Nafarroako Gobernuak Erriberriko Santa Brigita baseliza berritu du. Egindako lanen artean, adituek paretetako XIV. mendeko zenbait margolan zaharberritu dituzte. Ezin izan dituzte denak landu oraingoz, pintura galtzeko arriskua badelako.
Edurne Elizondo
Atzokoek egin zutena zaindu, biharkoei utzi ahal izateko”. Horixe da Violeta Romeroren lana. Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko kontserbatzailea da, eta Erriberriko Santa Brigita baselizaren zaharberritze lanetan parte hartu duten adituetako bat. Eraikina moldatzeko lanak amaitu berri ditu Nafarroako Gobernuak. Barruko paretetan, 1980ko hamarkadatik ezagutzen zituzten margolan gotikoak agerian uzteko lanean aritu dira profesionalak. Ezin izan dute nahi zuten guztia egin oraingoz, pinturak galtzeko arriskua badelako.
“Erronka bat izan da”, erran du Romerok orain arte emandako pausoen inguruan. Hemendik aurrera egin beharreko urratsei buruz, “bidean” argituko direla erantsi du. “Ikerketa sakon bat egin behar dugu, ukitu ez dugunaren egoera zehatza ezagutzeko, eta zer egin erabakitzeko. Pinturei kalterik ez egitea da lehentasuna
Erriberriko Udalarena da Santa Brigita baseliza, eta 2013. urtetik Sailkatutako Ondarea da, legez. 1200. urte inguruko eraikin protogotiko bat da. Herriko erdigunetik hiru kilometro ingurura dago, zuhaitzek inguratuta. Zuhaitz horien sustraiek hondatu dute eraikina, urte luzez, zoruan egindako lanek agerian utzi dutenez. Gangetan eta hormetan ere pitzadurak zeuden, eta horiek konpondu dituzte, bertzeak bertze. Denera, 308.000 euro gastatu dituzte.
Lehen lanak, 90eko urteetan
Eraikina behera ez erortzeko lehendabiziko lanak 1990eko hamarkadan egin zituzten. Teilatuan esku hartu zuten. Horri esker, eta pinturetan egindako urgentziazko lanei esker, margolanak ez galtzea lortu zuten. Nafarroako Museoko zaharberritzaile Angel Marcos aritu zen orduan baselizan lanean.
Oraingo obrak 2019an hasi zituzten. Violeta Romerok nabarmendu du hagitz gutxi direla jatorrizko apaingarriei eutsi dieten Erdi Aroko eraikinak, eta Santa Brigita baseliza da horietako bat. “Paretak erabiltzen zituzten gauzak errateko. Zoritxarrez, garai batean ohiko bilakatu zen gisa horretako eraikinetako paretak zulatzea eta harriak agerian uztea. Ulertu behar dugu, ordea, baselizako harriak agerian uztea museo batean koadro urratu bat erakustearen parekoa dela”.
Horregatik, Romerorentzat “zoragarria” da Erriberriko baselizaren barruko aldea apaintzeko XIV. mendean
egindako pinturak kontserbatu izana. Adituek uste dute bi artistak egindakoak direla. Agerian utzitako pinturak figuratiboak dira, eta San Martzialekin lotutako ikonografia bada, bertzeak bertze. “Ostargi belarrak ere ageri dira, eta horrek adierazten digu errege etxearekin harreman bat badela”, erantsi du Romerok.
Kontserbatzaileak nabarmendu du pinturei eusteko egindako lehenengo gauza izan dela margolanak paretara ongi lotzea, eror ez daitezen. Pinturen azalean, berriz, zeregin nagusia izan da karea kentzea.
Lan hori, baina, ez da batere erraza izan. Baselizako hegoaldeko gangetan aritu dira kontserbatzaileak, baina iparraldeko gangetakoak bere horretan uztea erabaki dute, karearekin batera margoa kentzeko arriskua handia zelako.
Hemendik aurrera zer egin erabaki behar dute orain Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuko kideek. “Probak egiten jarraituko dugu, margolanak berritzeko modurik egokienaren bila. Ez dugu ahaztu behar pinturak ez hondatzea dela lehentasuna”, gogoratu du Romerok. “Errespetuz” aritzea da kontserbatzaileen lanaren oinarria: “Jaso duguna zaindu behar dugu, eta etorkizunerako gorde”.
Argazkiak: Nafarroako Gobernua.