Oroiminaren begiradarekin

Oroiminaren begiradarekin

Alberto Cañadak Iruñeko zinema aretoen berrogei urteko historia jaso du lan batean. 1940-1980 bitarteko epea aztertu du, Nafarroako Gobernuak argitaratutako liburuan.

Edurne Elizondo

Inoiz baino film gehiago ikusten ditugu orain, baina anitzez ere gutxiago joaten gara zinema aretoetara”. Horixe nabarmendu, eta “nostalgiak jotako” liburu bat ondu duela onartu du Alberto Cañada kazetariak: Iruñeko zinema aretoen berrogei urteko historia jaso du Nafarroako Gobernuak argitaratutako Los cines de Pamplona (Iruñeko zinemak) lanean. 1940-1980 bitarteko urteak aztertu ditu Nafarroako Filmotekako arduradunak. “Denera, garai batean edo bertzean, filmak eman dituzten 90 areto zenbatu ditut Iruñean”, kontatu du Cañadak.

Era askotakoak ziren areto horiek; baziren zinema komertzialak, bai eta filmak emateko gune bilakatutako bertze espazio anitz ere: “Zenbait parrokiak, ikastetxek eta kirol klubek ere botatzen zuten zinema beren egoitzetan”, zehaztu du kazetariak. Denei egin die so egileak bere liburuan.

Alberto Cañadak 1940ko hamarkadan hasi du lana, eta 1980koan amaitu, Iruñean pantaila ugari zituzten lehendabiziko zinema aretoak zabaldu zituztenean, hain zuzen ere. Kazetariak nabarmendu du aztertu duen denbora tarte horretan herritarrek zinema aretoak lepo betetzen zituztela. “Batez ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan; telebistarik ez zegoen, eta aisialdia betetzeko modu ia bakarra zen zinema”, aipatu du.

Lehengo aretoen xarma

1960ko hamarkadaren hasieran, hain zuzen ere, 11 zinema komertzial baziren Iruñean zabalik. Aitor, Rex, Avenida, Coliseo Olimpia edo Chantrea aretoak dira Iruñeko zinemaren historia idatzi duten aretoetako zenbait. “Ilara luzeak sortzen ziren; jendeak bazekien zain egon beharko zuela sarrera erosi eta aretoan sartu ahal izateko, baina berdin joaten ziren”.

Pantaila handiko eta ehunka eserlekuko zinema horien “xarma” nabarmendu du Cañadak. “Txikienak, 500 eserleku inguru zituen; Karlos III.a zinemak, berriz, 1.200 zituen”. Zinema kontsumitzeko egungo moduekin alderatu du kazetariak orduko areto horietan sortzen zen giroa: “Gauzak anitz aldatu dira; egia da, egun, zinema areto batera joaten zarenean bertze bospasei, hamar edo hogei pertsonarekin elkartzen zarela, gehienez; ez da lehen bezalako esperientzia. Garai hartan, esperientzia anitzez ere kolektiboagoa zen. Aretora joan, eta umorezko film bat bazen, ehunka pertsonak egiten zuten barre batera. Hori guztia galdu egin da”.

Zinema komertzial horiek ezin zuten nahi zutena eman beren pantailetan. “Zentsura ofiziala zegoen”, oroitu du Alberto Cañadak. Bazen, halere, zinemetan erakusten zituzten edukiak kontrolatzeko bertze modurik: “1955. urtean, parrokietako zinemen elkartea osatu zuten; aretoz areto eramaten zituzten filmak. Noski, guztiz kontrolatzen zuten erakusten zutena; haien helburua zen moralaren kontrakotzat jotzen zuten zinema bazter uztea”, erran du kazetariak.

Ez hori bakarrik. Anitzetan, filmak ikusteko aukera parrokietako jarduerarekin lotzen zuten. “Ikastetxe erlijiosoetan, adibidez, mezara joan behar zuten haurrek, lehendabizi, han filma ikusteko sarrera jaso ahal izateko”.

Salestarren, jesuiten edo maristen ikastetxeetan zituzten aretoak aipatu ditu Cañadak, bertzeak bertze. “Ikasleen egoitzetan, ospitaleetan edo psikiatrikoan ere ematen zuten zinema”, erantsi du liburuaren egileak.

Etorkizuna, zaila

1960ko hamarkadatik aurrera, zineklubak sortzen hasi zirela gogoratu du. “Film bereziagoak botatzen hasi ziren, bai eta jatorrizko bertsioan ere”. Orduko areto gehienak desagertu direla aipatu du kazetariak, eta bertze anitz berritu dituztela, eta bertze erabilera dutela, ondorioz, gaur egun.

Cañada ez da hagitz baikorra zinema aretoen etorkizunari buruz, eta garbi du administrazioaren laguntza beharko dutela aurrera egiteko. Saide etxean aritu zen lanean kazetaria, hogei urtez, eta sektorearen zailtasunak gertutik ezagutu zituen. Egoerak ez du hobera egin, Los cines de Pamplona liburuaren egilearen erranetan. “Gurea bezalako filmotekak, azkenean, zinemaren museo bilakatuko dira; zinemaren oinarriari eustea da gure lana; zaintzea eta gordetzea”. Bai eta zabaltzea ere. Zinema esperientzia kolektibo bat da oraindik ere Nafarroako Filmotekan.

Argazkiak: Nafarroako Gobernua, ‘Los cines de Pamplona’ liburukoak.