“Berdin dira bideko bihurguneak; pasioz bizi dugu gure lana”

Editore Independenteen Nazioarteko Topaketak eginen dituzte Iruñean, azaroaren 23tik 26ra. Liburuen edizio lanari begirako soa zabaltzeko balioko dute, Aritz Otazuren esanetan. Egitarau mardula antolatu dute.

Uxue Rey Gorraiz

Liburugintzak eta edizioak erdiz erdi hartuko du Iruñea datozen egunetan: azaroaren 23tik 26ra, Editore Independenteen Nazioarteko Topaketak eginen dituzte Baluarten; 300 editore baino gehiagok eginen dute bat hitzorduarekin. Hiriaren egongelan, berriz, Gazteluko plazan, Edizioaren Azokak bosgarren aldia izanen du, hilaren 25etik 28ra. Prestakuntza lanetan sartua dabil Aritz Otazu Editargiko lehendakari eta Mintzoa argitaletxeko editorea (Irun, Gipuzkoa, 1975).

Topaketek Parisen, Dakarren eta Lurmutur Hirian hartu izan dute leku aurreko aldietan. Nolatan ailegatu da Iruñera?

Prozesua orain dela bi urte hasi zen. Txalaparta argitaletxea eta Editargi, gure elkartea, Nazioarteko Editoreen Aliantzaren barrenean daude. Aliantza horretan gaztelaniazko lerroa gidatzen duena Paulo Slachevsky da, eta harekin hitz egin genuen Iruñera etor zedin, bagenekielako topaketak egitekoak zirela. Etorri zen, ikusi zuen hemen zer azpiegitura eta aukera ditugun, eta ez hori bakarrik: Nafarroaren historia ezagutu zuen. Horrek harrapatu egin zuen, eta esan zigun hautagaitza aurkez genezakeela. Gainera, esana ziguten ez zituztela topaketak hiriburu handi batean antolatu nahi. Nahiago zuten herri batean, edo, behintzat, hiri txikiago batean egin.

Gogorra izan da prestaketa?

COVID-19ak nabarmen eragin du prozesuan, baina ez beti kalterako. Beste herrialdeetako ordezkariekin eginiko bilera gehienak telematikoak izan dira, eta, horri dagokionez, nahiko hurbil izan gara batzuk besteengandik. Halere, badugu pena bat: azkenaldian egoerak berriz okerrera egin duela ikusita, editoreetako batzuek atzera egin dute, eta ez dira etorriko. Behintzat, online ariko dira.

Zein da topaketen muina?

Bi ardatz ditu, argi eta garbi. Batetik, Nafarroa mapan kokatzeko balioko du, bai edizioaren munduan, baita oro har ere. Zenbait inkesta egin ditugu editoreen artean; galderak egin dizkiegu bai etorriko direnei, bai etorriko ez direnei, eta gehienek ez dute Nafarroa ezagutzen. Europakoek, beharbada, bai; kanpokoek, ez. Bestetik, topaketetan egingo diren tailerretan zehaztuko dira datozen urteetarako bide orriak.

Zer esan nahi du editore independente izateak?

Gure estatutuetan jasota dugunaren arabera, sozietate bat independentetzat jotzeko ezinbestekoa da kapitalaren erdia baino gehiago liburuetatik ateratakoa izatea; %51 gutxienez, alegia. Badaude, adibidez, noizbehinka liburuak argitaratzen dituzten talde multimediak. Ez dira txarrak, inola ere ez, baina ez dira gu bezalakoak. Gainera, azken batean, editore independente bat zera da, zernahi talde politiko edo erakunderen esanetara jokatzen ez duena. Fundazio askok liburu ugari argitaratzen dituzte, baina talde edo alderdi bat izaten dute atzean.

Eguneroko jardunean, zertan ikusten da independenteen eta besteen arteko aldea?

Interesak ez dira berdinak. Adibidez, Planeta ez da independentea, besteak beste talde multimedia baten barrenean dagoelako, publizitatea daukalako, guk inola ere egingo ez genituzkeen liburu batzuk ateratzen dituelako. Liburu potenteak baino gehiago, liburu opariak egiten dituzte, aireportu liburuak. Gure xedeak ez dira haienak bezalakoak.

