Abian da Lodosako pikillo piperra biltzeko kanpaina; iaz baino lursail gehiago landatu dituzte aurten, eta nekazariek garbi dute uzta «hagitz ona» izanen dela: uste dute milioi bat eta erdi kilo prestatuko dituztela.
Edurne Elizondo
Pozik” dela nabarmendu du Jesus Agirrek, pikillo piperra biltzeko kanpainaren hasieran. “Piperrek poza ekartzen dute gure lursailetara; poza kontserbagileentzat, eta poza kontsumitzaileentzat”, berretsi du Lodosako pikillo piperraren sor-markako kontseilu arautzaileko presidenteak.
Kontent da, batetik, iaz baino %26 lursail gehiago landatu dituztelako aurten, eta, bertzetik, nekazariek uste dutelako aurtengo uzta, gainera, “hagitz ona” izanen dela. Sor-markaren barruan diren 78 nekazariek 224 lursail dituzte, eta, denera, 178 hektarea landatu dituzte. Iaz, berriz, 141 izan ziren.
Intia Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak elkarte publikoko teknikariek bat egin dute Agirrerekin. Nafarroako Gobernuaren menpeko elkarte horrek gainbegiratzen du produktua kontsumitzaileengana ailegatu arteko prozesu guztia; aurtengo baldintzak “hagitz onak” direla erran du Intiako teknikari Angel Arellanok.
Zortzi herri sor-markan
Iazko kanpainaren emaitza ez zen ona izan. Xanthomonas bakterioak eragin zien piperrei, eta, ondorioz, sor-markaren barruko enpresetara ailegatutako piper kopuruak nabarmen egin zuen behera. 674.000 kilo bildu zituzten, denera.
Aurtengo kanpainari esker, Intiako kideek uste dute milioi bat eta erdi kilo pikillo piper prestatu ahal izanen dituztela. Piperra osorik ez ezik, zatikatuta ere emanen dute aurten, gainera, horretarako aukera baitute kontserbagileek, sor-markako arautegia egokitu eta gero. Iaz ere bazuten, baina, piper gutxiago bildu zutenez, ez zuten hala egin.
Lodosako pikillo piperraren sor-markan, Nafarroako zortzi herritan ekoitzitako piperrak sartzen dira: Lodosan, Andosillan, Azagran, Lerinen, Carcarren, Mendabian, Sartagudan eta San Adrianen ekoitzitakoak, hain zuzen ere.
Herriotatik kontserbagileen lantegietara egiten dute bidea piperrek; han, garbitu eta erre egiten dituzte. Anitz dira, halere, herriotara zuzenean erostera joaten diren kontsumitzaileak. “Tradizio handiko produktu bat da gurea; jendeak maite du herrietara etortzea, piperrak nola erretzen dituzten ikustea, eta bertan erostea”, kontatu du Jesus Agirrek. Nekazarien eta erosleen arteko harreman zuzen horrek badu “garrantzia”, sor-markako presidentearen hitzetan. “Sumatzen da jendeak maite duela gure produktua, eta nekazariek estimatzen dute babes hori”.
Euskal Herrian ez ezik, inguruko herrietan ere “hagitz ezaguna” da Lodosako pikillo piperra. “Gero eta gehiago”. “Ingurukoek ezagutzen eta estimatzen dute, batez ere”, erran du Agirrek. Erantsi du ari direla Madrilen eta Bartzelonaren gisako hirietan ere kanpainak egiten. “Gure piperrak ezagutzera eman nahi ditugu, eta merkatu aukera berriak sortu. Esperientzia, hagitz ona izan da orain arte”, kontatu du Lodosako pikillo piperraren sor-markako arduradunak.
Hotza etorri arte
Duela hamabost egun inguru hasi zuten piperrak biltzeko kanpaina. Hilabete osoa emanen dute lanean lursailetan. “Azaroko lehen hamabostaldirako dena bilduko dugula uste dut”. Datozen asteotarako “ohiko udazken bat” nahi duela erran du garbi Agirrek. “Hori behar dute piperrek; egun epelak eta gau freskoak, tenperaturan aldea egotea gauez eta egunez”. Hotzak markatuko du kanpainaren amaiera.
Kontserbagileen lantegietan pixka bat gehiago luzatuko da kanpaina, produktu guztia saltzeko prest utzi arte, hain zuzen ere. Lantegietatik kontsumitzaileen mahaira eginen dute piperrek azken bidaia.
Argazkiak: INTIA