Larraunek prest ditu hamar proiektu, herriak ez husteko

Larraunek prest ditu hamar proiektu, herriak ez husteko

Aurrekontua 578.000 eurokoa da; udalak Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jaso nahi du. Udalerriak 951 biztanle dauzka gaur egun

Edurne Elizondo

Larraungo Udalak eta ibarra osatzen duten kontzejuek hamar proiektu prestatu dituzte, despopulazioari aurre egiteko asmoz. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio eta Despopulazio Zuzendaritza Nagusiak martxan du gisa horretako egitasmoak diruz laguntzeko deialdia, eta hortik jaso nahi dute Larraungo agintariek beren proiektuak garatzeko aurrekontua; 578.000 eurokoa, denera.

Larraungo Udalak helburutzat hartu du populazioari eustea, eta, hori lortzeko, “Larraun bizigarriago bat” egin nahi du, Mikel Huarte alkateak nabarmendu duenez.

Asmo hori xede, udalak, kontzejuek eta herritarrek elkarrekin lan egin dute aurkeztutako hamar proiektu horiek osatzeko: Azpirozko ostatuko teilatua zaharberritzea eta erabilera anitzeko gune bat atontzea, errentan emateko bi etxebizitza egiteko aukerarekin; Etxarriko ostatua berritzea eta bilgune bilakatzea; Gorritiko kontzejuaren etxea moldatzea, erabilera anitzeko gune bat sortzeko; Errazkingo elkartearen ondoan terraza bat eraikitzea; Astizko aterpea berriz ere martxan jartzea; Aldazko ostatua zaharberritzea eta alokairuan jartzea; Uitziko jolas parkea berritzea, eta Baraibarko ostatuko sukaldea moldatzea.

Udazkenean, jardunaldiak

Larraungo Udalak garbi du dirua ez dela nahikoa despopulazioari aurre egiteko. “Politika publikoak berrasmatu beharra dago”, erran du Huarte alkateak. Asmo horrekin, udala jardunaldiak prestatzen ari da udazkenerako, auziari buruz gogoeta egiteko.

Larraun 114,3 kilometro koadroko udalerri bat da, hamazazpi herrik osatua. 2019. urteko datuen arabera, 951 biztanle ditu. Azken urteotako joera beheranzkoa da; gazteek alde egin dute, batez ere, eta, ondorioz, populazioa gero eta zaharragoa da. 65 urte baino gehiago dituzte herritarren %29k; 25 baino gutxiagokoak, berriz, %17,4 dira. Herrien husteari aurre egitea du udalak lehentasun.

Argazkia: Larraungo Udala.