Topaketek balio dezakete editoreen lana aitortzeko ere?

Bai, eta jendeak ikusi ahalko du zenbat garen eta zertan gabiltzan. Txikiak gara, baina ez txarrak. Jendeak batzuetan uste du argitaletxe txikien lanak halamoduzkoak direla, eta argitaletxe handietan, berriz, kalitatea bermatuago dagoela. Ez da horrela.

Gizartea globalizazio prozesu sakonean da aspaldi. Hori arrisku da argitaletxe txikientzat?

Sumatzen da, eta topaketek balioko digute ikusteko zenbait herrialdetan sekulako presioak dituztela argitaratzeko. Europan ere baditugu presioak, baina, gehienetan, ez dugu aparteko trabarik izaten nahi dugun hori kaleratzeko. Beste nazio batzuetan askoz gehiago dituzte: Egipton, Libian, Sirian… Topaketetara 63 naziotako jendea etorriko da.

Hizkuntza gutxituak ere izanen dira hizpide. Horietan argitaratzeak malda malkartzen du?

Horixe da piztu nahi dugun eztabaida. Oraindik ere oso zaila da hizkuntza batzuetan deus argitaratzea, edo, hobeki esanda, hizkuntza jakin batzuetan kaleratutakoak behar bezala saltzea. Euskaraz asko argitaratzen da, noski, baina salmentak ez dira nahi bezalakoak; hori diote liburuzainek. Horren aurrean, zer egin behar da? Gehiago argitaratzeak handituko du euskarazko liburuek duten irisgarritasuna? Horrez gain, bada beste kontu bat ere: liburu denda askotako erakusleihoetan nekez ikusten da euskarazko libururik. Horiek ez dira egoten jendearen bistara, eta ikusten ez dena ez da erosten.

Bada beste hitzordu esanguratsu bat Iruñean: Edizioaren Azoka, 25etik 28ra. Itxaropentsu?

Bai, noski. Jendea pozik etortzen da, eta azokak arrakasta izaten du. Pentsa: antolatu genuen lehen aldian 1.500 bat lagun etorri ziren; azkenekoan, 20.000.

Paperaren hornidura falta mehatxu bihurtu da argitaletxeentzat. Zer gertatzen ari da?

Arazoa larria da. Adibidez, Mintzoa argitaletxeak paper mota aldatu behar izan du azken bi nobedadeak inprimatu ahal izateko. Prezioen igoera ere etorriko da, eta ikusi beharko da zer gertatuko den gero. Inprentakoek eskatu digute mesedez aurreratzeko zer inprimatu nahiko dugun hemendik martxora bitartean.

Estualdi askoko urtea izaten ari da. Ez da hala?

Bai. Kontua da edizioren munduan gauden gehienoi asko gustatzen zaigula hau. Agian, toki guztietan esaten dute hori, baina, gure bideak ikusita, agerikoa da. Berdin dira bihurguneak, problemak; bost axola. Pasioz bizi dugu.

Izan topaketetan, izan Edizioaren Azokan, zer aho zaporerekin nahi zenuke gelditzea jendea?

Egia esan, niri aski zait jendeari kultura hurbiltzearekin. Kultur munduan gaudenok uste izaten dugu dena unibertsitateetako korridoreetan eta tesietan egiten dela, eta hori ez da horrela. Esate baterako, Mintzoak 1533ko euskarazko liburu bat eskuratu zuen orain astebete. Gero, sare sozialetan ikusi nuen euskal filologo batzuk esaten ari zirela beraiek ordurako ezagutzen zutela ale hori. Barkatu, baina kultura herriarena da, ez lau filologorena. Zuk ezagutzeak ez du esan nahi besteek ezagutzen dutenik. Horregatik, iruditzen zait saiatu behar dugula kultura herritarrei eramaten, izan plazetan edo kongresutan. Horrela, agian lortuko dugu norbait gehiago gure kulturaz eta edizio lanetik ateratzen direnez maitemintzea.