Iragan astean Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza eskumena hitzartu zuten Espainiako eta Nafarroako gobernuek. Atzo Transferentzien Batzordean Nafarroako alderdiek eskumen hori eskualdatzearen alde egin zuten. Alta, Voxek kontra bozkatu zuen eta PP abstenitu egin zen. «Eta bitartean, UPN isilik. Ez dakigu isiltasun konplizea den edo ikuspegi horrekin bat egiten ote duen», kritikatu du gaur goizean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak.
Gaur goizean, Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentariak I+G+B eskumenaren inguruan galdetu dio Txibiteri Nafarroako Parlamentuko kontrol saioan. Azkona kezkatuta azaldu da eskuineko eta eskuin muturreko alderdien jarrerarekin. «Batzuek diote foru erregimenaren alde daudela, baina gero PP ez da gai babesteko 40 urte baino gehiagoz atzeratutako transferentzia».
Azkonak ohartarazi du PP eta UPN Espainiako Gobernura iritsiz gero Nafarroako autogobernuan «atzera egiteko arriskua» dagoela. PPk berak onartu du trafiko eskumenaren kontra helegitea jartzeko asmoa duela. Horren aurrean, UPNri PPrekin duen hitzarmena berrikustea galdegin dio: «Autogobernuaren alde azalduz gero, jarrera hori beti babestu behar da, baita akordio politikoak hitzartzean ere».
Ikuspegi horrekin bat egin du Maria Txibitek. «Hainbat alderdiren posizio horrek kezkatzen nau». Gogora ekarri du PPk trafiko eskumena Nafarroari itzultzearen kontra egingo duela Espainiako Gobernura helduz gero. «Nafarroak ez du onartuko demokrazian gobernu batek guri dagokiguna kentzea eta Konstituzioa zein Foru Hobekuntza urratzea».
Bere esanetan, ikerketa eta garapen eskumena izatea «albiste ona da» Nafarroarentzat, autogobernuan sakontzeaz gain industriaren eta oro har ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko balioko duelako. Gaur egun Nafarroan ikerketa eta garapen sistema bat dago eta elkarlan publikoa eta pribatua lantzen dute erakundeek zein enpresek. «Orain hori dena antolatu, planifikatu eta sustatu ahalko dugu. Aurrekontuak egingo ditugu eta proiektu zein programak gertutik jarraitu».
Bere esanetan, ikerketa arloko proiektuen koordinazioa egin ahalko dute, eta hori dena uztargarria izango da Nafarroatik kanpoko deialdietan parte hartzearekin. «Europatik eta Espainiatik etorritako funtsek finantzatutako deialdietan parte ahalko dute Nafarroako egitasmoek, eta azpiegiturak ere indartu ahalko dira», aipatu du.
Txibitek azpimarratu du lehendakari denetik bost eskumen hitzartu dituela Nafarroako Gobernuak Pedro Sanchezen gobernuarekin.
