Ez dute amore eman nahi

Ez dute amore eman nahi

Muskildaren inguruko azken sententziak Otsagabiko herritarren haserrea eragin du, Elizaren alde egin baitu. Udalak helegitea jarriko du, baseliza herriarena dela iritzita.

Edurne Elizondo

Duela lau urteko poza “haserre eta tristura” bilakatu da Otsagabiko herritar gehienentzat. 2017. urtean, Agoizko epaitegiak bat egin zuen herritarrekin, eta ebatzi zuen herriko Muskildako baseliza haiena zela; herriarena, alegia. Orain, baina, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Hirugarren Ataleko —azaroaren 10eko— sententzia batek kontrakoa erran du, eta Eliza jo du eraikinaren jabetzat.

“Gaizki gaude; berri txar bat izan da guretzat”, aitortu du Otsagabiko alkate Mikel Aoizek. Udalak hasi zuen epaitegietako bidea, hain zuzen ere, 2012. urtean. Elizak 1999ko azaroan erregistratu zituen bere izenean Muskildako baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak; herritarrek, baina, 2007ra arte ez zuten horren berri izan.

2012an hasitako bideak 2017ko lehen sententzia ekarri zuen. Elizak helegitea aurkeztu zuen ebazpen horren kontra, eta, orain, Nafarroako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman dio. Iazko martxoan egin zuten bigarren epaiketa, eta orain ezagutarazi dute sententzia. Ez da behin betikoa, halere, eta Otsagabiko alkateak baieztatu du helegitea aurkeztuko dutela.

Helegitea non jarri

Zer aukera duten aztertzeko, hain zuzen ere, udalak bilera batera deitu ditu Otsagabiko herritarrak eta Muskildako patronatuko kideak. Patronatuan daude Otsagabiko zinegotziak eta alkatea —nahi duenak parte hartzen du; oraingo legegintzaldian udalbatza osatzen duten zazpi kideek egin dute bat patronatuarekin—, apaiza eta etxezaina. Bilera joan den igandean egitekoak ziren, baina eguraldiagatik atzeratu egin behar izan zuten, eta gaur eginen dute, Otsagabian. Ana Clara Villanueva abokatuarekin aztertu eta zehaztuko dute egin beharrekoa.

Aoizek aurreratu du bi aukera dituztela: helegitea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztea, batetik, eta, bertzetik, Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea. Alkateak oroitarazi du Nafarroako Justizia Auzitegiak Zangozako Udalaren aurkako ebazpen bat kaleratu zuela maiatzean: “Udalaren helegitea bazter utzi zuen”. Eta, ondorioz, ontzat jo zuen Elizak herriko lau baseliza bere izenean erregistratu izana.

Muskildakoa ez da Elizak bere izenean erregistratu duen eraikin bakarra. Ondarearen Defentsarako Plataformak 2007tik egindako lanari esker, Elizak immatrikulatutako ehunka etxeren berri jakin ahal izan dute herritarrek azken urteotan. Otsailean, Espainiako Gobernuak datu bat jarri zuen mahai gainean: 1.034. Horiek ziren Elizak Nafarroan erregistratutako ondasunak, 1998. urteaz geroztik. Benetako kopurua, baina, hori halako hiru da. Nafarroako Migrazio Politikako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek azaroaren 23an azaldu zuenez, Elizak 2.952 higiezin bereganatu ditu “gutxienez”. Kontseilariak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu ditu ikerketaren emaitzak, eta baita salerosketa eta immatrikulazio operazio horien erregistroak ere.

Gobernuari laguntza eske

Muskildakoa, beraz, kasu bat izan da bertze anitzen artean. Agoizko epaitegiaren aldeko sententziak, baina, berezi bilakatu du, gisa horretako lehen ebazpena izan baita; bai eta bakarra ere, orain arte. Horregatik, azken sententziak baseliza Elizarena dela berretsi izana “kolpea” izan da Otsagabiko herritarrentzat, eta “haizea” eman dio Elizari, Aoiz alkatearen hitzetan.

Otsagabiko Udalak ez du borroka galdutzat eman nahi, halere. “Aurrera jarraitzeko prest gara”, berretsi du Aoizek. Erantsi du, baina, Otsagabikoaren gisako udal txikien baliabideak mugatuak direla, eta “beharrezkotzat” jo du Nafarroako Gobernuaren laguntza.

Muskilda XII. mendekoa da, baina XVII. mendekoak dira ba- selizan egindako moldaketa na- gusiak. Orduan ere, Elizak baseliza bereganatu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu: herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela: herriak, alegia. Muskilda herriarena zela idatzi zuten orduan, eta orain ere garbi dute Muskilda herriarena dela.