“Garai batean, bertsoa egite hutsa meritu zen; orain, hori ez da aski”

“Garai batean, bertsoa egite hutsa meritu zen; orain, hori ez da aski”

Hiru hamarkada dira Estitxu Arozena bertso bidea urratzen hasi zela, eta, omenaldi gisa, harena izan da aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jartzeko ardura. Goxo gordeko du unearen oroitza.

Uxue Rey Gorraiz

Txaloen burrunbak hartua zen giroa. Epel zen Iruñeko Anaitasuna joan den igandean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Zenbait orduz, ondotik irabazle izendatua izanen zenari lotuak izan ziren milaka begi: publikoa erne zen Saioa Alkaizak ahoskatuei. Ordea, Alkaiza ez beste protagonista bat ere izan zuen iluntzeak: Estitxu Arozena (Mutriku, Gipuzkoa, 1975). Berak jarri zion txapela irabazleari, bertsolaritzan egindako ibilbidearen omenez.

Alkaizari jarri diozu txapela. Zu izan zinen Nafarroako txapela jantzi zuen lehen emakumea; Alkaiza izan da bigarrena. Zer sentitu zenuen?

Nik edozeini jarriko nion txapela gustura. Dudarik ez: zenbat eta hurbilagoa izan harremana, orduan eta poz handiagoz egingo nuen, baina ni denekin sentitzen nintzen horrela. Gainera, Saioarenak bazuen emakume izatearen plus hori, baina, nire ustez, hori bezain adierazgarria da Antsoaingo Ezkaba ikastetxeko seigarren mailan zela ezagutu nuen neska batek irabazi duela txapela.

Une berezia izan zen, beraz.

Bai. Nik uste dut naturaren mirariak izaten direla. Erran nahi dut: txapel hori lanaren ondorio da, guztiz merezia, baina gauza anitzek gertatu behar izan dute Saioa txapeldun izendatzeko. Gauza askorengatik izan da berezia txapela janztea. Emakumeak emakumeari jarritakoa delako, familia bertsozalea izan gabe eta euskara etxetik ekarri gabe heldu delako maila horretara, eta Iruñerriaren ordezkari delako.

Balio du emakumezko erreferenteak gehiago ikusarazteko?

Tira, gu gazte ginela igual bazegoen erreferente falta, baina orain bestelakoa da egoera. Bai, azken urteetan oso maskulinoa izan da finala, eta horrek ez du laguntzen, baina errango nuke Euskal Herri mailan izan direla final parekideak, eta ezin ahaztu Maialen Lujanbio dugula txapelduna. Gaur egun, iruditzen zait emakumezko erreferente faltan baino gehiago, arreta jarri beharko litzatekeela emakume bakoitzak plazaratzeko edo jendaurrean aritzeko pausoa emateko egin behar izaten duen prozesuan. Zergatik dira mutilak, maila okerragoa izanik ere, lotsagabeago pausoak emateko? Zergatik hartzen dute errazago bertsolari izateko erabakia? Berriz, emakumeek prozesu konplexu bati egin behar izaten diote aurre horretara ailegatzeko. Nire ustez, hor dago gakoa.

Igandean eginiko bertsoan aipatu zenuen: alaba gisa hasi zinen bertsolaritzan. Horrek baldintzatu du ibilbidea?

Manolo Arozenaren alaba gisa hasi nintzen, nahiz eta aita plazaratu zenerako jada hasia nintzen gauzak egiten. Alaba modura hasi nuen txapelketen ibilbidea, eta, halakoetan, aita-alabak ginen kantatzen genuenak. Keinu bat egin nahi nuen. Erraten dudan bezala aurtengo finalista ia-ia guziekin izan naizela bertso eskoletan, ni ere ez naiz txanpiñoi bat; ni ere inguru batetik atera naiz.

Ondotik, baina, hazten ikusi dituzu bertsolari horiek guztiak. Harro zara hori ikusirik?

