua, oporrik ez… Nabari da nekea, neke handia, txertatu gabekoen artean batez ere. Kontuz eta beldurrez etxean geratzea da aukera bat; atera eta etxeratzea derrigorrezkoa izatera arriskatzea bestea. Normala den bezala, bigarrenaren hautua egin du jende askok, eta bai, suarekin aritzen dena… bada, badakizue, erre daiteke.

7an, elizara bat baino gehiago; 8an, jendea Germanengana; 9an, hizketaldi luzeak telefonoz, eta 10ean, amatxiren bigarren bisita, dagoeneko ez hozkailuan ez izozkailuan ere sartzen ez den ez dakit zenbat kilo janarirekin. Bada jendea kalean uniformearekin segitzen duena, gerriko eta guzti.

Eta ez pentsa, aurten ere animatu dira kanpoko zenbait, 2. pisu honetako urruntasunetik ere kanpokoak direla antzematen zaien horietakoak. Baina lasaitu da giroa, eta berriz jarri da jendea heldu den urteari begira, hurrengo atzera kontua bukatzen denean entzuten den suziriaren soinua Udaletxe plazatik etorriko den esperantzaz.

Eta nik, bitartean, etxean geratzen zaizkidan egun hauetan, kalera begira segituko dut, ea pareko bizilagunaren eta bere leihoan pausatu nahi duen usoaren arteko gerran oraindik usoa den garaile.

Balkoitik oso bestelakoa da mundua.