Tafallak prest du larrialdi plan bat uholdeei aurrea hartzeko

Tafallak prest du larrialdi plan bat uholdeei aurrea hartzeko

Helburua da herritarrei arrisku egoerez ohartaraztea, eta, kalterik bada, ahalik eta txikienak izatea. Tafallako Udalak ez du nahi berriz gertatzea 2019. urteko uztaileko hondamendia.

Edurne Elizondo

“Ez dadila berriz ere gertatu; urak ez gaitzala ezustean harrapatu berriz ere”. Horixe nabarmendu du Tafallako alkate Jesus Arrizubietak, duela bi urte herri horretan gertatutako uholdeei buruz. Horretarako, berriz ez gertatzeko, udal larrialdi-plan bat prestatu du udalak, herritarrei uholde arriskuez ohartarazteko, eta, kalterik bada, ahalik eta gehien gutxitzeko.

Alkateak uztailaren 1ean aurkeztu zuen plana herritarren aurrean, agiriak Nafarroako Gobernuko Herritarren Babeserako eta Larrialdietarako Zerbitzuaren oniritzia jaso eta gero. Eskuorriak banatu dituzte postontzien bidez, larrialdi planaren elementu nagusiak herritarren esku jartzeko. Udalak nabarmendu du izena eman behar dutela alerta zerbitzuko informazioa jaso ahal izateko sakelako telefonoan. Banatutako eskuorrian ageri den QR kodearen bidez egin dezakete hori, baita Ura-tafalla.tesicnor.com/ alta-sms/ helbidean ere. Tafallako Udalaren webgunean ere kontsulta daiteke plan osoa (Tafalla.es).

Arduraz jokatzeko

2019ko uztailaren 8an, Zidakos ibaiak gainezka egin zuen, eta hondamendia eragin zuen Tafallan eta inguruko herrietan. Sei orduan, uraren maila 0,10 metrotik 5,75 metrora igo zen Zidakos ibaian. Atarrabiako 25 urteko gazte batek ezin izan zion uholdeari ihes egin, eta Ezporogi ondoan zendu zen, urak autoan harrapatuta.

“Jende gehiago hil zitekeen. Arrisku handiko egoerak izan genituen Tafallan”, gogoratu du Jesus Arrizubietak. Udaletxean zen alkatea 2019ko uztailaren 8 hartan, kargua urte bereko ekainaren 15ean hartu eta gero. “Ez genuen inolako abisurik; ez genuen inolako alertarik jaso; euria hasi zuen, eta, ohartu ginenerako, karrikak urez beteta zeuden”, azaldu du.

Tafallako Udalak uholdeak gertatu eta berehala erabaki zuen tresnak behar zituela gisako egoerei aurre egiteko. “Arduragabekeria handia litzateke deus egin gabe gelditzea. Ez dakigu noiz, baina uholdeak berriz gertatuko dira; egoera are larriago bilakatu da egungo klima aldaketaren jokalekuan”, nabarmendu du Arrizubietak.

Larrialdi planaren bidez, denbora irabazi nahi du Tafallako Udalak; denbora, batez ere, herritarrak arriskutik kanpo jartzeko, bai eta ondasunak uraren bidetik at uzteko ere. 2019ko uholdeak gertatu zirenean, hain zuzen, bostehun auto baino gehiago txikituta gelditu ziren uraren indarraren ondorioz. Bertze kalte anitz eragin zituen uholdeak, gainera.

NIK Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoa arduratu da Tafallako larrialdi plana prestatzeaz. Nafarroako Gobernuko Herritarren Segurtasunerako eta Larrialdietarako Zerbitzuak egindako gomendioak ere hartu dituzte aintzat testuan, eta, ondorioz, adibidez, Tafallako Udalak bere betebeharren artean hartu du Zidakos ibaiaren ibilgua ikuskatzea, urak gora egiten duen aldiro. “Zuhaitzen bat erori bada, adibidez, bidetik kendu ahal izanen dugu”. Tafallako alkateak nabarmendu du, gainera, larrialdi planak ez duela kontuan hartuko Zidakos ibaia bakarrik. “Abaco sakanaren gorabeherak ere kontrolatuko ditugu, gertatzen denaren arabera alarma piztu ahal izateko, sakan horrek ere eragiten baitio hiriari”.

Larrialdi plana ez da udalak bultzatu duen neurri bakarra. 2019ko uholdeek agerian utzi zuten autobideak eragin zuela egoerak okerrera egitea, gainezkabideak trabatu zirelako. “Auzi hori aztertzeko bilera eskatu diegu Nafarroako Gobernuari eta Audenasari —autobideen ardura duen enpresari—”, azaldu du Arrizubietak.

Life-Nadapta

Tafallako uholdeei aurrea hartzeko larrialdi plana Europako Life-Nadapta proiektuaren barruan garatu du Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresak. Proiektu horren helburua da neurriak zehaztea klima aldaketara egokitzeko. Uraren esparruko neurrien artean legoke Tafallako larrialdi plana, baina ez da herrialdeko bakarra: Lodosa, Funes, Faltzes, Lizarra, Caparroso eta Azagrako udalek ere egin dituzte.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku