Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartu da: azaroaren 1ean eginen dute lehendabiziko finalaurrekoa, Altsasun, eta finala, berriz, azaroaren 28an izanen da, Iruñean. Hemezortzi bertsolari ariko dira hiru finalaurrekoetan, eta zortzi sailkatuko dira Anaitasuna kiroldegiko azken saiorako.
Edurne Elizondo
Azken txanpan. Final-laurdenak amaituta, azaroaren 28ko Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean ariko diren bertsolarien zerrenda zehazteko bidearen azken txanpan da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 24 bertsolarik hasi zuten bide hori, eta hemezortzi sailkatu dira hiru finalaurrekoetan aritzeko. Altsasukoa izanen da lehenengo saioa, azaroaren 1ean; bigarrena Berriozarren eginen dute, azaroaren 6an; eta hirugarrena, berriz, Leitzan, azaroaren 14an.
Ez da udazkena Nafarroako txapelketa nagusiaren ohiko sasoia. Nafarroako Bertsozale Elkarteak udaberrirako antolatzen ohi du, baina aurten egokitu behar izan du koronabirusaren pandemiak baldintzatutako jokalekura. “Txapelketa atzeratzea erabaki genuenean, egiterik izango ote genuen ere ez genekien; Txapelketa egin ahal izatea, beraz, pozgarria izan da guretzat”, nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaile Ander Perezek.
Murrizketarik gabe
Zortea aldeko izan dute antolatzaileek, gainera, lehia hasi aurreko egunean gelditu baitziren bertan behera herrialdean COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak. Horri esker, orain arteko saio gehienetan lepo bete dira aretoak. “Jendea gogoz dagoela ohartu gara. Batetik, txapelketaren zain ziren zaleak etorri dira saioetara, eta, bestetik, jendearekin elkartzeko gogoz zirenak. Ahaztua genuen entzuleekin sortzen den komunikazioak duen garrantzia, eta aretoak berriz bete direnean konturatu gara horretaz”, azaldu du Perezek.
Urriaren 2an abiatu zen txapelketa, Izaban. Ez da ohiko plaza bat bertsolarientzat, eta aretoa ez zen bete, baina ehun lagun inguruk egin zuten bat saioan, eta giro beroa sortu zuten. Aurrenekoz egin dute aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketako saio bat Erronkarin, eta hori jada bada “pozteko modukoa” antolatzaileentzat. Perezek garbi utzi du elkartearen “apustu bat” dela txapelketa herrialdeko hamaika txokotara eramatea, eta gogo horrek eraman dituela, oraingoan, Izabara. Bai eta Zangozara ere. Herri horretan ere estreinakoz aritu dira bertsolariak txapelketako saio batean. “Euskara eta euskal kultura herriz herri hedatzea ere badugu helburu”, erantsi du Perezek.
Urriko final-laurdenetan Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi eta Julio Soto nagusitu dira. Haiekin batera bertze hamalau bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetan kantatzeko. Orain arteko saioetan entzundakoari buruz, Perezek erran du “maila ona” izan dela, eta “berdintasun handia” dagoela bertsolarien artean. “Bertsolari talde handi bat dago maila oso onean; finalaurrekoak interesgarriak izango dira, eta irekiak”, erantsi du Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.
Soto izan da irabazle Doneztebeko azken final-laurdenean, eta hura da, hain zuzen ere, txapela janzteko faborito nagusietako bat. Sotok lortu du puntu gehien txapelketaren lehendabiziko txanpan, eta bost txapela jantzi ditu jada.
Gazteak “aspalditik” ate joka direla aipatu du Ander Perezek, bertzalde. Finalaurrekoetako lehia “irekia” izanen dela berretsi du, eta finalera begira ere, sailkatzen den orok “aukerak” izanen dituela uste du. “Egun batean edozeinek izan dezake egun txar bat, edo oso egun on bat”, erran du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kideak.
Genero arrakala
Finalaurrekoetan ariko diren hemezortzi bertsolarien artean bost dira emakumeak: Saioa Alkaiza, Ekhiñe Zapiain, Erika Lagoma. Alazne Untxalo eta Sarai Robles. “Txapelketan genero arrakala nabarmena da; betiko arantza da hori guretzat; etsigarria ere bada”, onartu du Perezek.