Bertso ama nintzela esan nuen bertsoan, besteak beste ongi zetorkidalako errima aldetik, baina, egia erran, momentu batean zalantza egin nuen. Ni izan naiteke bidelagun, laguntzaile, eskaintzen ahal dut espazioa aritzeko, garatzeko, baina lana norberak egiten du. Harro egotekoa da finalistak han ikustea, baina nik ez dut inor jo nire makila magikoarekin, ez dut inor egin bertsolari.

1991n azaldu zinen lehen aldiz plazara. 30 urte joan dira. Asko aldatu da plaza giroa?

Gauzak aldatu dira. Askotan, ia-ia bertsotan jakin gabe hasten ginen plazetan, nolabait erranda, hiruzpalau bertso erdi buruz erdi bat-batekoak emanda. Gainera, uste dut orain publikoa askoz exijenteagoa dela garai hartakoa baino.

Zertan sumatzen da aldaketa?

1990eko hamarkadan, publiko gehiena oso hasiberria zen. Orain, berriz, publikoak badu maila bat. Beste garai batean, bertsoa egite hutsa meritua zen; orain, egitearekin ez da aski. Testuingurua asko aldatu da. Gogoan dut aldi batean gatazka zegoela telebistarekin, eta ez zela modurik telebistan bertsoak aditzeko. Orain askoz eskuragarriago dago dena.

Bertsoak egiteko maneran ere bada alderik?

Hori da, hain justu, gutxien aldatu dena; bertsoa bera. Teknikoki, agian, bai, sumatzen da jendea prestatuago dagoela, baina errango nuke bertsoa egiteko era dela birjinen mantendu dena.

Agertokiak utziak dituzu oraingoz, eta bertsolaritza irakasle zara, hezkuntza arautuan zein bertso eskoletan. Asebetea zara plazetatik kanpo ere?

Baietz errango nuke. Halere, erran beharra dut nik ez nuela egun batetik bestera utzi plaza. Luze izan nintzen irakaskuntza eta plazak uztartzen. Pixkanaka, irakasle rola karga handiagoa hartzen hasi zen, eta zaila zen plazak eskatzen duen erritmoari eustea. Nik ez dut asko sufritzen nerbio aldetik, eta bizimodu hori oso polita da, baina gogorra ere bazen. Horregatik, alde batetik bai sentitzen dudala bertsogintzari gehiago eman ez izanaren damua. Dena dela, gustatzen zait nire irakasle bizitza. Bertsolaritza saioak ez balira, agian matematikako irakasle nintzateke. Gustura aritzen naiz. Tarteka, sartzen zaizu nolabaiteko krisi existentzialik, baina argi dut luze arituko naizela honetan.

Azken urteetan, Nafarroako txapelketak ahalegina egin du bertsoa herrialdearen eremu euskaldunetatik harago eramateko. Izan dira saioak Izaban, bai eta Tafallan ere. Zer iritzi duzu?

Saioa Alkaizaren garaipena nolabait izan bada naturaren miraria, hori da Nafarroa ere. Joan zaitezke Izabara edo Tuterara, eta ziur aurkituko duzula euskaltzale bat eskertua bertso saio batera joate hutsagatik. Halakoetan, beti dago zure lana bihotzez eskertuko duen norbait. Nafarroa ez da Lesaka; Cascante ere bada. Eta, batez ere, bertsolaritzaren erakusleiho diren saio horietan egin behar da herri horietara joateko ahalegina. Nafarroa ez da Belatetik goitikoa: Nafarroa desberdin pila bat daude, eta denak dira gure. Txapelketak aukera ematen du haizea hain kontra duten eskualdeei keinu bat egiteko.

Berriki, iragarri dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren hurrengo finala Nafarroan izanen dela. Zeren seinale da?

Egundoko indar sinbolikoa du. Finala Donostiako belodromoan izaten zenean, bazirudien ezinezkoa zela handik ateratzea. Bertsolaritzaren irudia oso gipuzkoarra zen. Gero, finala Barakaldoko [Bizkaia] BECera eraman zenean, erakutsi zen hori ere posible zela eta deus ez dela aldaezina. BECen ere, lehenbiziko urtetik bete zen aretoa, eta uste dut betekada horiek beste aldaketa bat ari zirela eskatzen jadanik. Iruñeko finala emozioz betea izango da.