Hustutako guneei zor dien begiruneaz

Hustutako guneei zor dien begiruneaz

Asier Gogortza argazkilariak ‘Autopsiak’ erakusketa jarri du Berako Labiaga ikastolan, abenduaren 19ra bitarte. Hustutako etxe eta herrien inguruko hausnarketa bat egin eta proposatu du artistak, arkitektura tradizionala abiapuntu gisa hartuta.

Edurne Elizondo

Hilei ez diegu egiten argazkirik”. Hitz horiekin hasi du Asier Gogortzak Berako Labiaga ikastolan zintzilikatu dituen lanak erakusteko bisita. Erakusketa inauguratu aurreko egunean egin du bisita hori, argazkiei azken ukitua ematen dien bitartean. “Hilen argazkiak ez ditugu argitaratzen”, berretsi du. Autopsiak erakusketan, baina, hein batean hilik diren guneei erreparatu die Berako artistak: herri eta etxe hutsen argazkiak jaso ditu. Abenduaren 19ra arte ikusi ahal izanen dira, asteburuetan.

Urte luzez argazkirik egin gabe bisitatu ditu Gogortzak gune horiek, hilei dien begiruneari kameraren bidez traizioa egiteko beldurrarekin. Baina aurkitu du, azkenean, toki horien muina irudi bilakatzeko modua, errespetuz. Bere mahai gaineko gorpua zaindu nahi duen auzi mediku bihurtu da, nolabait, begiradek ez dezaten mindu hila.

“Hustutako tokiaren duintasuna erakutsi nahi izan dut; ez, ordea, hondakina”, azaldu du Gogortzak. Azken begirada jasotzeko prestatu ditu toki horiek, hildakoen gorpuak beilatokian prestatzen dituzten bezala. “Bat-batean, ohartu nintzen auzitegi mediku baten lana egiten ari nintzela nire argazkien bidez”. Erakusketaren abiapuntu diren Usunbeltz eta Baigorri herri hutsen adibidea da lan horren adierazgarri. Hutsik diren etxeetan sartu, eta haien leihoen argazkiak egin ditu, baina maindire zuri bat jarrita, abandonatutako paisaia tapatzeko. “Paisaia hori babestu nahi dut”.

“Iraganaren orbanak”

Paisaia “galdua” da herri hutsetan gelditu dena. Eta, leku horietan, zutik diren harriak “iraganaren orban bat” dira. Ez bakarrik Usunbeltz edo Baigorriren gisako herri hutsetan. “Lanean ari nintzenean, konturatu nintzen berdin gertatzen dela bertze gune batzuetan; berritutako etxe anitzetan, adibidez, iragan horren arrasto diren leihoen harriak bere hartan uzten dituzte, baina leihoaren hutsunea tapatuta”. Leiho horiek ez dute deus erakusten, eta ez dute balio deus ikusteko, baina iraganaren lekuko bilakatu dira erabat desagerrarazi ez dituzten pareta berrituetan.

Berako borden argazkiak. Zapo batekin tapatu ditu Gogortzak eroritakoen argazkiak. Jagoba Manterola / Foku

Paisaia galduen eta herritarren arrastoa agerian uzten duten leku hutsen Gogortzaren lan ildoak badu segida Berako borden inguruko atalean. Herri lurretan daudenei so egin die, eta 55 zenbatu ditu, orain arte. Borda horien argazkiak egin ditu, iraganeko bizimodu baten lekuko gisa. Izan ere, borda horietako anitz hutsik dira, eta bertze zenbait eroriak dira jada. Azken horiekin, hain zuzen, auzitegi medikuarena egin du Gogortzak, berriz ere, eta zapi zuri batekin estali ditu hildako borden gorpu eroriak.

Zer erakutsi, zer ez. Horri buruzko gogoeta egin eta bultzatu nahi izan du Gogortzak bere erakusketaren bidez. Gaur egun, hain zuzen ere, dena erakusteko leiho bilakatu dira sare sozialak, neurri handi batean, eta horri buruz hausnartu du argazkilariak. “Uste dut argazkilarion ardura dela horri buruz pentsatzea, eta gogoeta egitea erakutsi behar denaren eta ez denaren inguruan”. Sareaz elikatzen dela onartu du Gogortzak, baina, uste du, halere, sakondu beharra dagoela auzi horretan. “Hainbertze argazki egiteak eta zabaltzeak berekin dakar irudiak hutsaltzea; jada ez gara harritzen”.

“Paisaia bat sortu”

Portugalen egindako bertze argazki sorta batek osatzen du Autopsiak erakusketa. Sorta horretan, tren geltokiak jarri ditu Gogortzak bere irudien erdigunean. “Abandonatutako geltokiak dira batzuk; bertze zenbait martxan dira oraindik”. Guztietan, baina, gizakiaren presentzia susmatu bertzerik ezin da egin.

Gogortzaren hurrengo lanak, berriz, “susmo bat baino gehiago” dira. Atzera begiratzeari utzi nahi dio argazkilariak, aurrekoek egindakoaren lekukoa jaso eta haien ezagutza zabaltzeko kezka baretu baitu, hein batean, orain arteko lanekin. Etorkizunera begira, “paisaia bat sortzea” hartu du xede, eta, proiektu berria ontzeko, bildutako ezkurrak, konfinamenduaren garaiko gogoetak eta Berako herri lurrak izanen ditu osagai nagusi.