Plazara jauzi egiteko garaian sortzen da genero arrakala hori, emakumeak baitira nagusi bertso eskoletan. “Gaztetxoen artean ere emakumeak gehiago dira, baina plazara ateratzeko orduan, egoera irauli egiten da”, berretsi du Perezek. Elkarteak bere erantzukizuna onartzen duela erantsi du koordinatzaileak, eta eragin dezaketen esparruan “lanean” ari direla erran du. “Oinarritik segitu behar dugu lantzen, eta hori egiten dugu gure egitasmo guztietan; hezkuntza arautuan, bertso eskoletan, unitate didaktikoetan eta gainerako proiektuetan kontuan hartzen dugun gai bat da generoarena, eta kontzientziaz lantzen ari gara”.
Aldaketaren zain, aurtengo finalaurrekoetarako sailkatutako hemezortzi bertsolariek finala dute orain buruan, udazkena berotzeko txapelaren zain.
Eneko Fernandez: “Nire maila ematera noa”
Eneko Fernandez (Lesaka, 1977) nagusitu zen Izabako urriaren 2ko lehendabiziko final-laurdeneko saioan. “Aurten helburu nuen hasieratik ongi aritzea, eta lortu dut. Inoizko sentsaziorik onenak izan ditut lehen saioan”, kontatu du bertsolariak.
Bide beretik egin nahi du aurrera, eta “kontent egoteko moduko” finalaurreko saio bat egin. “Saio on bat egitea eta gustura gelditzea da sari nagusia; finalerako sailkatzen banaiz, gainera, are hobeki”. Fernandezek garbi erran du finala ez dela xede bakarra, eta txapelketako “bidearekin” ere gozatzen duela. Bertso eskolako edo lagun arteko lanak ere betetzen du bertsolari lesakarra.
Azaroaren 1eko Altsasuko finalaurrean ariko da Fernandez. Jendea animatu du, Iortia kultur etxea bete dezaten. Murrizketarik gabe, aretoak berriz ere bete ahal izatea ontzat jo du bertsolariak, giro horrek laguntzen duelako saioa; garbi erran du, halere, maskara, oraindik ere, “traba handi bat” dela. “Giroa hotzagoa da; ezin ditugu entzuleen keinuak edo irribarreak ikusi, ez dugu haien erantzuna jasotzen, eta horrek zailtzen du komunikazioa”. Izabako bere lehen bertsoa bota zuenekoa kontatu du: “Bertso on bat bota nuela uste nuen, baina entzuleen aurpegia ikusi gabe, ez nekien bide onetik ari ote nintzen”.
Emaitzak eman zion erantzuna, saioan nagusitu eta gero finalaurrekoetan baita. “Nire maila ematera noa. Lortzen badut, kontent jaitsiko naiz oholtzatik”.
Eneko Lazkoz: “Kontent naiz egindako lanarekin”
Eneko Lazkozek (Etxarri Aranatz, 1983) lortu zuen puntu gehien Tafallako urriaren 9ko final-laurdenean. Hasiera gorabeheratsua izan zela onartu du bertsolariak, baina lortu zuela egoera zuzentzea. “Neure buruarekin izan nituen borrokak, hasieran, bertso bat edo beste pikutara bota ez ote nuen; baina lortu nuen hasierako sentsazio hori bazter uztea, eta kontent naiz egindako lanarekin”.
Esperientziak eman dio txapelketa bateko saio bateko arazoei aurre egiteko gaitasuna Fernandezi. Aurtengo lehiari, halere, “beldurrez” ekin diola erran du Lazkozek. “Bertso mundutik nahiko at egon naiz, baina hasi gara lagun artean berriz ibiltzen, eta gustura nago”.
Pandemiaren eragina ez du ukatu, halere, eta Fernandezi bezala, Lazkozi ere maskarak traba handia egiten dio, bertsolariak nabarmendu duenez. “Bertsoa komunikazioa da, eta aurpegiak ikusi gabe, erreakzioak imajinatu besterik ezin dituzu egin. Kantatzeak ez du zentzurik entzule bat ez badago erantzuteko”.
2019ko txapelketako finalean buruz burukoan aritu zen Lazkoz Julio Sotorekin. Helburu du, berriz ere, lehia horretan aritzea, baina garbi erran du beretzat benetako porrota izanen litzatekeela oholtzan ahal duen guztia ez egitea.
“Tontorra baino inportanteagoa da bidea. Finalean egoteko gogoa dut, baina hori lortu nahi dut ahalik eta bertsorik onenak botata”, nabarmendu du Etxarri Aranazko bertsolariak.
Joanes Illarregi: “Txapelketa pizgarri bat da”
Joanes Illarregiri (Leitza, 1999) sorterrian kantatzea egokitu zaio finalean egoteko toki bat lortzeko saioan. Zangozako urriaren 10eko final-laurdenekoa irabazi zuen leitzarrak, eta herriko finalaurrekoan ariko da, azaroaren 14an. “Txapelketan lehen aldiz ariko naiz herrian. Ez dakit ona edo txarra izanen den; segur aski, onak eta txarrak izanen ditu, eta horiek ongi kudeatzea izanen da gakoa”.
Zangozako saioa “polita” izan zela erran du bertsolariak, gustura aritu zela. Pandemiagatik, ohi baino gutxiago kantatuta ailegatu da txapelketara, nabarmendu duenez. “Sasoia ere ez da ohikoa; dena da arraroa”. Halere, “txapelketa pizgarri bat” dela erantsi du, eta gogoz dela finalean egoteko txartela lortzeko kantatzen hasteko.
Hirugarren txapelketa du aurtengoa, eta “hobera” egin duela uste du illarregik. Bere erronka “urduritasuna kudeatzen asmatzea” dela erran du bertsolariak. “Uste dut aurrerapausoak eman ditudala, baina oraindik badudala lan bat egiteko horretan”. Urduritasun puntu bat beti “behar” dela erantsi du, halere, tentsio horrek laguntzen duelako burua behar den tokian jartzen. “Saioan egoteko gaitasuna ematen dizu”.
Finalaurrekoan ongi aritzea du helburu orain; baina finala hor dela ahaztu gabe. “Egun batean edozer gauza gerta daiteke. Ezin da jakin hasi aurretik. Ezustekoak gertatzeko tartea bada. Julio Soto izan daiteke faborito, baina beste batzuk ere hor daude”.
Julio Soto: “Txapelketan gozatzea zoragarria da”
Doneztebeko azken final-laurdenean lortu zuen Julio Sotok (Gorriti, 1987) finalaurrekoetan aritzeko txartela. 2019ko txapelduna da; bost aldiz jantzi du txapela, baina, hala ere, “zuhur” mintzatu da, eta “faborito” hitza bazter utzi nahi izan du. “Burdin hari baten gaineko dantza da gurea; beste aldera ailegatzen gara beti, baina beti dakigu, aldi berean, edozein unetan eror gaitezkeela”.
Koronabirusaren pandemiak eragindako etena nabarmendu du Sotok, eta azken urte eta erdi luzean bertsotan aritzeari uko egin behar izatea ez dela erraza izan. “Udaberritik honat hasi dira gauzak mugitzen; aurtengo txapelketa, halere, berezia da guztiontzat, plazan ohi baino gutxiago aritu eta gero gatozelako”, aipatu du bertsolariak.
Ongi hasi du txapelketa; orain artekoa “pasatu” dela erantsi du, ordea, eta hutsetik hasten dela lana. Azaroaren 14ko finalaurrekoan ariko da, eta ari da bere burua prestatzen. “Besteen aurrean jartzen zarenean, beti bada juzgu bat. Lan egin behar duzu konfiantzarekin aritzeko, eta besteen begiradak ahalik eta gutxiena baldintzatzeko”.
Presioa eta tentsioa badela onartu du. Baina, gauza guztien gainetik, disfrutatzea eta gozatzea duela helburu. “Txapelketan ez da erraza, baina lor daiteke, eta lortzen duzunean, txapelketan gozatzen duzunean, esperientzia zoragarria da”. Horretan ahaleginduko da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken txanpan.
Hurrengo saioak:
Azken txanpan sartu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa.
Finalaurrekoak
Azaroak 1, Altsasu. Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra eta Oier Lakuntza. Gai-jartzailea: Fernando Anbustegi. Kultur etxean, 17:30ean.
Azaroak 6, Berriozar. Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte eta Patxi Castillo. Gai-jartzailea: Maialen Belarra. Auditoriumean, 17:30ean.
Azaroak 14, Leitza. Joanes Illarregi, Julio Soto, Sarai Robles, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu. Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea. Herri aretoan, 17:30ean.
Finala
Azaroak 28, Iruñea. Zortzi bertsolari sailkatuko dira finalerako: finalaurrekoetako irabazleak eta bertze bost, jasotako puntuen arabera. Lehen bostak sailkatuko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako. Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan.